Gaza bonbardatzeari ekin dio beste behin Israelgo armadak. Ostiral arratsaldean jakinarazi duenez, Egunsentia deituriko operazioa abiatu du, eta gutxienez zortzi palestinar hil eta 55 zauritu ditu jada, Gazako Osasun Ministerioaren arabera; tartean, bost urteko haur bat. Jerusalem Post hedabideak jakinarazi du Tayseer al-Jabari Jihad Islamikoko buruzagia hil dutela, Gaza iparraldean. Israelen esanetan, «hamar eta hogei terrorista artean» hil dituzte, sei gune bonbardatuta.
Palestinako Wafa berri agentziak ere baieztatu du Gaza bonbardatzen ari direla; besteak beste, Rimal auzoko Palestina Dorrea jo dutela zehaztu dute.
Zisjordanian Israelek okupatutako eremuetan izandako erasoen ondoren dator Gazakoa. Israelgo armadak sarekada bat egin zuen astelehenean, eta 17 urteko palestinar bat hil zuen Jenin hiriko errefuxiatu kanpalekuan: Dirar al-Kafrini. Gainera, Bassam al-Saadi Jihad Islamikoko buruzagia atxilotu zuten.
Gutxienez 60 palestinar hilak aurten
Jihad Islamikoaren «mehatxu zuzenak» aipatuz justifikatu du Israelek bonbardaketa. Haren esanetan, asteleheneko sarekadaren ondoren egin ditu «mehatxuok» Gazako Jihad Islamikoak. Yair Lapid Israelgo lehen ministroak esan du ez dietela utziko «talde terroristei Israelgo mugetan eragiten eta israeldarrak mehatxatzen». Jihad Islamikoak, berriz, ziurtatu du ez dutela etsiko, erasoak eraso: «Erresistentziak bat eginda jarraitzen du».
Ikusi gehiago:Israelgo armadak 17 urteko palestinar bat hil du sarekada batean Zisjordanian
Israelgo armadak hilabeteak daramatza Jenini erasotzen. Izan ere, Jihad Islamikoa eta Al-Fatah talde armatuek presentzia handia dute hiri horretan. Aurten gutxienez 60 palestinar hil dituzte, eta horietatik herenak Jeningoak dira.
Atxilotu ugari ere izan dira azken bi hilabeteetan Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eskutik, gutxienez 94 palestinar atxilotu baitituzte.