Gazako herritarrek gutxienez egun bat gehiago izan dute bonbardaketak eta erasoak berriz hasi aurretik, Israelen hurrengo olderako prestatzeko. 24 ordu gehiago, laguntza humanitarioa sar dadin zerrendara. Israelek eta Hamasek gaur azken orduan adostu dute su etena bihar goizaldera arte luzatzea —Euskal Herriko 06:00ak arte—. Qatarko Atzerri Ministerioak goizaldean jakinarazi duenez, orain arteko baldintza berak hitzartu dituzte meniaren zazpigarren egunerako ere; Dohaz gain, bi aldeen artean bitartekari ari dira Egipto eta AEB Ameriketako Estatu Batuak. Hain zuzen, Israelen eta Zisjordanian egon da gaur Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruarekin batzartu da, eta duela astebete indarrean sartutako «menia garrantzitsuari jarraipena emateko» deia egin du. Urriaren 7an Israelek Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik, Ekialde Hurbilera egindako hirugarren bisita ofiziala du.
Goizean, tregoa luzatuko dutela iragarri eta minutu batzuetara, Hamaseko bi kidek hiru pertsona hil dituzte, tiroz, Jerusalemgo autobus geltoki batean, eta gutxienez hamahiru zauritu. Organizazio islamistak ohar baten bidez hartu du bere gain erasoa, eta nabarmendu Israelen «okupaziopean egindako inoiz ez bezalako krimenei» emandako «erantzun naturala» dela operazioa. Israelgo armadako soldaduek ustezko bi erasotzaileak hil dituzte, jarraian, tiroz. Gazako zerrendako iturri ofizialen esanetan, urriaren 7an setioa hasi zuenetik Israelek 15.000 palestinar inguru hil ditu.
Jerusalemgo erasoa gertatu baino apur bat lehenago heldu da menia luzatuko dutelako berria. Negoziazioen azkenera arte, desadostasunak agertu dituzte Israelen eta Hamasen ordezkaritzek organizazio islamistak askatu beharreko gatibuen zerrendari buruz. Hamasek adierazi duenez, Tel Avivek uko egin dio zazpi bahitu eta beste hiruren gorpuak bere esku uzteko eskaintzari —salatu du hildako bahituak Israelen bonbardaketetan zendu direla—. Israelgo Gobernuak, berriz, azaldu du Hamasek onartu egin duela aske utzi beharreko bahituen zerrenda hobetzea, eta horrek ireki diola bidea su etena luzatzeari.
Hasieran, lau egunerako menia hitzartu zuten bi aldeek. Tarte horretan, miliziek 50 bahitu askatzeko konpromisoa hartu zuten, eta Israelek agindu zuen 150 preso palestinar askatuko zituela; astelehenean amaitzekoa zen su etena, baina beste bi egunez luzatzea adostu zuten, eta, bart, tregoa amaitzear zela, egun bat gehiago iraungo duela iragarri dute. Orain arte, Hamasek 97 bahitu utzi ditu libre; azkeneko luzapena aintzat hartuta, gaur bi aske utzi ditu eta beste zortzi aske uztekoa da. 145 gatibu daude oraindik, Tel Aviven esanetan. Eta Israelek 210 preso palestinar askatu ditu. Datozen orduetan, eta tregoarako itunean jasotakoa kontuan hartuta, beste 30 aske uztekoa da; Palestinako Presoen Elkarteak gaur jakinarazi duenez, zortzi emakume eta 22 adingabe lirateke.
Trukeak truke, preso palestinarren kopurua ez da asko aldatu, Israelgo armadak sarekadak egiten baititu oraindik ere Zisjordanian
Libre utzitakoak adingabeak eta emakumeak dira —horiez gain, Hamasek aske utzi ditu israeldarrak edo palestinarrak ez diren beste gatibu batzuk ere—. Organizazio islamistaren esku dauden zibilak gutxitu ahala, espero da negoziazioak gogorragoak izatea, Hamasek esana baitu gatibu dituen Israelgo soldaduen truke Tel Avivi exijituko diola preso palestinar guztiak aske uztea.
