Idazle eta itzultzaile gazatarra

Sondos Sabra: «Gazan biziaren zain gaude oraindik, baina esperoak amaigabea dirudi»

Gazako setioa nola bizitzen ari den, palestinarrak nola ari diren sarraskituak izaten kontatu du Sabrak. «Hementxe gaude, geure herrian bertan zapalduta, egunak zenbatzen, egunak behar ez den bezala izendatzen».

Hiru palestinar, Khan Yunisen oinez, irailaren 19an. MOHAMMED SABER / EFE
Hiru palestinar, Khan Yunisen oinez, irailaren 19an. MOHAMMED SABER / EFE
2024ko urriaren 6a
05:05
Entzun

Sondos Sabra 25 urteko idazle eta itzultzaile gazte bat da, Gazan jaioa. Hiri hartako Unibertsitate Islamikoan Ingeles Ikasketetako gradua eginda, Palthink egitasmoan lanean hasi zen «ikerketa laguntzaile bihurtzeko esperantzaz»; hala kontatu du azkenean Gazara argindarra itzuli eta BERRIAk harekin harremanetan jartzea lortu duenean.

Xaghaf izeneko gazte egitasmoaren fundatzaileetako bat da Sabra —testuen eta literatur lanen inguruko eztabaidak antolatzen dituzte han—. Israel Gazako zerrenda bonbardatzen hasi zenean, Gaza hirian harrapatuta geratu zen Sabra, eta han dago gaur egun ere.

Eta urak harrotuta datoz Sabraren baitan. «Nola ohituko dira, ba, palestinarrak azken hilabeteetan gertatu den guztira? Gure hiria, txikituta; gure herria, bere oinarrizko duintasunaz gabetuta… Gerraren pusketek, errebotean, arima jo digute bete-betean, eta poza ebatsi digute. Baina utz dezagun albo batera metaforen anbiguotasuna, eta egin dezagun ahalegina ahalik eta argien hitz egiteko. Gerra honek akitu egin gaitu, ahitu, higatu. Israelen okupazio armen kolpea hartu ez dutenek ere asko sufritu dute: leher eginda daude, gorputz eta gogo. Hementxe gaude, geure herrian bertan zapalduta, egunak zenbatzen, egunak behar ez den bezala izendatzen».

Palestinarrak sarraskitzen ari dira. Hamabi hilabetean, bonbak, heriotza eta suntsipena besterik ez dute izan. «Badakizu zer?», esan du Sabrak. «Gerra aurretik, irrikaz nengoen urrunago begiratzen lagunduko zidan edozein aukeraz baliatzeko, eta izena eman nuen Amideast-en, Europako Batasunaren eta halako beste erakunde batzuen trebakuntza programa internazional batzuetan. Garai hartan, itxaropen printza bat ziren programa haiek niretzat: leiho bat, Gazako hormetatik askoz ere harago hedatzen zen mundu batera irekia. Denborarekin, ordea, konturatu nintzen erakunde haiek esperantza ahul bat baino ez zidatela ematen. Gerrek aurrera zirauten, eta Gazako gazteak gero eta ahituago geunden: bazirudien munduak bizkarra eman zigula. Munduko jokaleku orokorrean, ez ginen jada bazter zoko ahaztu bat baino askoz gehiago; horixe sentitzen dut orain behintzat».

Sabrak beti izan du jakin-mina zer ote zegoen Gazako hesiaz bestaldeko mundu horretan; beti nahi izan du bestelako kulturak ezagutu: «Maiz, mundu birtualera jotzen nuen beste kultura batzuen berri izateko, ahal nuen guztia eginez erasogunetik harago iristeko. Behin, Indonesiako neska bat ezagutu nuen ingelesa ikasteko aplikazio baten bidez. Erresuma Batuan bizi zen, eta, nire asmoen berri kontatu nionean, ikasketetan han segitzeko bekaren bat eskatzera animatu ninduen. Haren hitzek txinparta bat piztu zidaten. Nekagaitz aritu nintzen agiriak lortzen eta nire bizitzako hurrengo atala izatea espero nuen hartarako prestatzen: maisutza gradu bat Erresuma Batuan. Eta, justu pausoa emateko prest nengoela, berriz hasi zen gerra. Hain kontuz prestatua nuen amets hark ihes egin zidan eskuetatik».

