NBE Nazio Batuen Erakundearen 2012ko txosten baten arabera, 2020rako ezinezkoa bilaka zitekeen Gazan bizitzea, eremu horrek osasunaren, uraren, argindarraren eta hezkuntzaren aferetan dituen arazoengatik. Eta, halere, zerrendan bizi diren bi milioitik gora herritar han daude oraindik, ezin atera, eta, GKE gobernuz kanpoko erakundeen arabera, bizi baldintza txarretan. Gaza da Israelek Palestinako lurralde okupatuetan duen politikaren adibiderik argiena, eta, batez ere, Palestinaren historiako azken mendea hobekien laburbiltzen duena.
Milizia palestinarrek Israelen kontra joan den larunbatean abiaturiko erasoaren ondorioz, Gazaren egoera berriz itzuli da arretaren erdigunera Palestinako gatazkaren aferan. 365 kilometro koadro inguruko eremua da, Israelekin, Egiptorekin eta Mediterraneoarekin muga egiten duena, baina, batez ere, biztanleria dentsitate handia duena: 6.000 lagun bizi dira kilometro koadroko. Hori ikusirik, eta 2007an Israelek lurreko, aireko eta itsasoko itxiera inposatu zuenetik —nazioarteko zuzenbidearen arabera, blokeo hori okupazio mota bat da—, urteak dira zerrendako herritarren egoera humanitarioa larria dela. Are, palestinarrek «aire zabalean dagoen espetxe» gisara deskribatzen dute, baita zenbait GKEk ere.
Egungo egoera horretara iritsi aurretik, Gazak denetariko erasoak, gerrak eta egoerak jasan ditu hamarkadotan. Historia eta gertakarien zerrenda luzea du eremuak, baina Bigarren Mundu Gerraren amaiera eta Israelgo Estatuaren sorrera (1948an) dira egun gertatzen ari direnaren arrazoi nagusietako bi. Eta horiek eragindako gertakariak: kasurako, Nakba, 750.000 palestinar baino gehiago beren lurraldeetatik bota zituztenekoa. Horrek eta gerora izandako gatazkek eraginda, Gazako herritarren %60 errefuxiatuak dira, edota horien ondorengoak.
Gazaren mapa Euskal Herriko maparen gainean jarrita, lurraldeak Baionatik Donostiara arteko eremua hartuko luke; tarte horretan bizi dira bi milioi pertsona. / BERRIA
Oro har, Gaza batailaz inguratuta egon da azken 75 bat urteetan. Israelgo Estatua sortzearekin batera, herrialde horren eta inguruko beste herrialde arabiarren arteko gerra bat izan zen 1948an, eta Gaza Egiptoren kontrolpean geratu zen, hogei urtez; 1967an, berriz, Sei Eguneko Gerra izan zuten Israelek eta herrialde arabiarrek, eta, horren bidez, Gaza, Zisjordania eta Jerusalem okupatu zituen Israelek.
Berrogei urte geroago irten zen Israel Gazatik, Bigarren Intifadaren, Palestinaren independentziaren aldeko bigarren matxinadaren ondorioz —Tel Aviven alde bakarreko erabakia izan zen—; 2005ean izan zen hori, eta zerrendaren inguruan bizi ziren 8.000 kolono judu eta soldadu Zisjordaniara lekualdatu zituzten.
Gatazka, ordea, ez da Israelekin soilik izan, palestinarren artekoa ere izan baita, barnekoa. Kasurako, 2006koa: Hamasek irabazi zituen Palestinako Kontseilu Legegilerako hauteskundeak, aulkien gehiengo osoa bilduta —132tik 74—, batez ere Gazan jaso zuen babesarengatik. Hori bai, Al-Fatahk —PAE Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusia da—, Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, ez zituzten onartu emaitza horiek, eta, beraz, ezta Hamasen gobernuaren zilegitasuna ere.
Harrezkeroztik, Hamasek gobernatzen du Gazan, eta Al-Fatahk, berriz, Zisjordanian kontrolpean dituen eremuetan; izan dira saiakerak urteotan batasuna berreskuratzeko, baina ez dute erabateko berradiskidetzerik lortu.
Lau eraso militar handi
Eta blokeo hori abiatu zuenetik, besteak beste, Israelek lau eraso militar handi egin ditu Gazaren kontra: 2008an, 2012an, 2014an eta 2021ean. Horietan milaka palestinar hil eta zauritu ditu herrialde horretako armadak; batez ere, zibilak —duela bi urteko erasoaldian 260 lagun hil zituzten, kasurako—.
Israelgo militarren eta gobernuaren aitzakia da Hamas «suntsitu» behar dutela, eta, hain justu, egunotan arrazoi berbera erabili dute Gaza bonbardatzeko. Bien bitartean, zerrendako mugan soldaduak biltzen ari dira, eta baliteke lurreko beste inbasio bat egitea.
Edonola ere, egunotako aireko erasoek are gehiago zaildu dute oinarrizko baliabideak lortzeko helburua, eta, beraz, are gehiago zaildu dute egoera humanitarioa. Operazio militar horien eta blokeoaren ondorioz, palestinarren %80 atzerriko laguntzen menpe daude, NBEren datuen arabera. Ekonomiak ere ez du arrera egiten, eta oso gutxi hazten da; Munduko Bankuak esana du, gainera, herritarren ia erdiak, %40 inguru, langabezian daudela.