Duela astebete, Gaza iparraldera itzultzeko bideari ekin zioten Israelen erasoengatik desplazatutako milaka palestinarrek, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek haserrea eragin zuen Ekialde Hurbilean: palestinarrak Egiptora eta Jordaniara bidaltzea iradoki zuen, gatazka amaitze aldera. Bada, Trump eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Washingtonen bildu dira bart, eta presidente izendatu berriak berriro harrotu ditu hautsak: «Zergatik nahiko lukete itzuli? Leku hori infernu hutsa da». Hamasek egotzi dio «jarrera arrazista» edukitzea.
Bi milioi palestinar lekualdatu eta gero AEBek Gaza berreraikiko dutela adierazi du Trumpek; nahiz eta zehaztapen askorik ez eman, esan du «munduko jendea» biziko dela han. Lurraldea «kontrolpean» hartzeko asmoa du, eta ez du baztertu AEBetako militarrak bidaltzea hori lortzeko; «beharrezkoa dena» egingo dute horretarako.
Kontuan hartu behar da Trumpek zer asmo zituen iradoki zuenetik horien kontra agertu direla eskualdeko herrialde gehienak; besteak beste, Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Egipto, Jordania eta Turkia, baita PAN Palestinako Aginte Nazionala eta Arabiar Liga ere.
Hamasek zerrendaren kontrola berreskuratu zuen duela ia hiru aste Israelekin sinatutako su etenerako akordioaren ondorioz, eta komunikatu batean ohartarazi dio Trumpi ez dutela «plana» onartuko, horrek izan ditzakeen «kostuak gorabehera». Erakunde islamistaren bozeramaile Abdul Latif al Qanuk nabarmendu du AEBen jarrerak bat egiten duela Israelen «eskuin muturreko jarrerarekin», zeinaren asmoa den palestinarrak desplazatzea. «Gure lurrari lotuta jarraituko dugu». Mahmud Abbas PANeko buruak ere AEBetako presidentea kritikatu du. «Hamarkadak daramatzagu gure herriaren eskubideen alde borrokan, eta ez dugu onartuko horiek urratuak izatea», esan du, Wafa Palestinako berri agentziak jaso duenez. Trumpi oroitarazi dio, gainera, Gaza «Palestinako Estatuaren parte» dela.
«Ez dut graziosoarena egin nahi, baina... Ekialde Hurbileko Riviera. Hori bikaina litzateke»
DONALD TRUMP AEBetako presidentea
Presidentetzarako bozen kanpainan AEBak Ekialde Hurbiletik urrunduko zirela hitzeman zuen arren, Etxe Zuriko maizterrak begiz jo du zerrenda, eta horren «luzerako jabetza» nahi du. «Maite dugu AEBak Lurraren zati horren jabe izateko ideia»; are, Netanyahu ondoan zuela, fribolizatu egin du: «Ez dut graziosoarena egin nahi, baina... Ekialde Hurbileko Riviera. Hori bikaina litzateke». Ez dago garbi Riviera Maya (Mexiko) edo Frantziako Riviera zuen gogoan hori ahoratu duenean.
Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konponbidean jartzeko, AEBek, tradizionalki, bi estaturen irtenbidea proposatu izan dute; Trumpek ez zuen politika hori guztiz hautsi bere lehen agintaldian (2017-2021), baina modu anbiguo batean jokatzen hasi zen. Esaten zuen, esaterako, Israel eta Palestinaren arteko bake akordio bat babesten zuela, baina 2017ko abenduan lurrikara diplomatikoa eragin zuen erabaki bat hartu zuen: Jerusalem Israelgo hiriburu ofizial gisa aitortzea, nahiz eta NBE Nazio Batuen Erakundeak 1947tik onartutako ebazpenek ez duten halakorik jasotzen. Hamasek Hirugarren Intifadarako deia egin zuen berehala.
![(ID_14650504) USA WASHINGTON TRUMP NETANYAHU (ID_14650504) USA WASHINGTON TRUMP NETANYAHU](/uploads/s1/71/14/32/9/ef-941636-14650504_49_1000x666.jpeg)
Eta bere lehen agintaldiaren amaiera aldera, 2020ko irailean, Abrahamen Akordioak bultzatu zituen. Horien aterkipean, Israelek harremanak normalizatu zituen herrialde arabiar batzuekin —Arabiar Emirerri Batuekin, Marokorekin, Bahrainekin eta Sudanekin—, eta Ekialde Hurbileko potentzia sunitarekin, Saudi Arabiarekin, bidean zegoen. Modu horretan, bigarren mailan geratu zen Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren konponbidea.
Joan den urtarrilaren 20an presidentetzara itzuli zen Trump, eta Netanyahu da agintaldi berrian Etxe Zurian hartu duen aurreneko estatuburu edo gobernuburua. Israelgo gobernuburua aurreko uztailean izan zen azken aldiz Washingtonen, eta Israelek eta AEBek historikoki izan dituzten harreman onen seinale, atzokoa da Netanyahuk lehen ministro gisa (1996-1999, 2009-2021, eta 2022tik) Etxe Zurira egindako hamalaugarren bisita.
«Lagunik onena»
Gazarako meniaren lehen fasea Trumpek presidente kargua hartu bezperan hasi bazen ere, AEBetako presidenteak su etenean duen inplikazioa aitortu du Netanyahuk, eta, bigarren faseko negoziazioak hastekotan diren honetan, Israelek eta AEBek elkarrekin lan egitea balioetsi du; bestela, «arazoak» sor daitezke. «Etxe Zurian inoiz izan dugun lagunik onena zara», esan dio Trumpi, elkarrekin egin duten prentsa agerraldian. Eta areago joan da: «Ezarritako irizpideetatik haratago joateko joera dauka, eta haren ideia freskoek helburuak lortzen lagunduko digute».
Israelgo lehen ministroa Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariarekin bildu zen herenegun, eta iragarri zuen meniaren bigarren faseko helburuak zehazteko ordezkaritza bat bidaliko zuela Qatarrera, Hamasekin zuzenean negoziatu dezan —Egiptok, Qatarrek eta AEBek bitartekaritza lanak egiten dituzte negoziazioetan—. Bigarren fasean, Israelgo bahitu guztiak askatzea eta su eten iraunkorra ezartzea eztabaidatu asmo dute.
Tregoa urtarrilaren 19an sartu zen indarrean, eta ordutik lau preso truke egin dituzte bi aldeek. Hamasek hemezortzi gatibu utzi ditu aske, eta Israelek uste du erakunde islamistak 79 bahitu dituela oraindik, nahiz eta susmoa duen horien erdiak hilda daudela. Tel Avivek, berriz, 600 preso palestinar inguru askatu ditu.