Gaza iparraldea ebakuatzeko agindua eman du Israelek beste behin

Zerrendako iparraldearen era erdialdearen artean bizi diren herritarrei eragiten die Israelgo armadaren aginduak; Jabaliako errefuxiatuentzako kanpaleku bat bonbardatu du Tel Avivek. Beste kasko urdin bat zauritu dute Israelgo soldaduek, Libanon.

Dozenaka errefuxiatu Gaza erdialdeko kostaldean, Deir al-Balah herrian, iragan irailean. MOHAMMAD SABER / EFE
Dozenaka errefuxiatu Gaza erdialdeko kostaldean, Deir al-Balah herrian, iragan irailean. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 12a
16:15
Entzun

Israelgo armadak etxetik joateko agindu die Gaza iparraldearen eta Gaza hiriaren artean bizi diren herritarrei, beste behin. X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez eman du horren berri Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek. Argudiatu du azken egunotan zerrendako eremu horretan areagotu egin direla Israelgo soldaduen eta miliziano palestinarren arteko borrokak, eta horregatik eman dutela ebakuazio agindua.

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak komunikatu baten bidez atzo salatu zuenez, ordea, eremu horietan bizi diren gazatarrek ezin dituzte ebakuazio aginduak bete, Israelgo soldaduek «eraso» egiten diotelako saiakera egiten duen orori. Kasurako, Israelgo armadak Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekua ebakuatzeko agindua eman zuen joan den astelehenean, baina asteon birritan bonbardatu du. Azkenekoz, gaur goizaldean. Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, gutxienez hemeretzi pertsona hil dituzte eraso horretan, eta dozenaka zauritu.

Israel etengabe ari da zerrendari eraso egiten, eta, ondorioz, egoera gero eta muturrekoagoa da han. MEP Munduko Elikadura Programak gaur jakinarazi du iragan urriaren 1etik ez dela Gaza iparraldera elikagairik sartu. «Iparraldea bakartuta dago, eta ezin dugu han laguntza humanitariorik eskaini», ohartarazi du MEPeko Palestinarako zuzendari Antoine Renardek.

Bada, Israelgo hedabideek asteon kaleratu dutenez, egoera hori are gehiago okertu dezakeen lege proiektu bat lantzen ari dira Israelgo Parlamentuan. Neurriak UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari eragingo lioke, hots; indarrean sartuko balitz, bertan behera geratuko litzateke UNRWAk eta Israelek 1967an adostutako akordioa, eta erakundeak ezingo luke ez Zisjordanian, ez Gazan, ez Jerusalem ekialdean lan egin.

Horren inguruan ohartarazi du gaur, komunikatu batean, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek: «[UNRWAk] lan ez egiteak ondorio katastrofikoak izango ditu milaka palestinar errefuxiaturentzat, eta egiten duen lana ezinbestekoa da bi estaturen konponbidea bermatzeko bidean».

Agindua Libanon ere

Gaza iparraldeko ebakuazio agindua eman eta gutxira, antzeko mezu bat idatzi du X sare sozialean Adraeek: bizilekutik Awali errekaren iparraldera joateko agindu die Libano hegoaldeko 22 herrixkatan bizi diren herritarrei. Ordu batzuk geroago, Libano hegoaldeko Sidon hiriko auzo bat bonbardatu du Israelgo armadak, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Horren arabera, eraso horretan gutxienez lau pertsona hil dituzte, eta hamalau zauritu.

Eta hirugarren egunez jarraian, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoetako soldadu bat, kasko urdin bat, zauritu du Israelgo armadak. NBEren misioak berak eman du horren berri, X sare sozialaren bidez. Denera, bost kasko urdin zauritu dituzte Israelgo soldaduek asteazkenetik hona, eta eraso horiek kritika ugari eragin dituzte nazioartean.

Gauzak horrela, «gerrarik» ez dutela nahi baina Israelen erasoak ez dituztela «onartuko» esan du gaur Libanoko Defentsa ministro Maurice Sleemek, Libanoko NNA albiste agentziari egindako adierazpenetan. Era berean, Hezbollahk esan zuen, atzo, eskertzen dituela akordio diplomatiko batera heltzeko ahaleginak, baina lehentasuna «Israel garaitzea» dela. Gaur Beiruten izan da Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibaf, eta adierazi du Iranek «errespetatu» egingo dituela «Libanok hartzen dituen erabaki guztiak»; bai Hezbollahk hartzen dituenak, eta baita Libanoko Gobernuak hartzen dituenak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.