Medikua

Ghassan Abu Sitta: «Gazakoa aurrekari bat izanen da: osasun sistema suntsitzea da lur errearen politika berria»

Israelek genozidio ekosistema bat sortu nahi izan du Gazaren kontrako erasoaldian, ospitaleak porrokatuz eta mediku espezialistak hilez. Halaxe uste du Ghassan Abu Sitta medikuak. Zerrendan izan ondotik solastatu da BERRIArekin.

Ghassan Abu Sitta
Ghassan Abu Sitta
Beirut
2025eko martxoaren 8a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ghassan Abu Sitta britainiar-palestinarra (Kuwait, 1969) mediku militarra da, eta Gazako zerrendan egon zen 43 egunez, bonbak erori bitartean ebakuntzak egiten, Erdi Arokoen pareko setioa jada martxan zela. Abu Sittak gogoan du zein gogorra izan zen haurrei anestesiarik gabe ebakuntzak egitea.

2023ko urriaren 9an sartu zinen Gazan. Ordukotz ezagun zen erasoaldi hau aitzinekoak baino handiagoa izanen zela?

Gau hartan bertan, begi bistakoa zen baietz, Israelek 350 aldiz bonbardatu baitzuen Gaza hiria, eta 1,5 tonako bonbak erabiltzen hasi.

Gazan izana zara aitzineko erasoaldi batzuetan ere. Azkenekoa zergatik da diferentea?

Uholdeen eta tsunami baten arteko diferentzia bera dago lehengoaren eta azkenekoaren artean. Azkeneko hau, gainera, genozidio bat da, ez gerra bat. Gerraren helburua izaten da oraina suntsitzea etorkizuna aldatu ahal izateko, eta genozidioarena, berriz, oraina eta iragana suntsitzea etorkizunik ez izateko.

Osasun sistema suntsitu dutenez gero, gaitz batzuek jotakoak eta zaurituak hil egiten dira. Ur eta saneamendu sistema suntsitzea ez da garrantzitsua arlo militarrean, baina genozidioaren ikuspegitik bai, eritasun infekziosoak izanen baitira horren eraginez. Jendeak ez luke hil behar gaitz jakin batzuengatik, baina hala gertatzen ari da. Nolabait, badaude armez bertzelako hilketa mekanismo batzuk.

Lehenago ere ikusi izanen duzu ospitaleen kontrako erasorik, baina hain sistemakorik bai?

Orain arte egundaino ez dira hain modu sistematikoan egin: ospitaleak porrokatu dituzte iparraldetik hasi eta hegoalderaino. OME Osasunaren Mundu Erakundeak onartu du osasun langileek hagitzez arrisku handiagoa dutela erailak izateko: ehunka hil dira orain arte. Orain hilabete batzuk, Gazako mikrobiologia laborategi zentraleko burua hil zuten israeldarrek, segurtatzeko asmoz epidemia bat izanez gero inor ez dela gai izanen hura gelditzeko.

Noiz ohartu zineten ospitaleak eta eskolak ez zirela leku seguruak?

Urriaren 17an, Al-Alhi ospitalean. Tapez taperaino betea zen. Ospitalea Eliza anglikanoarena da, eta, beraz, jendea seguru sentitzen zen han, uste baitzuten mendebaldarrena zenez ez zela deus gertatuko. Historiari erreparatuz, sarraskien egileek kamioi batean sartu izan dituzte gorpuak, eta bertze norabait eraman, frogak gordetzeko. Konparazio batera, urteak behar izan ziren Srebrenicako biktimen gorpuak aurkitzeko. Israeldarrek, ordea, Al-Xifa ospitalearen pareko hobi komun batean lurperatu zituzten han hil zituzten laurehun lagunak, eta anitzik tapatu ez, aurkitu zitzaten.

Zergatik ausartu ote dira halakoak egitera? Botere handiegia dutelako?

Indarkeria kolonialak performatiboa izan behar du, eta bertakoak inarrostea du helburu, kolonoa ahalguztiduna dela eta ezaugarri jainkotiarrak dituela adieraztea. Hau da, «arrunt mendean hartua zaitut» erratea. Bertzela zergatik hilko zituzten, bada, haur goiztiarrak Gazan, eta haien gorpuak Nasser ospitaleko esku ohe batean utzi, jakinda Gurutze Gorriak aurkitu eginen zituela?

