Gazan 800 laguntza kamioitik gora sartu dira menia hasi denetik

Akordioaren arabera, asmoa da egunean 600 kamioi humanitario sartzea. Israelek aske utzi ditu aurreneko 90 preso palestinarrak; horien artean, Khalida Jarrar PAHFeko liderra.

Kamioi humanitarioak, Egiptoren eta Gazaren arteko mugan zain, atzo. MOHAMMED HOSSAM / EFE
Kamioi humanitarioak, Egiptoren eta Gazaren arteko mugan zain, atzo. MOHAMMED HOSSAM / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 20a
14:48
Entzun

Israelek eta Hamasek adostutako su etena atzo goizean sartu zen indarrean, eta, oraingoz, betetzen ari dira akordioan zehaztutako puntuak; adibidez, egunean 600 laguntza kamioi sartzea Gazan. Hain zuzen, atzotik 800 kamioi humanitario baino gehiago sartu dira zerrendan: 630 iritsi ziren atzo bertan, eta, gaur, 200 baino gehiago iritsi dira oraingoz.

OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak jakinarazi duenez, Gaza iparraldera eraman zituzten atzoko kamioien erdiak, eremu hartan izan baita kalte gehien Israelen erasoaldiaren ondorioz. «Ez dago denbora galtzerik; hamabost hilabeteko gerra krudelaren ondoren, behar humanitarioak izugarriak dira», adierazi du ohar baten bidez erakunde horretako idazkariorde Tom Fletcherrek. Haren arabera, hainbat eremutan zaila da bidean aurrera egitea, hondakin asko daudelako kalean pilatuta.

Gaza helmuga duten kamioiak elikagaiz, edateko urez eta osasun baliabidez beteta daude; halaber, asmoa da egunean erregaia daramaten 50 kamioi sartzea. Hala, meniak ahalbidetu duen laguntza humanitarioaren iritsiera txalotu du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Philippe Lazzarinik, sare sozialetan idatzitako mezu baten bidez, eta nabarmendu du: «Su etenak indarrean jarraitu behar du akordioaren elementu guztiak bete direla ziurtatu arte».

Laguntza humanitarioa Gazara iristen dela bermatzea ez ezik, gatibuen eta preso palestinarren trukea ahalbidetzea ere bada Israelek eta Hamasek adostutako meniaren puntu nagusietako bat. Palestinako erakunde islamikoak hiru bahitu israeldar askatu zituen atzo arratsaldean; trukean, Tel Avivek 90 preso palestinar askatu ditu bart. Hamasek aske utzitako lehenengo gatibuak 24 eta 31 urte arteko hiru emakume dira, eta Israelen daude jada. Horietako batek, Emily Damarik, israeldar eta britainiar herritartasuna duen 28 urteko emakumeak, eskerrak eman dizkie 2023ko urriaren 7az geroztik gatibuen alde mobilizazioak egin dituzten plataforma guztiei, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez. «Nire bizitzako egunik zoriontsuena da», gaineratu du.

Emakumeak eta haurrak dira Israelek aske utzitako aurreneko 90 presoak, eta dagoeneko ailegatu dira Zisjordaniara; horien artean, Khalida Jarrar PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko liderra. Jarrar sei hilabete egon da preso Israelgo espetxe batean, erabat bakartuta, atxiloaldi administratibopean. Atxiloaldi mota horrek bide ematen du akusatua denbora mugagabean espetxeratzeko, epaiketarik egin gabe.

Khalida Jarrar, PAHFeko liderra, bart, Zisjordaniara iritsi berri. ALAA BADARNEH / EFE
Khalida Jarrar, PAHFeko liderra, bart, Zisjordaniara iritsi berri. ALAA BADARNEH / EFE

Presoekin izan den iturri bat aipatuz Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, «osasun egoera tamalgarrian eta oso ahul» daude Israelek askatu dituen pertsona guztiak; eta iturri horren arabera, horrek «argi» erakusten du preso palestinarrak zein «baldintza kaskarretan» dauden Israelgo espetxeetan. Horixe bera salatu du Hamasek, gaur goizean kaleratutako komunikatu batean: «Aske utzi ditugun hiru gatibuak osasun fisiko eta emozional paregabean daude; kontrara, Israelek aske utzi dituen preso palestinarrak ahul eta osasun egoera kaskarrean daude. Horrek argi uzten ditu okupazio faxistaren balioen eta erresistentziaren balioen arteko desberdintasunak».

Palestinar andana gerturatu dira askatutako presoei ongietorria ematera, eta, bitartean, kolono batzuek indarkeriazko ekintzak egin dituzte Zisjordaniako hainbat eremutan. Israelgo GKE gobernuz kanpoko erakunde Yesh Dinek eman du eraso horien berri, X sare sozialaren bidez. Erakunde horren arabera, kolono israeldar batzuek su eman diete palestinarren etxe batzuei, eta harriak jaurti dituzte haien ibilgailuen aurka. Erasoak Sinyil, Ein Sinya, Turmus Ayya eta Al-Lubban ax-Xarqiya herrietan izan dira.

Smotrich, berean

Sei orduko eztabaidaren ondoren, Israelgo Gobernuak ostiral gauean eman zion oniritzia Hamasekin adostutako su eten akordioari: 24 ministrok horren alde egin zuten, eta zortzi ministrok, berriz, aurka. Finantza ministro Bezalel Smotrich izan zen aurka agertu ziren agintarietako bat, eta, menia indarrean egonda ere, jarrera berari eusten dio oraindik, gaur goizean Israelgo armadako irrati katean egindako adierazpenei erreparatuta. «Israelek Gaza oso-osorik okupatu behar luke», esan du. Are, Israelgo armadaren kontra egin du, iritzita horko buru Herzi Halevi ez dela kargu horretan egoteko «pertsonarik egokiena».

Meniaren harira barne ika-mikak izan dira Israelgo Gobernuan, akordioaren aurka agertu baitira kiderik eskuin muturrekoenak, hala nola Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvir eta Smotrich bera. Bozketan, ordea, su etenaren alde egin zuTen ministro gehienek; ondorioz, gobernutik irtetea erabaki zuen Ben-Gvirrek. Smotrichek, ordea, gobernuan jarraitzea erabaki du. Hori bai, baldintza gisa jarri du meniaren ondoren Hamas «erabat suntsitzea».

itsaso gorriko erasoak mugatuko dituzte huthiek

Israelen eta Hamasen arteko su etena indarrean dagoen artean, Itsaso Gorriko erasoak mugatuko dituztela jakinarazi zuten atzo Yemengo matxino huthiek. Komunikatu baten bidez adierazi zutenez, Israelekin lotura zuzena duten ontziei bakarrik egingo diete eraso; haien arabera, erasoak behin betiko etengo lituzkete baldin eta su etenaren fase guztiak adostutakoari jarraituz betetzen badituzte. 2023ko urriaren 7tik, Yemengo matxino huthiek ehun ontziri baino gehiagori egin diete eraso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.