Urriak 22, igandea
Hamasei egun dira gatazka piztu zela. Bizirik nago oraindik. Gaza jadanik ez da Gaza. Bestelako hiri bat da orain. Gaur goizean esnatu, eta behealdera begiratu dut Jabaliako esparruan dudan leihotik. Dozenaka gizon gazte buru-belarri dabiltza aurreko hiru gauetan misilek suntsitutako eraikinen hondakinak mugitzen, azpian harrapatutako gorpuak atera nahian, nola edo hala. Jotzen dute 35 bat hilotz daudela han behean. Gure senide hilei dagokienez, oraindik ezin izan ditugu aurkitu nire emaztearen ahizpa Hudaren, haren senar Hatimen eta haien semearen gorpuak, eta zortzi egun igaro dira. Nire emazteak, Hannak, goizero deitzen dit galdezka ea modurik izango den hilotzak aurkitu eta lurperatzeko. Batzuek ehunka metrora aurkitu dituzte senide maiteen gorpuak, eztandak hain dira-eta indartsuak. Hannaren ahizparen bigarren semea, Mohamed, handik 70 metrora aurkitu dugu, eraikin baten gainean botata.
Jabaliako gure bizilagun Faraj oso hurbil eduki dugu azken bi asteetan, zoritxar bakoitzean eta dolu bakoitzean lagun. Orain arte, gerrako egun guzti-guztietan, eguzkia atera baino lehen jaiki da Faraj, gu denon egun luzea prestatzeko. Familiari nolabaiteko bizimodu normal bat segurtatzeko esperantzari eutsiko badio —oraintxe posible dugun bizimodurik normalenari, behintzat—, Farajek egun osoa planifikatu behar du xehe-xehe, gerrarako estrategia gisa: alegia, oinarrizko hornigai batzuk eskuratu behintzat.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Garai hauetan, eguneko ogia nola lortu, horixe da lehenengo buruhaustea. Izugarri-izugarri zaila da gosaritarako ogia eskuratzea. Eguerdirako lortu ohi dugu ia beti. Hori jakinik, familia askok haurren bat bidaltzen dute okindegira egunsentia baino lehen. Gutxienez bi ordu egon behar izaten dute zain, sari preziatuarekin etxera bueltatu aurretik. Batzuek bost ordu ere itxaron behar izaten dute. Bart, zoritxarrez, ez nuen ogirik batere lortu. Hau dena hasi zenetik, Farajek eta gure familiak batera egin dituzte otorduak, modu komunitarioan. Horregatik pentsatu nuen bart hark ekarriko zuela ogia... eta berak, berriz, nik ekarriko nuela. Nik falafela erosi nuen, eta, gero, etxe parean topo egin nuen harekin; eseri ginen afaltzera, eta lotsatuta geratu ginen, falafel bolak besterik ez genuela-eta jateko. Auzoko adiskide batek, ordea, Yusif Xaheenek, ogiaz hizketan aditu guri, eta, guk batere ez geneukala konturatuta, emazteari deitu zion segituan, eta galdetu ea apartatuko zituen zati batzuk guretzat. Handik minutu eskas batzuetara, neska jator bat azaldu zitzaigun, bederatzi ogi opil zekartzala guretzat: nahikoa Farajentzat, nire anaia Mohammadentzat, nire seme Yasserrentzat eta laurontzat. Urteak zirenez Gazan bizi ez nintzela, ahaztua nuen nola dakien hiri honetako jendeak elkarri laguntzen, baita garairik zailenetan ere.
Bigarren buruhaustea: nola lortu ur garbia. Edatekoa. Marrubi uraz eta freskagarriez, ahaztu. Edateko bezain garbi egongo den ura, horra espero dezakezun onena. Gazatarrei aspalditik eteten diete tarteka ur garbiaren hornidura; garairik onenetan ere kutsatuta egoten da. Baina oraingo eten hau erabatekoa da. Prentsaren eraikinean ibili naiz azken hamar egunetan, eta han, ez gutxi eta ez asko: ez dugu urik. Ertz asko ditu arazoak. Argindarra etenda egoten denez gehienetan, ura eduki arren ezin izaten dugu ponpatu eraikinen sabaian egoten diren ur biltegietara. Horregatik, eraikin gehienetan ez dago urik. Eta denek ez dute modurik botilako ura erosteko; gerrako lehen egunetan, hamar shekel ere balio zuen botila txiki batek. Jendea, hori ikusirik, umeak bidaltzen hasi zen UNRWAren ur estazioaren inguruan ilara egitera, botilak eta bidoiak han betetzeko.
Ospitaleko ohean etzanda, Wissam sukarrak jota dago, gori-gori, leherketaren beroa oraindik barnean balu bezala, eta ura behar du, hobe ur hotza, eta ahal balitz ur izoztua, baina non lortu? Prentsaren eraikinera iritsi garenean, botila pare bat utzi dut izozkailuan, eta bost ordu egon naiz zain; hartara, botilaren bat eraman ahalko diot gauean. Ur hotza: jende gehienak ametsetan ere ez duen pribilegio bat.
«Gazatarrei aspalditik eteten diete tarteka ur garbiaren hornidura; garairik onenetan ere kutsatuta egoten da».