«Orain arteko genozidio bakar batean ere ez da izan hainbertze frogarik erakusteko genozidioa egitea zela asmoa»

Soldaduek berek Instagramen argitaratzen dituzte egindako krimenak.

Orain arteko genozidio bakar batean ere ez da izan hainbertze frogarik erakusteko genozidioa egitea zela asmoa: Netanyahuk hitzaldi batean amalektarrak aipatu izana, gazatarrak giza animaliatzat jo izana… Urriaren 7 arte, palestinarren erranak zentsuratzen zituen Mendebaldeko prentsak, haien ahotsa ez zedin ailegatu mendebaldarrengana. Orain, berriz, israeldarrak zentsuratzen dituzte, ez dezaten are ageriago utzi zertan ari diren. Zenbaitek aho betean aipatzen dute azken soluzioa, baita palestinarrak desagerrarazi beharra ere.

Zenbaitek sinetsi nahi ez dituzten gauzak salatu dituzte Gazako medikuek: bertzeak bertze, haurrei nahita eraso dietela.

Bai, 11.000 haur palestinarrek anputazioak dituzte. Gehiago dira Afganistanen 1979az geroztik eta Iraken 1980az geroztik izandakoak baino. Gazako ebakuntza geletan artatzen diren zaurituen %50 haurrak dira.

Israelek xehatzen den munizio mota bat erabiltzen du.

Puskatu eta disko metalikotan banatzen diren misil batzuk dira, eta puskak ziztu bizian zabaltzen dira, horizontalean. Ahal bezainbat jende eramaten dute aitzinean. Ikusi dugu jende anitzi moztu diotela burua edo gorputz atalen bat.

Gerra gaur bururatuko balitz, zer ondoriok iraunen lukete betiko?

22.000 umezurtz daude, eta 90.000 haurrek baino gehiagok dituzte gerrako zauriak. Gerrako zauriren bat duen haur batek 8-12 ebakuntza behar ditu heldu arte. Genozidio ekosistema bat sortu dute, eta haren bidez jendea hilko dute hemendik aitzinera ere, nahiz eta armak isildu. Bertzeak bertze, ura tratatzeko eta saneatzeko zentroak suntsitu dituzte, baita herritarren etxeen %80 ere, eta, beraz, behartuak daude jendez gainezka dauden kanpalekuetan bizitzera. Ekonomia suntsitu dute, baita nekazaritza ere, eta horrek guziak hainbat belaunaldiz eraginen dio jendearen bizimoduari.

Psikologikoki, posible ote da Gazakoentzat gerra hau amaitzea?

Halako traumek belaunaldi bati baino gehiagori eragiten diete: horren erakusgarri dira armeniarren kontrako genozidiotik bizirik ateratakoen ondorengoak. Hainbertze odol isurtzeak jendearen historia baldintzatzen du.

Gazakoa aurrekari bat izanen da.

Akademia militarretan erakutsiko dute osasun sistema suntsitzea funtsezkoa dela lur errearen politika berria aitzinera eramateko: osasun sistemarik ez bada, jendeak eskapu egiten du. Bertze gerra batzuetan ere ikusiko dugu.

Uste duzu posible dela Gazako gizartea berreraikitzea Israelen ondoan egonda?

Galdera da sionismoak nola egiten ahalko duen aitzinera baldin eta genozidioa geldiarazten bada. Agerikoa da israeldarrek bat egin dutela azken soluzioaren aldeko pentsaerarekin. Gainerako gizaki guzientzat ametitu ezinezkoak diren gauzak erraten, pentsatzen eta justifikatzen dituzte.

Iruditzen zaizu krisi moral betean dagoela gizartea eta horren eraginez aldatu eginen dela gerrak definitzeko modua?

Eric Hobsbawmek erraten zuen mende bakoitzak bere bereizgarriak dituela, eta uste dut oraingo hau genozidioaren mendea dela. Izan ere, sobran diren herritarrak dira munduko kapitalak bideratu beharreko krisirik handiena, eta Israelek erakutsi du genozidioak modua ematen duela sobran diren herritar horiek kudeatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.