Trukeak truke, ez da asko aldatu Israelgo espetxeetan preso dauden palestinarren kopurua, armadak oraindik ere sarekadak egiten baititu egunero Zisjordaniako zenbait hiritan. Tregoaren lehen lau egunetan, esaterako, Tel Avivek 150 preso askatu zituen, baina 133 palestinar atxilotu zituen Zisjordanian. Urriaren 7tik, 3.200 lagun baino gehiago atxilotu ditu eskualde horretan, preso palestinarren eskubideen aldeko elkarteen arabera.
Hegoaldeko kanpaina
Halere, Israelgo agintariek erasoekin jarraituko dutela berretsi dute azken egunetan, eta, beraz, su etena luze baino lehen amaituko da Tel Avivek jarrera aldatzen ez badu. Israelgo Gobernuak eta armadak Gazako operazioak «hedatzeko» aukera aipatu dute. Bide beretik, Axios atariaren arabera, Netanyahuk AEBetako presidente Joe Bideni adierazi dio «beharrezkoa» dela Gaza hegoaldean kanpaina bat abiatzea Hamas suntsitzeko. Hain zuzen, Netanyahuk adierazi du Blinkeni eman dizkiola zerrendan abiatu asmo duen setioaren «bigarren faseko» detaileak.
Etxe Zuriak kezka agertu du, Gaza hegoaldean kanpaina bat hasteak zer ondorio ekarriko ote dizkien han pilatu diren zibilei. Estatu Idazkaritzaren bozeramaile Matthew Millerrek ohar batean jaso duenez, hain justu, Blinkenek Netanyahuri esan dio «derrigorrean» aintzat hartzeko zibilak eta horien behar humanitarioak. AEBetako zenbait hedabideren esanetan, Washingtonek Tel Avivi eskatu dio zerrendaren hegoaldean operazio bat hasiz gero ez dezala orain arteko bonbardaketen modukorik egin, zibil gehiago hil ez daitezen, eta operazioak gehiago mugatu ditzala Hamasen kontrako erasoetara. Diskurtso horiek gorabehera, halere, AEBek ez dute Israel estu hartu zibilen kontrako erasoak eten ditzan. Esaterako, Etxe Zuriak ez dio Tel Avivi inolako baldintzarik jarri hari emandako laguntza militarraren erabilerari dagokionez.
Bestalde, Blinkenek esan dio Abbasi, gaur, Ramallahn (Zisjordania), AEBek eusten diotela Palestinako estatua sortzeko bidean «urrats ukigarriak» emateko konpromisoari. Hori adierazi du estatu idazkariak, X sare sozialean. Indarrean dagoen su etena «erabatekoa» izan dadila eskatu dio Abbasek Blinkeni, Wafa berri agentziak jaso duenez.
Zibilak babesteko eskariak gorabehera, AEBek ez dute estu hartu Israel; esaterako, ez diote inolako baldintzarik jarri emandako laguntza militarraren erabilerari dagokionez
Israelen erasoen ondorioz, 1,8 milioi lagun desplazatu dira Gazan —biztanleriaren %80—, eta gehienak Gaza hegoaldean pilatu dira, zerrendako iparraldetik ihesi, han izan baitira erasorik bortitzenak. Israelek Gaza hegoaldeko erasoak gogortzen baditu, zibilek are babes gutxiago izango dute, iparraldeko hirietara joatea ezin baita aukeratzat hartu, guztiz suntsituta gelditu dira eta. Palestinako erresistentzia taldeek salatu dute Gaza palestinarrez hustea dela Israelen helburua. Egiptoko presidente Abdel Fatah al-Sisik ohartarazi du errefuxiatu palestinarrak ez dituela onartuko bere lurretan, horrek «Palestinaren kausaren amaiera» ekarriko lukeelakoan.