Israelgo armadak gau eta egun eraso dio Gazako zerrendari iragan urriaren 7tik, egun hartan milizia palestinarrek Israel hegoaldearen aurka egindako erasoaren ondoren, «herrialdea defendatzeko eskubide osoa» duela argudiatuta. Nazioarteko zenbait herrialdek argudio horixe bera erabili dute Tel Avivi babesa adierazteko. Palestinarren aurkako azken oldarraldiak urtebete beteko duen honetan, ordea, pitzatzen hasi da Israeli sostengua eman dioten herrialdeen blokea, batzuek iritzi baitiote ez dela nazioarteko zuzenbidea errespetatzen ari. Hala azaldu du Isaias Barreñada Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta nazioarteko harremanetako adituak: «Irtenbiderik gabeko labirinto batean sartuta dago Israel, eta urte luzez Mendebaldearekin eraikitako zubi guztiak eraisten ari da, banan-banan».
Geografikoki Ekialde Hurbilean dagoen arren, Mendebaldeari begira bizi da Israel, adituaren arabera: «Sorkuntza kolonial bat da, eta, horregatik, eskualdeko herrialde arabiarrek baztertu egin dute hasiera-hasieratik. Israelentzat, bizirik irauteko modu bakarra da nazioartearen aitortza eskuratzea eta aliatuak izatea». Hain zuzen, estatu juduak eskualdetik kanpo eraiki ditu harremanik estuenak: AEB Ameriketako Estatu Batuekin, batetik; eta EB Europako Batasunarekin, bestetik. Halere, Joost Hiltermann Crisis Group ikerketa zentroko adituak nabarmendu duenez, talde komunitarioan barne zatiketa nabarmenak izan dira: «Alde batean Hungaria eta Alemania daude, zeinek Israel sutsuki defendatzen jarraitzen duten; beste aldean, berriz, Belgika, Irlanda eta Espainia kokatu daitezke».
Bi adituek uste dute luze gabe zaila izango dela EBk jarrera bateratu bat hartzea. Hori bai, jarrera horrek ondorioak dituela ohartarazi du Hiltermannek: «Europako estatu gehienak ez dira, praktikan, ezer egiten ari, eta hori Israel babestea da». Esku bakarreko hatzekin zenbatu daitezke hamabi hilabeteotan EBko estatu kideek Israelen interesen aurka hartu dituzten erabakiak: adibidez, joan den abuztuan Irlandako Gobernuak bertan behera utzi zituen Israelera bideratutako arma esportazioak, eta, iragan maiatzean, Palestina estatu gisa aitortu zuten Irlandak, Espainiak eta Norvegiak.
«Irtenbiderik gabeko labirinto batean sartuta dago Israel, eta urte luzez Mendebaldearekin eraikitako zubi guztiak eraisten ari da, banan-banan»
ISAIAS BARREÑADAMadrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea
Nolanahi ere, Mendebaldeak gatazkan duen jokaeraren bilakaera herrialde horietako gobernuen osaketaren araberakoa izango da; AEBei dagokienez, batez ere. «Bidenen [Joe, AEBetako presidentea] administrazioak Hezbollahrekin eta Iranekin tentuz jokatzeko exijitu dio Israeli, eta Trumpen [Donald, hautagai errepublikanoa] administrazioak kontrakoa egingo luke segur aski», azaldu du Hiltermannek. AEBetan azaroaren 5ean dira presidentetzarako bozak egitekoak, eta Trump eta Kamala Harris AEBetako presidenteordea dira hautagaiak. Adituaren esanetan, hauteskundeen aurreko asteetan gatazka «ahalik eta bareena» egotea komeni zaie demokratei, baina ez du uste Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk gauza bera nahi duenik: «Esango nuke Netanyahuk nahiago duela Trumpek irabaztea Harrisek baino, eta edozer egingo du bere interes politikoak bermatzeko».
Netanyahuk bata edo bestea zergatik nahiago duen galdetuta, Iran aipatuz erantzun du Hiltermannek: «Bidenen administrazioak, Trumpenak ez bezala, nolabaiteko akordioren bat adostu nahi du Iranekin. Bozak Harrisek irabazten baditu, litekeena da saiakera horrekin jarraitzea. Agian ez dute lortuko berriro ere akordio nuklear bat ituntzea, baina baliteke aurrerapausoak ematea afera horretan; eta horrek nabarmen baretuko luke hilabeteotan eskualdean areagotutako tentsioa».
«Bidenen administrazioak, Trumpenak ez bezala, nolabaiteko akordioren bat adostu nahi du Iranekin. Bozak Harrisek irabazten baditu, litekeena da saiakera horrekin jarraitzea»
JOOST HILTERMANNCrisis Groupeko aditua
Pisu handia izanagatik, AEBak eta EB ez dira gatazkan nolabaiteko bitartekaritza izaten ari diren nazioarteko eragile bakarrak. Barreñadak azaldu du badirela aintzat hartu beharreko beste hainbat herrialde ere, hala nola BRICS taldekoak: Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika. «Herrialde horietako bakoitzak bere agenda propioa du. Adibidez, Pekinek eta Moskuk bi aldeekin daukate harremana, Palestinarekin eta Israelekin; horregatik, zuhurrago jokatzen ari dira». Hain zuzen ere, fakzio palestinarren topaleku izan dira aurten Txinako eta Errusiako hiriburuak —Israelen erasoaldia amaitu ondoren batasuneko gobernu bat osatzea adostu zuten Pekinen, iragan uztailean, eta Moskun egin zituzten akordiora iritsi aurreko bilkurak—, eta bere horretan mantendu dituzte Israelekin dituzten harreman diplomatikoak.
