LIBURU AURRERAPENA

Gazako egunerokoa

Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia Gazan harrapatuta geratu zen iazko urriaren 7an, Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenean. 85 egun egin zituen lurraldean. Bizitakoaren kontakizuna jaso du Aleka bildumako liburuan.

Idoia Beratarbide marrazkilariak egin du 'Gazako egunerokoa' liburuaren azaleko irudia. BERRIA
Idoia Beratarbide marrazkilariak egin du 'Gazako egunerokoa' liburuaren azaleko irudia. BERRIA
2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Atzo bisita egin nion nire arreba Asmaari esparruaren mendebaldean, han bizi baita. Aurreko gauean, tanke baten jaurtigaia erori zitzaien etxean. Zorionez, eskaileran jo zuen, halako eraikinen parterik sendoenean. Eskailera kaltetuta dago, noski, baina guztiz geldiarazi zuen kolpea behintzat. Asmaaren senarrak gordeta dauzka jaurtigai-puska handi batzuk, laugarren solairuan duten etxeko ateraino iritsitakoak. Haien alabek, ordea, ez dute halako xelebrekerietarako gogorik. «Hurrengoak lotan harrapatuko gaitu», esan du 10 urteko alabak, Fatimak.

«Halakorik ez da izango, ikusiko duzu».

«Ba, aldamenekoei logelaraino sartu zitzaien bat», erantzun du Fatimak. «Neskatoa akabatu egin zuten. Nik ezagutzen nuen, nire eskolara joaten zen eta». Asmaak krispetak prestatu ditu denentzat, eta gogora ekarri dugu joan deneko berrogei egunean gertatutakoa, film bat ikusten ariko bagina bezala.

Asmaa bizi den kalearen beste aldean, eskola bat dago, eta hantxe babestu da nire arrebetako bat, Halima, azken bi asteetan. Beit Lahian duen etxea oso kaltetu zen, eta orain han bizitzerik ez dago. Gainera, Israelgo armada operazio-base gisa erabiltzen ari da herri osoa. Zurrumurruek diotenez, ez dago etxe bakar bat ere zutik inguru horretan. Halima eta haren familia kanpadenda batean bizi dira orain, senarrak halako bat muntatu baitu manta batzuk erabilita. Arreba ikustera joan, eta kafea prestatu du niretzat. «Nora joango gara gerra bukatutakoan?», galdetu dit. «Aurrena, buka dadila, eta gero gerokoak», nik erantzun. Ez dut batere lasaitu. «Badugu non egon gerrak iraun bitartean. Baina gerra bukatutakoan bota egingo gaituzte hemendik». «Ez al duzu nahi gerra bukatzea?», galdetu diot. «Etxera itzuli nahi dut».

Aurreko gauean, aterpe honen arduraduna, Hadil al-Masri izeneko emakume bat, akabatu egin zuten, sabelean jo baitzuen tankeen jaurtigaietako batek. Halimaren senar Ismaelek kontatu zidan nola erori zitzaizkion erraiak lurrera. Jaurtigaiak alderik alde sastakatu zuen, ezpata batek bezala. Farajek itsu esaten die halakoei: kanoitik ateraz gero, noranahi iristen dira, eta zernahi jotzen, ez baitute gidatzen dituen ezertxo ere.[...]

Farajek ohitura bat hartu du goizero emazteari telefonoz deitu ahal izateko, UNRWAren eskola batean baitauka emaztea, Rafahn. Goizeko lau eta erdiak aldera esnatu, eta bigarren solairura igotzen da, han seinalea hartzeko. Eguna argitu baino lehentxeago, segurtatuta dago seinalea: ordu horretan bakarrik. Ordubete baino ez dauka, beraz, seinalea berriz galdu arte. Emaztearekin, haurrekin eta ezkonduta daukan alabarekin hitz egiteko aprobetxatzen du Farajek. Rafahn daukan familia guztia ere goiz jaikitzen da, telefonoz hitz egin ahal izateko. Bukatutakoan, gurera jaitsi, eta berriz lo hartzen du Farajek.[...]

Gaur, komunikatu ofizial baten arabera, eten egingo dituzte telekomunikazioetako eta Interneteko seinale guztiak, ez dagoelako transmisoreak martxan edukitzeko adina fuel-oliorik. Orain eguerdia da, ordea, eta sareak testu-mezuak baino ez ditu igortzen. Ez dago Internetik, ez deirik.

