Gazako egunerokoa (21)

«Gaza husten ari da ziztuan, odolusten»

-FOTODELDÍA- MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Emakume bat haurrarekin Gaza iparraldean, azaroaren 7an. MOHAMMED SABLE/EFE
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Azaroak 7, asteartea

Hogeita hamabigarren eguna. Gaza husten ari da ziztuan, odolusten: jaki freskorik ez dago ia, eta janari lehorrak eta galtzen ez direnak besterik ez dago dendetan; gero eta ilara luzeagoak daude ura hartzeko; eta jendea desagertzen ari da. Oraindik Gazako hirian eta iparraldeko eskualdeetan geratzen diren biztanle gehienak barnealdeko barrutietan bizi dira; ez da hain erraza hara iristea, eta, hortaz, uste dute tankeek ez dituztela besteak bezain erraz inbadituko. Aldirietako auzoak eta hiri eta herri txikiak ia hutsik daude, hango biztanleek ezin izan dute-eta gehiago jasan erasoa. Beit Hanun-ek, Beit Lahiak eta beste leku batzuek, esan digutenez, herri fantasmak dirudite orain.

Halaxe, halaber, Jabalia hiriaren ekialdeko barrutiak eta kanpalekua, eta kanpalekuaren mendebaldeko auzorik berrienak, hala nola Karama, Tiwam, Mukhabarat Dorreak eta Saftawiren mendebaldea; baita Beit Lahairen mendebaldeko kostaldeko auzoak ere, bereziki Sudania eta Amudi. Den-denak hutsik, lagunek esan didatenez. Gaza hirian, berriz, hutsik dago hegoaldeko auzorik gehiena, batik bat Xaikh Ejleen, Tal al-Hawa eta Zeitun auzoko zenbait toki. Al-Xatiko esparrua ere erdi hutsik dago, Nasser auzoko hainbat leku bezalaxe.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Beste zenbait tokitan, berriz, lehen baino askoz jende gehiago dabil. Gaza iparraldean, Jabaliako kanpalekua, beti bezala, borborka dago, eta Nazal hiria eta Jabalia hiria barnealdetik lotzen dituen errepidea babesleku bilakatu da Gazako desplazatuentzat. F16 hegazkinek egunero-egunero erasotzen diote orain ere esparruari, dozenaka aldiz, baina jendeak beldur handiagoa die tankeei, eta sinetsita daude eremu hori trinkoegia dela tankeak sartzeko.

Gaza hirian, Al-Xifa ospitalea eta haren ingurua dira noski babeslekurik garrantzitsuenak. Hiri bat balitz bezala ikusten du jendeak, eta ez da harritzekoa. Txostenen arabera, 40.000 gazatar bizi dira gaur egun erietxean eta haren inguruan, eta beste milaka daude gertuko eraikin eta eskoletan. Xawako kulturgunean bertan ―antzokia eta biblioteka daude han―, mila lagun baino gehiago daude pilatuta. Ospitale inguruko kale guztietan kanpadendak daude bi espaloietan, etxerik gabe geratu diren familia desesperatuentzako etxe berri.

Jalaa kalea gainezka dago, nahiz eta Nasser auzotik eta mendebaldeko borroka zelaietatik gertu egon. Rimalen iparraldeko eta Nasserren hegoaldeko zenbait eremutan ere, hiriaren erdialdetik gertuago, jendea dago oraindik: Xejaya-n, Twfah-n eta Daraj-en, besteak beste. Hiru auzo horiek, Zeitunekin batera ―zeina «borrokatoki» bilakatua baita jada―, «hiri zaharra» esaten zaionaren parte dira. Eta, borrokaldiak borrokaldi, Zeitungo zenbait zona, Omar Mokhtar kale nagusitik gertukoak, biziaren lekuko dira oraindik.

Eremu horiek barrendegi moduko bat osatzen dute, antza, eta ingurua Israelgo tropek kontrolatzen dute orain. Esku hartzea ez da neurri berekoa kale batean eta bestean. Mendebaldean, gogor-gogorra eta bortitz-bortitza da dena; iparraldea egonkorrago dago itxuraz, batez ere tankeek erabat kontrolpean hartu zutenetik Salah ad-Din errepide nagusia. Jendea barrendegi hartara joan zen hasieran, eta gero handik alde egin; biztanle horien ohiko bizitokia baino hiru aldiz txikiagoa da orain eremu hura.

Gorabidean diren paradisu berriei ere etengabe erasotzen diete. Harantz ihes egin dutenentzat, galdera ez da «Non egongo gara seguruago?», baizik eta «Non dago arriskurik txikiena?».

