Israelek 2023ko urriaren 7an Gazaren aurkako sarraskia hasi zuenetik, zerrendako zenbait eremu «gune humanitario» gisa izendatu ditu Tel Avivek. Horietan, Israelgo armadaren arabera, Palestinako herritarrek babesa hartu dezakete Israelek eraso eginez gero. Ia hamabost hilabete igaro dira aurreneko bonbardaketatik, eta Tel Avivek hainbatetan egin du eraso gune humanitario horien aurka. Gaur bi aldiz bonbardatu dute Israelgo soldaduek Al-Mawasiko eremua: gutxienez hemezortzi lagun hil dituzte, eta hamabost zauritu. Al-Mawasi Gaza erdialdetik hegoaldera doan kostaldeko lur eremu bat da, eta «gune segurutzat» izendatu du Israelek. Bertan, barne desplazatuentzako hainbat errefuxiatu esparru daude.
Aurreneko erasoa goizaldean izan da, eta Israelgo hegazkinek errefuxiatuen kanpin dendei egin diete eraso; hamabi lagun hil dituzte. Hildakoen artean Gazako polizia zerbitzuko agintari Mahmud Salah dagoela salatu du zerrendako Barne Ministerioak. Ohar bidez eman dute hilketa horren eta beste polizia baten heriotzaren berri. Ohar horretan, Poliziaren eginkizuna «herritarrak laguntzea» dela azpimarratzeaz gain, Israeli leporatu dio «kaosa hedatzen» aritzea Poliziaren aurkako erasoen bitartez: «Gazako Poliziaren zuzendari nagusia hilez, okupazioak [Israelek] zerrendan kaosa zabaltzeko eta herritarren sufrimendu humanitarioa sakontzeko ahaleginean jarraitzen du».
Israelgo armadak ohar bidez argudiatu duenez, Salah «zerbitzu sekretuetako talde bat» eratzen ari zen Hamas talde islamistako beste adar militarrekin batera, «Israelgo soldaduak hiltzeko xedez». Tel Avivek, gune humanitarioen aurka eraso egin izan duenetan, paskin informatiboak jaurti izan ditu herritarrek alde egin zezaten —herritarrek salatu izan dutenez, baina, denbora gutxiegi ematen zieten alde egiteko—. Gaurkoan, ordea, ez dute abisurik eman.
Ministerioari eraso
Gune humanitarioaren aurkako gaurko bigarren erasoak, bestetik, Gazako Barne Ministerioaren eraikina izan du helburu, Khan Yunisen. Azken hilabeteetan, hiriko zenbait auzo gune humanitariotik at utziz joan da Israelgo armada, baina, ohar bidez baieztatu duenez, gaur arte polizia etxe gisa erabiltzen zuten eraikina «gune humanitarioaren barruan» zegoen. Eraso horretan sei lagun hil dituzte, gehienak poliziak. Tel Avivek ohar bidez jakinarazi duenez, Hamasek eraikin hori erabiltzen du Israelen aurkako erasoak antolatzeko.
Hala ere, bi eraso horiek ez dira Israelgo soldaduek gaur egin dituzten bakarrak. Beste hainbat eraso egin dituzte zerrenda osoan, eta, orotara, gutxienez 71 lagun hil dituzte, zerrendako osasun zerbitzuen arabera. Gazako hiriburuan, esaterako, sei lagun hil dituzte. Gazako herritarrentzat nahitaezkoak diren azpiegitura batzuen aurka ere egin dute eraso. Al-Jazeera Qatarko telebista kateak zerrendan duen kazetari batek adierazi duenez, zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hirian —Al-Mawasiko eremutik gertu dago—dagoen gasolindegi baten aurka egin dute eraso. Horrek eragindako eztandak bederatzi lagun hil ditu, gutxienez.
Al-Jazeera: Zisjordanian aritu ezinik
Zisjordanian agintzen duen PAN Palestinako Aginte Nazionalak Al-Jazeera telebista kateari bertatik lan egitea debekatu dio. Hedabideak bertan duen erredakzioa itxiaraziko dute, eta, gainera, Palestinako eremu horretan zeuden kazetariek ezingo dute handik lan egin aurrerantzean. Behin-behineko erabakia dela jakinarazi zuen PANek atzo, eta hala izango dela Al-Jazeeraren «estatus legalaren» berri jakin arte. PANek Wafa Palestinako berri agentziari adierazi zionez, palestinarren artean «sedizioa sustatzeagatik» erabaki dute telebista katearen lana etetea. Al-Jazeerak salatu duenez, Jeninen (Zisjordania) PANeko indarren eta beste milizia palestinar batzuen arteko borroken berri emateagatik hartu dute erabakia.
Ez da lehen aldia Al-Jazeera eremu batetik kanporatzen dutena. Iazko maiatzean, Israeldik eta Jerusalemdik aritzea debekatu zion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak. Erabaki horren harira aritzea leporatu dio hedabideak PANi, eta erabakia bertan behera uzteko eskatu dio.
347Israelek Siria zenbat aldiz bonbardatu zuen iaz. Israelek 347 aldiz egin zuen eraso Siriako lurretan iaz. 2018an abiatu zituen Damaskoren aurkako bonbardaketak, eta iaz izan zen kopururik handiena, Siriako Giza Eskubideen Behatokia erakundearen —Londresen du egoitza— datuen arabera. GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek gaur salatu duenez, gainera, lurrez 26 aldiz egin zion eraso Israelek Siriari iaz.