Gaur Eixaren alaba Tasnimen urtebetetzea da. Bederatzi urte ditu, baina ez da festarik izango. Pastelik ere ez. Eixaren haurretako hiruk eta haren senar Maherrek urteak bete dituzte gerra hasi zenez geroztik. Beraz, lau festa egin gabe geratu dira. Argi dago familiak baduela zerbait berezi urriko eta azaroko urtebetetzeekin, Eixarena azaroaren 23an baita. «Gerra bukatua egongo ote da ordurako?», galdetu du Eixak. Gutako inork ez du halakorik espero. «Gerra bukatzean, orduan bai urtebetetzea, bene-benetakoa!», bota du Eixak. Proposatu diot etxeko tarta handi bat egitea garaia iristean, urtebetetzea ospatu ez duten guztientzat. Orain inor ez dago aldarte onean: familia osoa nahigabeturik dago, Maherri arreba eta haren sendia hil zaizkiolako. «Nahiko banu ere», azaldu du Eixak, «ez daukagu modurik osagaiak inguratzeko». Bonboi-kaxa bat ekarri dut, gordeta neukana. Tasnimek irribarre egin du eskura eman diodanean, eta xukran esan. Urtebetetze-kanta bat abesten hastea ez da oso egokia oraintxe, eta, horren ordez, hurrengo urtea hobea izatea opatu diogu.

Notizia iritsi zait gure lehengusu Naim hil dela gaur goizean. Bost hilabete egin ditu tratamenduan Al-Waffa errehabilitazio-ospitalean, Gaza hirian. Giltzurrunak ez zeuzkan behar bezala. Arkitektoa zen, hirian izen handikoa, dorre eta eraikin ezagun asko diseinatzen aritua. Orain kontua da nola eramango dugun haren gorpua esparrura, lurperatu ahal izateko. Israeldarren tankeak hortxe daude kalean, ospitalearen aurrean, eta, beraz, ez dago hara joaterik. Tankeek eta frankotiratzaileek hil egiten dute hara hurbiltzen den guztia. Naimen anaia Nihad esparruko anbulantzia-zerbitzura joan da berria jakin duenean, ea gorpua eraman dezaketen galdetzeko. Zuzendariak azaldu dio ezinezkoa izango dela seguru asko, kale horietan ibiltzeko baimen berezia behar baita orain, koordinazio-agiria esaten dioguna. «Ba, lortu bat», erantzun dio Nihadek. «Egin zerbait koordinazio-agiria eskuratzeko». Ez da modurik izan, jakina. Israeldarrak ez baitira inorekin koordinatzen.

Gaur goizean, israeldarrek beste eskuorri bat bota digute hegazkinetatik, berriz ere eskaka denok hegoaldera joan gaitezela. Eskuorrian moralkeriazko tonua darabilte, mehatxuzkoa. «Giza ezkutu gisa erabiltzen zaituztete», hala diosku. Estimatuta dago oharra. Zeuek ari zarete gu inbaditzen, gu akabatzen, guri garbiketa etnikoa egiten, eta zer-eta zeuek omen zarete moralaren mukurua. Gu ez gara ez BBC, ez CNN, esan beharra daukat. Guk ez dugu amu hori irentsiko beste batzuek bezain aise. Armada, gainera, alde egiteko agintzen ari zaie Khan Yunisen ekialdeko biztanleei, beste gudu-zelai bat izango baita laster inguru hori. Hain zuzen, han erasoa jotzen hasi dira gaur goizean. Hantxe dago Europar Ospitalea, Wissam orain tratatzen ari diren erietxea. Oso kezkatuta nago nola egongo ote den. Erasoaren berri jakitean, hari deitzen saiatu naiz, baina seinalerik ez. Inguru hori guztia, Khan Yunisen ekialdea, desplazatutako jendez beteta dago, hara joateko agindu baitzieten israeldarrek. Nora joan behar dute orain?

'GAZAKO EGUNEROKOA'

  • Egilea. Atef Abu Saif.
  • Argitaletxeak. BERRIA, Elkar eta Jakin.
  • Non erosi.BERRIA dendan erosi daiteke 20 euroren truke (BERRIAlagunek 17 euroan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.