Nolanahi ere, bloke horretako parte diren estatuen artean, Hegoafrikaren jarrera nabarmendu du Barreñadak: «Hegoafrikak bere eskura dituen baliabide urriak baliatu ditu Palestinan gertatzen ari dena nazioarteko auzitegietara eramateko, eta azaleratu egin ditu Mendebaldea gatazka honetan izaten ari den kontraesan guztiak». Hain justu, Hegoafrikak Israelen aurkako prozesu judizial bat abiatu zuen iazko abendu amaieran, estatu juduari palestinarren aurkako «genozidio kalkulatu bat» egitea leporatuta. «Prozesu luzea da, eta ikusteko dago zer ondorio izango dituen Israelentzat», gehitu du irakasleak.
Bidegurutze batean
Ezin dira zaku berean sartu Ekialde Hurbileko eta Magrebeko herrialde arabiar guztiak, Barreñadaren arabera. Horren erakusle da, hain justu, herrialde arabiar batzuek Israelekin zuten harremana estutu dutela azken urteetan, hala nola Bahrainek eta Arabiar Emirerri Batuek: AEBek bultzatutako Abrahamgo Akordioen bidez, Israelgo estatua aitortu zuten 2020an. Azken urteetan gauza bera egiteko negoziazioetan murgilduta egon da Saudi Arabia, baina iragan urriaren 7az geroztik, etenda daude eztabaida horiek. «Israel Gazan egiten ari dena ikusita, ia ezinezkoa dirudi herrialde arabiar batek Israelekin gisa horretako akordiorik egingo duenik», adierazi du irakasleak.
Halere, gehitu du «oso egoera deserosoan» daudela herrialde horiek, herritarrak eskatzen ari baitzaizkie hautsi dezatela Israelekin duten harremana. Hori bai, Hiltermannen aburuz, are egoera zailagoan daude Jordania eta Egipto: «Marra gorri bera daukate: ez batak eta ez besteak ez dute nahi milaka errefuxiatu palestinar euren herrialdean jaso behar izatea. Birritan ohartarazi diete AEBei eta Israeli ez dutela halakorik onartuko». Kasurako, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak emandako datuen arabera, bi milioi palestinar baino gehiago daude Jordanian.
Kezka horiek aski ez, eta gero eta handiagoa da Israelgo armadak oldarraldia eskualde osora areagotuko ote duen beldurra. Hiltermannek azaldu duenez, «nahita edo nahi gabe» gertatu liteke hori, gaizki-ulertu baten edo akats tekniko baten ondorioz. «Erasoen interpretazio eta analisi zuzena egitea oso garrantzitsua da; bestela, pentsa: gatazka areagotuko zenuke ziur jakin gabe zure etsaiak eraso hori nola eta zer asmorekin egin duen?».
Biharamuneko erronka
Ez dago argi Israelek noiz duen Gazaren aurka abiatutako azken erasoaldia bukatzeko asmoa, eta are zailagoa da asmatzen Gazak zer-nolako antolakuntza politikoa izango duen horren ondoren. Barreñadak dio iazko urriaren 7aren aurreko egoerara itzultzea ez dela erraza izango, hein handi batean, zerrenda suntsituta dagoelako: «Gazako herritarrek laguntza humanitarioa jaso beharko dute gutxienez hamabost edo hogei urtez».
Irakaslearen arabera, ez da erraza etorkizunera begirako galdera horri erantzun sendo bat ematea, baina uste du bi estaturen konponbidea ez dela aukera bat: «Osloko Akordioen helburu nagusia zen bi entitate politiko eraikitzea. Gaur egun, Israelgo Gobernuak ez du halakorik nahi; aukera posible bakarra da palestinarrek burua makurtzea eta men egitea». Palestinarrek, ordea, ez dute hori egiteko asmorik: «Palestinako herritarrek erresistentziarekiko konpromiso irmoa daukate; duela 70 urtetik belaunaldi guztiek egin dute borroka euren eskubideen alde».
Nolanahi ere, Barreñadak adierazi du Israelgo politikan askotariko iritziak daudela Gazako gobernabidearen inguruan: muturrekoenek esaten dute palestinar guztiak kanporatu behar dituztela; beste batzuen arabera, Israelek Gaza okupatu beharko luke, eta Israelgo Estatuari anexionatu. Badira, halere, jarrera leunago bat duten «sionista liberalak»; horiek Gazako etorkizunak baino gehiago kezkatzen ditu Israelenak, iritzita erasoaldi honen ondorioz Mendebaldearen babesa galtzen ari direla, eta «proiektu sionista» gain behera doala.
Proposamenak proposamen, Israelgo Gobernuari eta herritarrei aintzat hartu beharreko gako bat ahaztu zaiela zehaztu du: Palestinako herritarrek autodeterminaziorako eskubidea daukatela aspalditik, eta, hortaz, nazioarteak egin behar duen lehenengo gauza eskubide hori bermatzea dela. «Palestinarrek erabaki behar dute Gazan nork eta nola gobernatuko duen, eta ez indar okupatzaileak».