Israelek leporatu dio Hegoafrikari Gazako gatazkaren «irudi faktiko eta juridiko desitxuratu bat» plazaratu izana atzo, Nazioarteko Justizia Auzitegian. Gaur, Israelgo Atzerri Ministerioaren aholkulari Tal Beckerrek defendatu egin du, Hagan (Herbehereak), NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizialaren egoitzan, Israelgo armada joan den urriaren 7tik zerrendan egiten ari den erasoaldia, iritzita «holokaustoaz geroztik egun bakarrean izan den judu hilketa masibo kalkulaturik handienari» emandako erantzun bat dela. Hamasek 1.200 pertsona inguru hil zituen urriaren 7an Israelen; ondorengo hiru hilabeteetan, ia 24.000 Israelek zerrendan —ehun inguru gehiago azken orduetan—
Hegoafrikak genozidioa egotzi diolako eseri da Israel auzitegi horren aurrean lehendabiziko aldiz. Beckerrek gaurko auzi saioan nabarmendu duenez, ordea, Hegoafrikaren deskripzioa «manipulatzailea» da, «testuingurutik ateratakoa». Hegoafrikaren ordezkariak atzo azpimarratu zuen «genozidio kalkulatu bat» ari dela egiten Israel, eta, aurkeztutakoaren arabera, horren erakusle dira, besteak beste, hilketa masiboak, desplazamendu behartuak, eta «sistematikoki» erabiltzea, palestinarren aurka, «deshumanizazio hizkuntza bat». Beckerren esanetan, «ekintza genozidak», egitekotan, «Israelen aurkakoak» izan dira. Hori adierazi ondoren, Gazako miliziek urriaren 7an bahitutako berrehundik gora pertsonen argazkiak erakutsi ditu.
Ikusi gehiago
Bigarren Mundu Gerran (1939-1945) naziek egindako holokaustoaren eraginez, NBEk Genodizioaren Konbentzioa onartu zuen 1948an. Hain zuzen, hori bera urratzea egotzi dio Hegoafrikak Tel Avivi. Horren harira, «hitz merkeak» baliatzea aurpegiratu dio Israelek Hegoafrikari. «Konbentzio hori egin zen salbuespenezko larritasuneko krimen asmo txarreko bati aurre egiteko», azaldu du Beckerrek.
Israelek esaten du Gazako setioaren helburua dela Hamas garaitzea eta hura desegitea. Azkeneko hiru hilabeteotan AEBen babesarekin egindako erasoldian, ordea, hildakoen ia erdiak, 10.000 inguru, adingabeak dira, Save the Children GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez. Nolanahi ere, Tel Aviven ordezkariak esan du, Hagan, Israelek «eskubidea» duela «neurri zilegizko guztiak» hartzeko, bere herritarrak «defendatzearren».
Kautelazko neurrien aurka
Bi aldeen argudioak entzunda, auzitegiko epaileek hilabeteak beharko dituzte, ziurrenik, epai bat kaleratzeko. Bitartean, ordea, kautelazko neurri gisa Israeli Gazako operazio militarra eten dezala exijitzeko eskatu dio Hegoafrikak auzitegiari. Beckerren ustez, horrek ukatu egiten dio Israeli bere herritarrak, «100.000 barne desplazatuak» eta bahituak «defendatzeko eskubidea».
Gaurko auzi saioa amaitu ondoren, Palestinako Atzerri ministro Ammar Hijazik esan du, Gazan, Beckerrek «gezur asko» esan dituela. «Egitateetan eta legean oinarrituta, Israelen abokatuak ez dira gai izan argudio sendoak emateko». Hegoafrikaren izenean atzo mintzatu zirenetako bat izan zen Ronald Lamola hango Justizia ministroa, eta, gaur, auzitegiaren atarian nabarmendu du Israel ez dela gauza izan Hegoafrikak planteatutako argudioak gezurtatzeko.