Gazako Mawasi «gune segurua» berriz bonbardatu du Israelek

Khan Yunisen aurka egindako erasoan 70 palestinar hil ditu Israelgo armadak, gutxienez, eta 400.000 gazatarrek ihes egin behar izan dute.

Mawasiko (Gaza) barne desplazatuen esparru bat, uztailaren 13an. MOHAMMED SABER / EFE
Mawasiko (Gaza) barne desplazatuen esparru bat, uztailaren 13an. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 22a
13:50
Entzun

Israelek geroz eta inguratuago ditu palestinarrak. Gazan nabarmen gutxitu dira Israelek «gune humanitarioak» deituriko eremu seguruak, hau da, armadak ustez eraso egingo ez dien lekuak. Iazko urriaren 7az geroztik Tel Avivek zerrendan areagotutako setioan eta sarraskian, Israelgo armadak argi utzi du noizbait «gune humanitario» izendatutako leku horiek egun batetik bestera seguru izateari utzi diotela. Azken adibidea gaur heldu da. Tel Avivek eraso egin dio Khan Yuniseko zenbait auzo hartzen dituen Mawasiko errefuxiatu esparruari.

Gaur goizean paskin informatiboak jaurti ditu hegazkinetatik Israelgo armadak Khan Yuniseko ekialdeko auzoetan. «Israelgo armadak erakunde terroristen aurka gogor egingo du gutxi barru. Hori dela eta, Khan Yuniseko ekialdeko auzoetan geratzen diren herritarrei Mawasiko gune humanitariora joan daitezela eskatzen diegu», diote paskinek. Kontuan hartu behar da auzo horiek orain arte Mawasiko «gune humanitarioaren» parte izan direla; baina Israelek gaur eremu horretatik at uztea erabaki du.

Armadak argudiatu duenez, auzo horiek eremutik ateratzea erabaki du «Hamasek azpiegitura terroristak» eraiki dituelako bertan, eta horietatik Israeli eraso egin diotelako. Mawasiko gunearen «doitzea» —hau da, «segurua» den eremua estutzea— zibilei ahalik eta «kalte gutxiena» eragiteko eta herritarrak «gatazka eremutik urrun mantentzeko» egin dutela adierazi du. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, baina, Tel Aviven erasoak, gutxienez, 70 palestinar hil eta 200 zauritu baino gehiago eragin ditu.

«Gogor» ekingo dutela adierazi eta ordu gutxira heldu da Israelen erasoaldia —Qatarko Al Jazeera telebista kateak zerrendan dituen kazetarien arabera, ordubeteren buruan—. Khan Yunis bonbardatu du armadak, berriro —uztailaren 13an ere bonbardatu zuen Mawasiko errefuxiatu gunea; eta erasoan 90 gazatar hil zituen—, eta, han dauden kazetariek salatu dutenez, ez die denborarik eman bertan bizi diren palestinar guztiei alde egiteko. 400.000 inguru dira Khan Yuniseko auzo horietatik alde egin behar izan duten gazatarrak, Palestinako Defentsa Zibilak jakinarazi duenez. Mawasiko «gune humanitarioan» 1,4 milioi barne desplazatu daude; eta zerrendan, guztira, 1,9 milioi.

NBE ere jomugan

Israelgo armadaren erasoak, ordea, ez dira soilik Khan Yunisen jazo azken egunetan. Nuseiratetik gertu dagoen Wadi Gaza pasabidean —zerrendaren erdialdean— NBE Nazio Batuen Erakundeak Tel Aviven eraso bat salatu du. Atzo izan zen erasoa, hala adierazi du UNRWA NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko idazkari nagusi Philippe Lazzarinik, X sare sozialaren bitartez. Lazzarinik salatu duenez, NBEren agentzia horren auto konboi baten aurka egin zuen Tel Avivek, Gaza Hirira zihoala. Ez zen inor hil, baina, Israelgo armadak bost aldiz egin zion tiro auto bati. Lazzarinik Tel Aviven ekintza gaitzetsi du, eta adierazi konboiaren ibilbidea —«NBEren mugimendu guztiak legez»— Israelgo Gobernuarekin koordinatuta zegoela.

Palestinan egoera latza da nazioarteko agentzia zein herritarrentzat; are gehiago, haurrak ere ez daude seguru; ezta Gazatik kanpo ere. Hala salatu du gaur Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak. NBEren organoak argitaratutako datuen arabera, urriaren 7az geroztik bi egunean behin hiltzen dute adingabe bat Zisjordanian. Guztira, 143 ume hil dituzte Zisjordanian —Jerusalem Ekialdea barne hartzen du— gatazka areagotu zenetik.

Testuinguru horretan abiatu du AEB Ameriketako Estatu Batuetara bidaia Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. AEBetako politika hankaz gora dago, Joe Biden presidenteak atzo jakinarazi baitzuen ez duela parte hartuko azaroaren 5ean egingo dituzten presidentetzarako bozetan. Netanyahuk adierazpenak egin ditu Washingtonen egoera dela medio; haren aburuz, «presidente bat edo beste izanda ere Israel AEBen aliatu izango da»: «Gerra garaian oso garrantzitsua da gure etsaiek jakitea Amerika [AEBak] eta Israel elkarrekin daudela; gaur, bihar eta beti».

AEB-ek huthien lau ontzi suntsitu dituzte

Huthien eta Israelen arteko gatazkak bere horretan jarraitzen du. Yemengo milizianoek aurreko ostiralean Tel Aviv bonbardatu eta Israelek Yemengo portu bati herenegun eraso eginez erantzun ostean, AEB Ameriketako Estatu Batuek jakinarazi dute huthien aurkako operazio bat gauzatu dutela. Itsaso Gorrian beste itsasontzi batzuei eraso egiteko lau ontzi suntsitu ditu gaur AEBetako armadak. Erasoaren berri emateko orduan, AEBek esan dute ontzi horiek, huthienak ziren arren, Iranen laguntzari esker eskuratu zituztela. Huthiek salatu dute, bestalde, gaur AEBek eta Erresuma Batuak egindako beste sei eraso jasan dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.