Gaza iparraldeko Kamal Adwan ospitalea husteko ez dutela behar beste baliabide azaldu dio gaur Hussam Abu Safia zuzendariak Reuters berri agentziari. Haren esanetan, bart hura husteko agindua eman zuen Israelek, baina «ia ezinezkoa» dela iritzi dio: «Ospitalean laurehun herritar inguru daude, tartean haur jaioberriak; bizirik irauteko, beharrezkoak dituzte inkubagailuak eta oxigenoa. Ez dugu nahikoa baliabide, ez laguntza, ez denbora gaixo horiek modu seguruan ebakuatzeko».
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, zerrendaren iparraldeko hiru ospitale nagusiek «kostata» jarraitzen dute martxan. Horietako bat da Kamal Adwan; Beit Lahia hirian dago, eta, azken hiru egunetan, Israelgo armadak hainbat eraso egin dizkio. Reuters berri agentziari adierazpenak egin dizkionean, zuzendariak esan du Israelgo armada ospitalea bonbardatzen ari zela.
Goizean, Abu Safiak ohar bat kaleratu du eraso horiek salatzeko. Azaldu du militarrak tankeekin eta hondeamakinekin ospitaleko ateetako batera gerturatu zirela atzo, eta eraso egin ziotela eraikinari. «Balak iritsi ziren zainketa intentsiboetako unitatera, ama berrien atalera eta kirurgia espezializatukora». Ordurako gaixoak korridoreetan zeudela gehitu du zuzendariak, baina erasoek «kaosa eta beldurra» eragin zutela. Gainera, erasoetako batek elektrizitate sorgailu bat hondatu zuen. Nazioarteari laguntza eta babes humanitarioa eskatu dio Abu Safiak.
Zerrendako beste gune batzuetan ere egin ditu erasoak Israelgo armadak azken orduetan, eta gutxienez hogei pertsona hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Al-Mawasin egin du eraso horietako bat, gune humanitario gisa izendatutakoan. Han zortzi herritar hil dituzte, gorpuak jaso dituen ospitaleak jakinarazi duenez ―Nasser ospitaleak―. Isralego armadak bere Telegram kanalean esan du Hamaseko kide baten aurkako erasoa izan dela, eta aurrez neurriak hartu dituela zibilei kalteak eragiteko arriskua murrizteko.