Gazaren eta Egiptoren arteko Rafahko pasabidea zibilentzat ireki dute gaur, urriaren 7an hasi zen oldarraldiaz geroztik lehen aldiz. Reuters agentziaren arabera, Qatarrek rol garrantzitsua jokatu du pasabidea irekitzeko; akordioa Egiptoren, Israelen, Hamasen eta Qatarren artean itxi dutela zehaztu du agentziak, AEBen oniritziarekin. Gaur hasi dira lehen zaurituak eta atzerritarrak Egiptora pasatzen, eta bihar da amaitzekoa operazioa, Gazako Mugen eta Pasabideen Autoritate Nagusiaren arabera. Guztira 80 zauritu pasako dira soilik, baita beste 500 lagun ere; atzerritarrak eta bi nazionalitate dituztenak denak.
Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera urriaren 7tik Israelen bonbek zauritu dituzten 22.219 pertsonekin alderatuta, baina, proportzio txikia da (%0,4) ebakuatutako zaurituena. Hori da, hain zuzen ere, OME Osasunaren Munduko Erakundeak adierazi duena, Gazan mediku-laguntza behar duten askoz biztanle gehiago daudela gogorarazi baitu. Rafahko pasabidetik bost kilometrora, Sinai penintsulako Sheikh Zuwayed herrian, behin-behineko ospitale bat ireki du Egiptok, eta akordioa gertu zela, atzo, hamar anbulantzia gerturatu zituen mugara.
Egipto da Gazarekin muga egiten duen herrialde arabiar bakarra, baina Israelekin harreman diplomatiko egonkorrenak dituenetariko bat ere bada. Hala ere, urriaren 7tik tira-birak ditu Israelekin Gazako errefuxiatuen aferan, eta Egiptok atzo adierazi zuen ez duela «sekula» onartuko Palestinako gatazka bere bizkar amaiaraztea.
Jabalia, bonbapean berriro
Israelek berriro bonbardatu du gaur Jabaliako errefuxiatuen kanpalekua, Gaza iparraldean. Israelgo Defentsa Indarrek beraiek baieztatu dute erasoa. Atzoko bonbardaketan 100 pertsona baino gehiago hil zituzten, eta gaurkoan, berriz, «dozenaka» izan dira hildakoak, Palestinako Wafa agentziaren arabera.
Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren bozeramaileak adierazi du Guterres «guztiz beldurtuta» dagoela eraso horrekin. Halaber, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak esan du Jabaliako erasoan «gerra krimen zantzuak» somatu dituela.
Bestalde, Israelgo armadak baieztatuta, Gazako lurreko operazioetan lehen soldadu israeldarrak hil dira. Gutxienez hamabost dira hildakoak, horietako bederatzi tankeen aurkako misil baten eztandagatik. Israelgo armadak gaur baieztatu du Gazan «asko barneratu» direla, «Gaza hiriaren atarian» daudela nabarmenduz.
Bolivia eta Israel
Boliviak harreman diplomatikoak hautsi zituen atzo Israelekin, eta Latinoamerikako gainontzeko herrialdeei «antolatzeko» dei egin zien, Palestinako arazoari «egiturazko irtenbide» bat bilatzeko.
Maria Nela Prada Boliviako Presidentzia ministroak iragarri zuen erabakia. Pradaren esanetan, Luis Arce presidenteak neurri hori hartu zuen Israelen erantzun «erasokor eta neurrigabea» arbuiatzeko. Txilek eta Kolonbiak gogor salatu dituzte Israelen bonbardaketak, eta Tel Aviveko enbaxadoreekin hizketan dabiltza erabakiren bat hartzeko. Jordaniak Tel Aviveko enbaxadorea kendu du, Israelek erasoa geratu arte.
Itsaso Gorrian ere goritzen ari da egoera. Atzo Yemengo huthiek misil eta drone batzuk jaurti zituzten Israelen aurka. Benjamin Netanyahuren gerra gobernuak ez du fronte gehiagorik nahi, eta Israelgo armadak misilez kargaturiko gerraontziak zabaldu ditu Itsaso Gorrian, AEBetako Pentagonoarekin batera.
Hala, huthiak zokoratu nahi ditu Tel Avivek. Batetik, fronte gehiago ez izateko, Gazatik, Libanotik eta Siriatik egiten ari baitiote eraso. Bestalde, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Israelera doalako etzi, eta «segurtasuna» handitu asmoa dute bertan.