Palestinako gatazka

Gaza, argindarrik gabe, eta lurreko erasoaldi bat jasateko zorian

NBEk eskatu du borrokak ez «kutsatzeko» Libanoren eta Israelen arteko muga. Arabiar Ligak Gazaren kontrako «zigor kolektiboa» gaitzetsi du. Netanyahuk eta Gantzek larrialdi gobernu bat adostu dute

Israelgo armada artilleriarekin Gaza bonbardatzen, atzo, Gazako mugan. MARTIN DIVISEK / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gazak erabat blokeatuta jarraitzen du, eta eremua etengabe bonbardatzen ari da Israel. Egoera humanitario makurrean daude eremuko 2,3 milioi biztanleak, eta are gehiago okertu ziren baldintzak atzo, goizaldean erregairik gabe gelditu baitzen zentral elektriko bakarra. Ordutik, argindar gabe daude. Iluntasunean murgildu zen eremua gauean, eta nabarmen zaildu zuen «oinarrizko zerbitzuak eta baliabideak» herritarrei eskaintzea. Argindarrik gabe, ospitaleetan «larrialdietarako sorgailuekin» aritu beharko dute lanean. Edonola ere, bi-lau egunerako adina argindar soilik dute sorgailu horiek.

Israelgo Gobernuak iragarri zuen: «Gazan ez dute ez urik, ez janaririk, ez argindarrik izango». Eta horretarako bidean da. NBE Nazio Batuen Erakundeak giza laguntzarako korridore bat irekitzeko eskatu badu ere, Tel Avivek berretsi du setioari eutsiko diola, Israel Katz Energia ministroaren esanetan, «Hamasen mehatxua desegin arte».

Gazako agintariek nazioarteari eskatu diote «ahal bezain laster» bidaltzeko laguntza, Gaza eta Egipto arteko Rafahko korridorea ere itxita baitago astelehenetik —Kairok itxi zuen, Israelek horren aurka ere egingo zuela ohartarazi ondoren—. Baina, egoerari erreparatuta, «behin-behineko eta aldi baterako» su eten baten inguruko negoziazio posibleei buruz ari dira eztabaidatzenAEBak eta Egipto, Rafahko korridoretik Gazara giza laguntza eraman ahal izateko.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi du hamabi egunerako elikagaiak eta ura baino ez dituela. Oraintxe, 180.000 palestinar baino gehiago daude batzordeak kudeatzen dituen zentroetan. «Errepideak blokeatuta daude, eta ez daukagu linearik sakelakoan; oso zaila da zer gertatzen ari den jakitea», azaldu du batzordeko zuzendariorde Jennifer Austinek.

Gatazka hedatzeko arriskua

Herenegun gauean zehar beste 320 «helburu» bonbardatu zituen Israelek Gazan. Eremuko Osasun Ministerioak eta Palestinako Atzerri Ministerioak salatu dutenez, Israelek Gazako 22.600 etxebizitzari, hamar ospitaleri eta 48 eskolari egin die eraso larunbatetik hona. Atzo, Gazako unibertsitaterik handiena ere bonbardatu zuen, argudiatuta Hamasekin «loturak» dituela.

Baina beste dimentsio bat hartzear da gatazka, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek herenegun ohartarazi zuenez: armada «eraso integral bat» ari da prestatzen. Ofentsiba airetik hasiko dutela azaldu zuen, eta, «aurrerago», lurretik ere egingo dutela. «Hamasek aldaketa bat nahi zuen, eta izango du. Gaza ez da sekula berriz izango izan zena».

Erasoaldiaren mehatxupean, borrokak beste fronte batzuetara zabaltzen ari dira. Atzo goizaldean, Libanotik Israelera zenbait misil jaurti zituzten. Hezbollah miliziak bere gain hartu zuen, argudiatuta Israelek taldeko hiru kide hil zituela astelehenean. Erantzun gisa, Libano hegoaldea bonbardatu zuen Israelek.

Iluntzean, eremu horretako erasoaldiak areagotu zitzakeen abisu bat zabaldu zuten Israel iparraldeko agintariek. Haien arabera, zenbait miliziano Libanotik Israelera sartu ziren, aireko espaziotik. Berehala, «bunkerretan gordetzeko» aholkatu zieten eremu horretako herritarrei. Kontraeraso horren berri eman eta gutxira, ordea, halakorik gertatu izana ukatu zuen Israelgo armadak. Ziurtatu zuen ez zela infiltraziorik egon, eta «lasai egoteko» eskatu zien herritarrei.

Dena den, NBEk aldeei eskatu zien gatazkaren «kutsatzea» eragozteko Israelen eta Libanoren arteko mugan. Antonio Guterres erakundeko idazkari nagusiaren esanetan, horixe du NBEk«lehentasunetako bat».

Arabiar Ligak, berriz,«berehala» su eten bat ados dezatela eskatu zien atzo bi aldeei, Omanen bildu ondoren. Hain justu, gatazka izan zuten hizpide bilkuran, eta, su etenerako deia egiteaz gain, «zibilen aurkako eraso eta krimen oro» gaitzetsi zituzten. «Gazako herritarren aurkako kontraerasoa zigor kolektiboa da», esan zuen erakundeko ordezkari Ahmed Abul Gheitek.

Larunbatetik hona gutxienez 1.100 palestinar hil eta 5.300 zauritu ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera —horien artean daude 320adingabe baino gehiago—. Israelek jakinarazi duenez, bere aldean gutxienez 1.200 lagun hil dituzte, eta 3.100 baino gehiago dira zauritutakoak.

Gerrarako gobernu bat

Borroken harira, larrialdi gobernu bat osatzea adostu zuten atzo Netanyahuk eta oposizioko kide eta Defentsa ministro ohi Benny Gantzek. Haien hitzetan, alde batera utzi dituzte «diferentzia politikoak», gatazka «elkarrekin kudeatzeko». Israelgo hainbat hedabidek aurreratu zutenez, Netanyahuk, Gantzek eta Gallantek osatuko dute gerra kabinetea. Bestalde, adostu dute «gerrarekin zerikusia duten lege proiektuak soilik» sustatuko dituztela.

Oposizioko buru Yair Lapidek ez du baieztatu larrialdi gobernu horren parte izango den ala ez. Izan ere, esan zuen ez duela «eskuin muturrarekin gobernua partekatu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.