Gazako «tragediaren» inguruan ez dela isilduko esan du Kamala Harrisek

Netanyahurekin elkartu ondoren, erabateko babesa adierazi dio Israeli, baina eskatu dio «ahalik eta lasterren» onartu dezala AEBek proposatutako su etena.

Kamala Harris eta Benjamin Netanyahu
Kamala Harris eta Benjamin Netanyahu, atzo Washingtonen egindako bileran. KENNY HOLSTON / EFE
Iker Tubia.
2024ko uztailaren 26a
14:30
Entzun

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa AEB Ameriketako Estatu Batuetan da egunotan, eta Joe Biden AEBetako presidentearekin eta Kamala Harris presidenteordearekin bildu zen atzo. Harrisek du demokraten presidentegaia izateko aukera handiena, eta, Netanyahurekin egindako bileraren ondoren, zeresana eman dute prentsa aurrean egindako adierazpenek; Israelen alde agertu bazen ere, esan baitzuen ez duela «beste alde batera begiratuko» Gazako palestinarren sufrimenduaren inguruan. Su etenerako proposamena «ahalik eta lasterren» onartzeko eskatu zion Israelgo lehen ministroari.

Netanyahurekin elkartu ondoren, Harris bakarrik agertu zen prentsaren aurrean: «Ikaragarria da Gazan azken bederatzi hilabeteetan gertatu dena. Irudietan hildako haurrak ikusi ditugu, eta etsita eta gosez direnak ihesi, leku seguru baten bila, batzuetan bigarrenez, hirugarrenez edo laugarrenez lekualdatuta». Horrelako «tragedien» inguruan ezin dela beste albo batera begiratu esan zuen. «Sufrimenduari ezin diogu entzungor egin. Ni ez naiz isilduko». Argi utzi zuen Israelen «segurtasunarekin» eta «existentziarekin» duen konpromisoa «irmoa» dela, baina zibil «gehiegi» hil dituztela Gazan.

Hori dela eta, AEBek egin duten su-eten proposamena onartzeko eskatu zion Israelgo lehen ministroari. «Gerra hau bukatzeko garaia da, eta gerra honek bukatu behar du Israel segurua izanda, bahitutako guziak askatuta, Gazako palestinarren sufrimendua bukatuta eta palestinar herriak askatasunerako, duintasunerako eta autodeterminaziorako duen eskubidea baliatzeko aukera izanda».

Horretaz gainera, Hamasek iazko urriaren 7an bahitutakoak gogoratu zituen Harrisek, eta AEBetako herritartasuna duten bahituen izen-abizenak esan zituen banan-banan. Azken horien familietako kideekin behin baino gehiagotan bildu dela azaldu zuen. «Biden presidentea eta biok egunez egun ari gara lanean etxera itzul daitezen», gaineratu zuen.

Bidenekin alderatuta, Gazako sarraskiaren inguruan irmoago mintzatu zen Harris, baina ez zen urrundu presidenteak Ekialde Hurbilean egindako politikatik. Israeli babes osoa eskaini zion: «bere burua defendatzeko duen eskubidea» berretsi zuen, eta Hamas «talde terrorista basatia» dela gaineratu. «Israelgo Estatua eta juduak akabatuko dituela zin egin du Hamasek», gaineratu zuen.

Ez hori bakarrik: asteazkenean AEBetako Kongresuaren kanpoaldean Palestinaren alde egindako protestak gaitzetsi zituen, «antisemitak» eta «aberriaren kontrakoak» zirelakoan, eta Hamasekin lotu zituen. Hain justu, 5.000 lagun inguru bildu ziren Netanyahuren bisitaren kontra protesta egiteko. Are, Etxe Zuriko bozeramaile John Kirbyk prentsaurrekoan esan zuen Netanyahu ez daukatela «gerra kriminaltzat», «adiskidetzat» baizik. Protestan «genozida» eta «gerra kriminal» deitu zioten Israelgo lehen ministroari.

Marrarik zeharkatu gabe

Palestinarrek Gazan bizi duten egoera salatzearekin batera, Israel babesten aritu zen Harris, erdibide bat topatu nahian. AEBetako gizarteari eskatu zion gatazkaren «konplexutasuna» eta «ñabardurak» aitortzeko. «Sarri, eztabaida binarioa izaten da, baina errealitatea oso bestelakoa da». Demokratak jakitun daude Bidenen politikak Alderdi Demokrataren adar ezkertiarrena eta musulmandar estatubatuar asko urrundu dituela.

Esanak esan, Harrisek Israelen alde egin du beti. 2017an Senatuan sartu, eta Israelera egin zuen atzerriko lehenbiziko bidaia. Gainera, bere lehenbiziko ekintzetako bat zera izan zen, ebazpen bat aurkeztea Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Israel kondenatzen zuen ebazpen baten kontra. Urte berean, Estatubatuar-Israeldar Afera Publikoetarako Batzordean mintzatu zen, eta esan «hautsezina» zela bi herrialdeen arteko lotura: «Inoiz ez dugu onartuko norbaitek gure arteko harremana pitzatzerik».

Obamaren babesa

Palestinako gatazka alde batera utzita, presidenteordeak geroz eta babes handiagoa du Alderdi Demokratako presidentegaia izateko. Azkenean, Barack Obama AEBetako presidente ohia ere (2009-2017) haren alde agertu da gaur. Bideo baten bidez egin du; soilik ahotsa aditzen zaio, Harrisekin telefonoz ariko balitz bezala: «Zera esateko deitzen dugu: Michelle [Obama] eta biok ezin harroago gaude zu babesteaz, eta gureak eta bi eginen ditugu bozketa hau irabazi eta Etxe Zurira irits zaitezen».

Ia ziurra da Harris izanen dela Alderdi Demokratako presidentegaia azaroaren 5ean presidentetzarako egitekoak diren hauteskundeetan. Joan den igandean Bidenek bere hautagaitza bertan behera utzi, eta berehala babes zabala lortu zuen Harrisek. Alderdiko 1.976 ordezkariren babesa behar du presidentegai izateko, eta gutxieneko hori aise gainditu zuen bi egun eskasetan. Babes garrantzitsuenetako bat Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearena izan zen. Horrekin batera, Obamaren adierazpena oso garrantzitsua da. Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalean egin beharko dute hautagaiaren izendapena, abuztuaren 19tik 22ra bitartean, Chicagon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.