Eta ez zen astirik izan amets horri berriz heltzeko ere. 2023ko urriaren 7an, sabratarrak oliba biltzeko prestalanak bukatzen ari ziren, urtero bezala. «Guztiok egoten gara erritu horren zain ilusio handiz, ume eta zahar. Gure aitak eskailera berri bat erosia zuen, eta gure anaia gazte Mahmudek kristalezko botila bat gordea zuen, oliba olio berri-berriz bete eta eskolako lagun bati opari emateko. Palestinan tradizioa baita oliba olioa oparitzea: estimua eta errespetua adierazten duen sinbolo bat da. Lagunei ematen zaie, edo zerbait lortu duen norbaiti; ezkonberrientzat ere bedeinkazioa da, eta etxetik urrun daudenentzat, berriz, bizigaia».

(ID_14300471) SONDOS SABRA. GAZA.
Sondos Sabra.

Olibak biltzeko lana bera, Sabrak azpimarratu duenez, gogorra da. «Baina gozagarria ere bada guztiontzat. Denok aritzen gara: batzuek hostoak hedatzen dituzte lurrean; beste batzuek beheko adarretatik biltzen dituzte olibak; eta lirainenak, berriz, eskailerara igotzen dira, goreneko adarretara iristeko. Gure aitak beti esaten digu eskuz biltzeko olibak, aitonak egin ohi zuen bezala. Nire ustez, hala arituta ez zaie hainbesteko kalterik egiten arbolei, eta gero olioa goxoagoa ateratzen da, kalitate hobekoa».

Urriaren 7an, Sabraren lau urteko ahizpa, Fatima, goiz esnatu zen, «beti bezala; eta, iratzargailutxo bat balitz bezala, ederki arduratu zen etxeko inor lo ez geratzeaz. Gure katu Oscarrek ere badaki ezin diela ez entzun egin haren deiei. Egun hartarako behar genituen gauza guztiak sartu genituen autoan —eskailerak, izarak, sukaldeko tresnak—, eta gure lursailera joan ginen. Kafea hartu gabe geunden oraindik, asmoa baikenuen hantxe bertan prestatu eta hartzeko, nork bere lanari ekin aurretik denok batera gosariaz gozatzeko».

Baina hauxe da Sabraren oroitzapena: «Iritsi orduko, leherketak entzuten hasi ginen denean, bata bestearen atzetik, gure bihotzaren taupadak baino azkarrago. Nahasmena nagusitu zen. Beste gerra bat ote zen? Ez ote zuen, ba, Israelek aski odol isuri lehenago ere, gerretan eta indarkeria areagotu izan zuen aldietan? Baina orduan konturatu nintzen suziriak Gazatik zetozela. Galdera mordo bat piztu zitzaidan. Zerbaitek huts egin ote zuen erresistentzia suzirien sistemetan? Erantzuna jakin baino lehen, ordea, gure ahizpa Fatimaren garrasi laborrituek zulatu zidaten gogoeta. Sendo besarkatu nuen, hura lasaitzeko ahaleginean, baina ezin izan nuen. Oso ondo nekien nolako beldurra zeukan; neuk ere sentitua bainuen umetan. Eta nire birikek gogoan zuten aireko bolboraren erremina».

Sabratarrek etxera bueltatzea erabaki zuten, egoera baretuko zen itxaropenez. Idazle gazteak zera kontatu du itzulerako bidaiaz: «Jendea xuxurlaka esaten zebilen Israelek Hamasen buruzagi nagusietako bat hil zuela, eta Hamasek, erantzuteko, suziriak jaurti zituela. Ez nintzen harritu. Israel aspalditik ari zen buruzagi, akademiko eta intelektual palestinarrak hiltzen. Palestinar bakar bat ere ez dago salbu. Haientzat, palestinarrak existitze hutsa mehatxua da. Anaiak proposatu zigun hornigaiak hartzea, egoera larritu eta bolada batez etxetik irten ezinda gelditzen baginen ere. Supermerkatura presaka joan, behar genuena erosi, eta etxera itzuli ginen. Uste genuen astebete iraungo zuela, agian hilabete. Baina, egunak joan ahala, gero eta okerrago zegoen dena. Eta gaur ere, egun hartatik ia urtebetera, gainean daukagu gerraren zama».

«Palestinar bakar bat ere ez dago salbu. Haientzat, palestinarrak existitze hutsa mehatxua da»

Gerra urte honetan, beste milaka familia palestinarrek bezala, sabratarrek ere hurkoak galdu dituzte, lagunak, eta Sabrak dioen bezala: «Gure geure parte batzuk ere bai. Badirudi tentagarriegi bihurtu dela gure odola, eta herio tentatzen duela alde guztietatik guri erasotzera. Dela Estatu Batuetan fabrikatutako misil bat, dela beste armaren bat, badirudi herio nonahitik datorkigula bila. Jada ez diot beldurrik heriotzari, baina bai jada nire antzik ez duen bizitza honi».