«Galdera ez da: 'Non egongo gara seguruago?'; baizik eta: 'Non dago arriskurik txikiena?'».

Hori dena gutxi balitz bezala, frutarik eta barazkirik ez da batere geratzen zabalik dauden dendetan. Zerrendako nekazaritza eremu gehienak Israelen tropen mende daude erabat. Tankeek eta hondeamakinek kontrolpean dituzte soroak, 2014an bezala, eta dena suntsitu dute: uztak, baratzeak, ureztatze sistemak eta, jakina, baita nekazarien etxeak ere. Wadi-ren hegoaldean daude oraindik inbaditu ez dituzten nekazaritza eremu bakarrak, Khan Yunis-en ekialdean eta Mawasi-ren mendebaldean. Baina, Gazako zerrenda bitan bereizirik, iparraldea batetik eta hegoaldea bestetik, hegoaldeko ezer ez da iristen sekula iparraldera. Gainera, gordetako eta inportatutako produktu gehienak eskuraezin daude orain, industrialdeetako biltegietan, ekialdean, Israelgo mugatik gertu, inguru horiek ere Israelen esku baitaude guztiz.

Gero eta nekezagoa da jan bila ibiltzea, eta, gehienetan, lantegi antzua. Gero eta estuagotzen ari da hiria, eta gero eta gogorragotzen bizimodua. Gaur itxita daude okindegi gehienak. Zabalik dauden bakan horien kanpoaldean, ehunka eta ehunka lagun daude ilaran. Lehen lau orduko itxaronaldia zena zazpikoa edo luzeagoa da orain. Lokartu baino lehen, gauza bakarra izaten dugu orain buruan: zer jango ote dugun bihar. Zer baino gehiago, nola.

Bart Jabalia hiriaren erdialdera joan nintzen haragi pixka baten bila, baina, berandu iritsi, eta itxita zeuden harategi guztiak. Zin egin nion Faraji gauza gozo-gozoren bat prestatuko nuela gau hartan. Ez dut gogoan noiz jan nuen haragi gorria azken aldiz. Duela hamar bat egun oilaskoa jan genuen, baina haragi gorririk ez. Faraji eskatu nion ekartzeko irin pixka bat. «Irina?», hark galde. «Bai, lasai, utzi nire esku», nik. Badirudi zoria aldeko dudala gaur gauean, indioilar saltoki bat aurkitu baitut kalean. Jende mordo bat dago inguruan, eta gizonak badu nahiko lan eskariei erantzuten. Haren laguntzailea, zain gauden bitartean, hegaztiak hiltzen eta lumatzen dabil, eta izterrak, bularkiak eta hegoak mozten. Eskatu adina saltzen du gizonak, neurri bateraino behintzat. Nik kilo eta erdi eskuratu dut.

Sua egin dugu bukatu gabe zegoen eraikin bateko bigarren solairuan. Irina, ura eta gatza nahastu ditut. Gero, Mahomak orearekin ogia egiten lagundu dit, eta laberako prest utzi ditugu. Metal zati bat jarri dut sutan, eta, berotuta, labe bihurtu zaigu. Hogei ogitxo egin, eta indioilarra prestatzen hasi naiz gero, xerratan moztuta. Zartagin handi bat sutan jarri, eta tipula eta piperra frijitu ditut; gero, haragiarekin nahastu. Sukaldeko espezia batzuk gehitu, eta jan. Horri sajia esaten diogu guk: egurrezko sutan egin beharra dago nahitaez. A zer festa egin dugun!

Gaur goizean, Hiroshimako argazki zahar bat ematen zuen gure kaleak. Hondakinak nonahi. Bitxia izan da oraindik zutik dauden eraikin gutxi horietako batetik begira egotea.

Al-Xifa ospitalearen parean, bi lagun zaurituta daude asto batek tiraka daraman gurdi batean. Hiru anbulantziak bost gorpu ekarri dituzte bart gaueko erasoaldietatik, eta emakume bat oihuka joan zaie atzetik: «Non da nire semea?». Inork ezin erantzun. Emakumea negarrez dago, semea joana dela jakinik. Yasserrek galdetu dit ea zergatik ez den limoia besterik geratzen barazki dendan. «Limoia besterik ez dagoelako», nik erantzun. «Baina zertarako erabiltzen du jendeak?», hark berriz ere. Limoi ura egiteko ere, botilako ura behar da, eta jadanik inork ez dauka halakorik.

Irribarrez, esan diot duela bi gau Eixaren etxean zopa egiteko erabili nuen patata zati hura izango zela, beharbada, Gaza guztiko azken patata zatia.

Hurrengo atala: «Atzo apenas jan nuen ezer»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.