Halako garaietan arreta handia jarri behar izaten zaion hirugarren gauza: bateria. Egunotan bitxikeria iheskor bat da argindarra Gazako zerrendan, eta esparruetan, berriz, haren arrastorik ere ez dago. Jabaliako esparruan, duela hamahiru egun eduki zuten argindarra azken aldiz. Egunerokoaren uztarripean, hamar urtez argindarra etenka edukirik —zortzi orduz bai, zortzi orduz ez—, zerrendako etxe gehienetan egokitzen ikasi dute. Zorte handia dutenek sorgailuak dituzte, baina jende gehiena baterien mende dago; autoen baterien antzekoak dira, argindarra dagoenean kargatzen direnak. Halako bateriak kargatzean, batzuetan argindarra eten egiten da gauez, eta horrek Interneti ere eragiten dio; gainera, ez dute balio sukalde elektrikoak, hozkailuak, irakinontziak eta halakoak martxan jartzeko. Bost ordu ere behar izaten dira halako bateria bat kargatzeko. Elektrizitaterik batere ez dagoenean, behar adina diru dutenek batzuetan etxekoren bat bidaltzen dute eguzki energia duen ezagunen baten etxera: bateria hartuta ilaran itxaron, hura entxufatzeko lekuren bat bilatu, eta zain geratu behar izaten dute, kargatu arte. Etxera iristean baino ezin ditugu kargatu sakelakoak.
Hortaz, normaltasun gutxieneko bat lortzeko, bakoitzak hiru pertsona behar ditu beretzat lanean: bata okindegiko ilaran, beste bat UNRWAko ur ponpako ilaran, eta beste bat bateria kargatzeko zain, eguzki plakak dituen eraikinen batean. Zorionekoa lan hori egiteko hiru seme-alaba dituen gizona; halakorik ez duenak batetik bestera korrika ibili behar izaten du emaztearekin, eroen pare, apurren batzuk non aurkituko.
Gaur goizean luzeagoak dira bateria kargatzeko ilarak. Ehunka emakume, gizon eta ume ogia hartzeko zain daude. Wihda kalean, bostehun metro pasatxoko ilara dago Xanti-ren okindegiaren aurrean, baita Family okindegian ere, Wihda kalea eta Nasser kalea gurutzatzen diren lekuan. Okinen Elkartearen eledun Abdelnasser Ajramik dioenez, Israelen misilek eraso egin diete zazpi okindegiri. Bi gau lehenago, berriz, guztiz suntsitu zuten nire arreba Asmaren etxearen ondoko okindegia, Abu Rabee izenekoa, eta kanpoan ilaran zeuden gehienak hil zituzten. Hori dena, ni orain Jabalian nabilen lekutik ehunka metro eskasera. Eta okindegiei ez ezik, kafetegiei ere erasotzen diete: han janari lasterra ematen diote jendeari, herritar gehienak etxerik gabe dauden honetan, beren sukaldea eskura ez duten honetan. Edonork esango luke israeldarrak jomugarik xumeenetan xumeenen kontra dabiltzala; Al-Ahli ospitaleari ere eraso diote, eta zenbait elizari ere bai; horrek, jakina, modua ematen die ospe txarra haizatzeko ere: erasoak palestinarrei egotzi, eta kito. Baina, antza, pentsaturik susmagarri samarra suerta litekeela bi ospitaleri erasotzea, orain jomuga txikiagoak eta xumeagoak dituzte: okindegiak, non jendea pazientzia handiz egoten baita ilaran zain, gehien-gehienak umeak, hilko ote dituzten esperoan —dela ziztuan, aireko misil batez, dela mantsoago, goseak jota—, ilarak egunetik egunera luzeagoak direlarik.
«Faraj, Mohammad eta hirurok jolas makabro batean ibiltzen gara, asmatu nahian non izan den eztanda bakoitza».
Bart, Nuseirateko esparruko merkatuari eraso zioten. Besteak beste, esparruko bi jatetxerik onenak jo zituzten: Jenin Restaurant eta Aqil Restaurant. Gerrako bosgarren egunean Nuseiraten izan nintzen ni, eta sandwich bat lortu nuen Aqilen. Bart han sandwichen bat eskuratzeko ilaran egon zirenak, berriz, hilda daude orain.
Atzo gauean aita konbentzitu nuen bere irrati zaharretako bat utz ziezadan. Izan ere, gau luzeetan, ez argindarrik eta ez Internetik, mundutik deskonektatuta sentitzen naiz. Leherketen eta garrasien hotsa besterik ez dut aditzen, zehazki nondik datorren jakin gabe. Batzuetan, Faraj, Mohammad eta hirurok jolas makabro batean ibiltzen gara, asmatu nahian non izan den eztanda bakoitza, hurbil izan den ala urrun. Pentsatzen dut gazatar gehienak ibili direla jolas horretan azken bi asteetan.
Erremedio bakarra, irrati bat eskura izatea. Eta hara non, gure aitak hiru izan. Familiako erlikiak dira harentzat. Batek 30 urte baino gehiago ditu. Azkenean, amore eman eta bat luzatu dit, gerrako gauetarako. Jende gehiena halako ekipoen mende dago orain albisteen berri izateko. Atzera ere hasi dira halakoak saltzen. Aspaldi zeuden desagertuta irrati dendak, baina, orain, Gazako saltoki askotan iragartzen dute salgai dituztela, eta erakusleihoen erdi-erdian jarrita dauzkate. Gau osoa eman dugu irratiaren zarata estatikoarekin borrokan, seinalea garbi harrapatu nahian.
Denborak aurrera egin ahala, ordea, egun bakoitzak du gero eta antz handiagoa bezperakoarena, herenegungoarena; gau bakoitzak dirudi azkena. Gerra honek berak ere azkena dirudi, eta aurrekoaren antza du aldi berean. Gerran, ezer ez da berri. Esaten zuen, bai, Mohammadek: «Gerran, segur aski, norberak sekula jakin ezin duen hori izaten da gauza berri bakarra: alegia, norberaren azken gerra izatea». Nolanahi dela ere, goizero-goizero esnatzea bada aski notizia niretzat, eta estimatzen dut, estimatzen dudanez.
Hurrengo atala: «Egiatako janariaren falta sumatzen dut»
Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.