Dena dela, okerrena zera da, haren hitzetan: «Ezin galdera bati eutsi: alegia, zergatik jarri ote den mundu osoa ados ni hiltzeko. Burura datozkit giza eskubideak, emakumeen eskubideak eta umeen eskubideak: herrialde guztiek sinatua dute eskubide horiek babestuko dituztela. Eta palestinarrak zer? Eskubide horietatik kanpo utzi dituzte? Eta non daude nire herrikide arabiarrak, nire historia eta hizkuntza bera duten horiek? Non da mundua?». Izan ere, Sabraren hitzetan, «tragedia ez da soilik mundua ez dela gai guk bizitzeko dugun eskubidea babesteko: tragedia da gure eraileak txalotzen dituztela, eta ‘defentsa legitimorako eskubide’ esaten diotela horri».

Aurtengo maiatzaren 12an, Israelek hiru iloba hil zizkion Sabrari: Omar, Aya eta Ahmad; baita ume horien iloba bat ere, sei hilabete besterik ez zuena. «Baina Israel ‘terrorismoa’ deuseztatzen baino ez omen da ari. Maiatzaren 12 hartan, terrorismoa nire iloba Omarren gorputzean ezkutatuta bide zegoen antza, edo haren bihotzean agian, edo haren ile kizkurrean; hortaz, zer, eta hil egin zuten. Bi misil jaurti zituzten Omarren, haren anai-arreben eta haien iloba Silaren gainera. Silak sei hilabete besterik ez zeukan. Denak hil zituzten».

(ID_14244081) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Andre bat Khan Yunisen, irailaren 10ean. MOHAMMED SABER / EFE

Beste egun batean, «misil batek, nahita edo nahi gabe, Ahmed jo zuen. Alaba bat edukitzear zegoen Ahmed, hari ongietorri egiteko zain, urte luzez ume bat edukitzen saiatu ondoren. Horiek denak, ume horiek, nire ahizpen seme-alabak ziren, nire bihotzaren parte ziren. Bere garaian, pozez bete zidaten bizitza, eta orain, berriz, bakardade hau geratu zait, bakardade jasanezin bat».

Gaur egun, oraindik ere, ziurgabea da egoera. «Inork ez daki zer ekarriko duen biharko egunak», dio Sabrak, «eta are gutxiago datorren urteak. Kontrol falta hau, kaos hau, zoratzeko modukoa da nire gisako norbaitentzat, nik beti premia izaten baitut planak egiteko eta gauzak ondo antolatzeko. Baina okupazio baten mende bizi zarenean, kaosa da errealitatea. Bizitza sorpresaz betea dago, baina sorpresak, Gazan, ia inoiz ez dira atseginak izaten».

«Tragedia da gure eraileak txalotzen dituztela, eta ‘defentsa legitimorako eskubide’ esaten diotela horri»

Dozenaka mila palestinarren bizitza suntsitu du genozidioak. Eta mundua, isilik. «Etengabe ditut gogoan nire amets haiek, eta dena aldatu aurretik neukan bizimodu hura. Garai hartan, zailtasunak zailtasun, beti egiten nuen aurrera —sozialki, mentalki, fisikoki— gauza hobe baterantz. Baina, egun hartatik, bizitza geldi dago. Iaz, gure ahizpa Fatima eskolan hastekoa zen, baina gaur egun ez daki eskola hitzak zer esan nahi duen ere. Jendea, etxea galtzen duenean, eskoletara joaten da; beraz, ahizparentzat horixe baino ez dira eskolak. Eta jendea, gainera, inoiz aurkitzen ez duen segurtasun baten bila joaten da eskoletara, zeren Israelek UNRWAren eskolak berak ere bonbardatzen ditu. Fatimak arrastorik ere ez du zer den adierazpena lantzeko eskola batera joatea, edo arte eskola batera. Oraintxe paper bat emango bazenio, segur aski etxe baten hondakinak marraztuko lituzke, eta, inguruan, zenbait haurren gorputz adarrak. Gazan biziaren zain gaude oraindik, baina esperoak amaigabea dirudi. Gutxienez, oraindik ez dut burua galdu: horixe da nire garaipena. Gertatu den guztia gertatuta ere, gizakia naiz oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.