Israelgo armada gero eta indar gehiago jartzen ari da Libanon, baina jarraitzen du, azken urtean egunero egin bezala, Gazari gupidarik gabe eraso egiten. Ohiko bihurtu ditu errefuxiatu eremuen aurkako bonbardaketak ere, eta, horietako batean, gutxienez 28 pertsona hil ditu gaur, eta 50etik gora zauritu, Gazako iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Zerrendaren erdialdean izan da, Deir al-Balah-n, Israelen setioaren ondorioz desplazatuentzako aterpe bihurtutako eskola batean.
Eta Washingtonek Israeli belarrietatik tira egin eta ordu batzuetara heldu da erasoa. Linda Thomas-Greenfield AEBek Nazio Batuen Erakundean duten enbaxadoreak atzo azpimarratu zuen, erakundearen Segurtasun Kontseiluan, zibilak zerrendan pairatzen ari diren «egoera katastrofikoaz» arduratu behar duela Tel Avivek. «Duela hilabete batzuk aurreikusi zen, eta oraindik ez zaio heldu horri. Horrek berehala aldatu beharra dauka». Hain zuzen, Israelek aliatu ditu AEBak, eta haien babesarekin ari da egoera hori sortzen.
Israelek berak gaur adierazi du, ohar batean, azken 24 orduetan 50 miliziano hil dituela Jabalian, zerrendaren iparraldean. Joan den igandean, eremu horren aurkako erasoaldia gogortu zuen, argudiatuta zerbitzu sekretuek baieztatu dutela Hamaseko kideak daudela han. Iazko urriaren 7an Israelek Gazako setioa hasi zuenetik, hirugarren aldiz ari da lurretik operazio militar bat egiten zerrendaren iparraldean.
Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak atzo ohartarazi zuela han 400.000 palestinar inguru daudela harrapatuta. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuek diote hamar lagunetik bat desplazatua dela Gazan: 1,9 milioi herritar inguru. Azken urtean 42.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek han, Gazako iturri ofizialek diotenez.
Min «ahalik eta txikiena»
Libano hegoaldea eta ekialdea bonbardatzen segitzen du Israelek, eta eraso horiek gutxienez hamabi hildako eragin dituzte, Libanoko iturri ofizialek gaur adierazi dutenez. Gainera, arratsaldean, Beirut erdigunean ere egin du aire eraso bat Tel Avivek eta hartan, gutxienez, beste hemezortzi lagun hil dtuzte. Hezbollahk ohar baten bidez esan duenez, Israel iparraldean armadak dituen posizio batzuk bonbardatu ditu, horretarako suziriak baliatuta.
AEBen ustez, Hezbollahri eraso egiteko zilegitasuna du Israelek. Hori bai, Etxe Zuriak ohar batean azpimarratu duenez, Joe Biden AEBetako presidenteak Benjamin Netanyahurekin hitz egin zuen atzo, telefonoz, eta adierazi zion «beharrezkoa» dela Libanoko «zibilei eragindako mina ahalik eta txikiena» izatea.
Iranek babestutako talde bat da Hezbollah, eta Iranek 200 misil inguru jaurti zituen Israelera urriaren 1ean, Hassan Nasrallah talde horren liderraren hilketari erantzunez —Israelek hil zuen—. AEBek ontzat jotzen dute Tel Avivek eraso horri erantzutea, baina eskatu dute «mugatua» izan dadila erantzun hori. «Hilgarria eta zehatza» izango da, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak atzo gauean kaleratutako bideo batean ohartarazi zuenez, eta «ezustean» iritsiko da.
Bestalde, Al-Jazeera telebista kateak Israeli egotzi dio nahita egitea kazetarien aurka. Qatarko hedabide horrek ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi Israelgo soldaduek beren kameralari bat larri zauritu zutela atzo Jabalian, eta beste komunikabide bateko kazetari bat hil.