Gazako su etenerako negoziazioak hozten jarraitzen du Israelek

Libanoko egunkari batek zabaldu duenez, Hamasek bahituak non dauden jakinaraziko dio Israeli, zortzi asteko menia baten truke. Netanyahuren bulegoak, ordea, esan du albistea «erabat faltsua» dela.

Israelgo armadak bart bonbardatutako eraikin bat, Khan Yunisen, Gazako hegoaldean. HAITHAM IMAD / EFE
Israelgo armadak bart bonbardatutako eraikin bat, Khan Yunisen, Gazako hegoaldean. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 8a
14:30
Entzun

Gazarako su etenaren inguruko negoziazioek martxan jarraitzen dute Dohan, Qatarko hiriburuan. Haien inguruko zenbait informazio zabaldu dira azken orduetan. Horietako batek bake akordio posible bat plazaratu du; haren arabera, Hamasek eta Israelek zortzi asteko menia bat adostuko dute Hamasek bahitutakoak non dauden jakinaraziz gero. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, gezurtatu egin du.

Libanoko Al-Akhbar egunkariak, Egiptoko iturriak aipatuz —negoziazioetan bitartekari lanak egiten ari da Egipto, Qatarrekin eta AEBekin batera—, gaur argitaratu du Hamasek bahituen zerrenda bat igorriko diola Israeli. Zerrenda horretan, bahitutakoen kokalekuak zehaztuko dituzte, baita hilik daudenenak ere. Eta trukean Tel Avivek zortzi asteko menia bat onartuko duela azaldu du Libanoko egunkari horrek.

Israelgo agintariek, berriz, gezurtatu egin dute informazio hori. Lehenik, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak esan du truke hori «porrota» litzakeela, eta espero duela gezurra izatea. Geroago, Israelgo Hareetz egunkariak kaleratu duenez, Netanyahuren bulegoak ziurtatu du albistea «erabat faltsua» dela.

Astelehenean, Hamasek meniaren lehen fasean askatuko lituzkeen bahituen zerrenda argitaratu zuten Britainia Handiko BBC hedabideak eta Saudi Arabiako Asharq al-Awsat egunkariak. Netanyahuren bulegoak, ordea, zerrenda hori jaso izana ukatu zuen. Israelgo Gobernuaren arabera, Hamasek 2023ko urriaren 7an bahitutako 251 herritarretatik 96 daude oraindik Gazan; horietatik 34, hilda —Israelek gaur esan du hildako baten gorpua aurkitu duela, zerrenda hegoaldean—.

2023ko urritik, aste beteko su eten bat baino ez dute adostu Hamasen eta Israelen artean. Menia hartan, 2023ko azaroan, bahitutako 105 herritar askatu zituen Hamasek; eta Israelek, 240 preso palestinar.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatu Donald Trumpek Hamasi agindu dio askatzeko bahitutakoak. Atzo gauean —Euskal Herrian goizaldea zela— Mar-a-Lagon (AEB) emandako prentsaurrekoan esan zuen Ekialde Hurbilean «infernua» piztuko dela Hamasek ez badu onartzen bahitutakoak askatzea. Gainera, horretarako epemuga bat jarri du: urtarrilaren 20a. Egun horretan hartuko du AEBetako presidente kargua Trumpek. «Bahitutakoak ez askatzea ez da ona izango Hamasentzat, ezta beste inorentzat ere», gaineratu zuen Trumpek. Aurrez ere zabaldu ditu antzeko mezuak, Truth bere sare sozialean.

Trumpek ordezkari bat bidali du Ekialde Hurbilera, presidente kargua hartu aurretik: Steve Witkoff. Atzo, AEBetako presidente hautatuarekin batera mintzatu zen Witkoff, eta bahituak askatzeko negoziazioak aurrera doazela baieztatu zuen: «Aurrerapauso asko ari gara ematen». Eta gehitu zuen espero duela «berri onak» izatea Trumpek presidente kargua hartzerako. Doharako bidea hartu du gaur.

Erasoak ez dira gelditu

Bake negoziazioek aurrera jarraitzen duten bitartean, Israelgo armadak zenbait eraso egin ditu azken orduetan Gazako zerrendan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 28 palestinar hil dituzte gauerditik. Zerrendako hegoaldean, Khan Yunisko Nasser ospitaleak hogei gorpu jaso dituela jakinarazi du EFE albiste agentziak, ospitaleko iturriak aipatuz.

Israelgo armadak esan duenez, 2023ko urriaren 7ko erasoetan parte hartu zuten Hamaseko kideak izan dituzte jomugan Khan Yunisen bart egindako erasoetan. Gainera, herritarrak zauritzea eragozteko neurriak hartu dituela eta eraso «zehatzak» izan direla ere esan du armadak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, berriz, hildako gehienak haurrak eta emakumeak izan dira.

Beste zenbait eraso ere egin ditu Israelek Gazan azken orduetan. Horietako batean, familia bereko hamar kide hil ditu zerrendaren erdialdeko Beiruj errefuxiatuen kanpalekuan, Al-Jazeeraren arabera. Eta Qatarko hedabideak gehitu duenez, bart gaueko erasoetan gutxienez beste sei herritar hil dituzte, Gaza hirian. Zisjordanian, drone eraso batean, hiru palestinar hil dituzte, tartean bi haur, Palestinako Aginte Nazionalaren arabera.

5.000

 

Zenbat ultraortodoxo errekrutatzea espero duen Israelgo armadak. Judu ultraortodoxoak soldadutza egitetik salbuetsita zeuden, uztailean Israelgo Auzitegi Gorenak neurri hori bertan behera utzi zuen arte. Gaur, armadak esan du 2026rako 5.000 ultraortodoxo errekrutatzea espero dutela. Gobernuak mugatu egin nahi du zenbat ultraortodoxo errekrutatu ahal izango dituen armadak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.