Hebe de Bonafini

«Gau iluna argitu zuena» itzali da

Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko presidentea hil da. Argentinako Junta Militarraren diktaduran bi seme desagertu zitzaizkion; 1970eko hamarkadatik gaur egun arte, Buenos Airesko plazan bildu zen ostegunero.

GUILLERMO RONIS / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Etzi ere elkartuko dira hainbat ama Buenos Airesko Maiatzeko Plazan, 1977tik egiten duten moduan, Argentinako Junta Militarrak seme-alabak desagerrarazi zizkiela salatzeko. Ostegun hau, ordea, desberdina izango da. Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko presidente eta giza eskubideen aldeko borrokaren ikur izandako emakumearen falta sumatuko dute. Herenegun zendu zen Hebe de Bonafini, 93 urte zituela. «Diktadura militarraren gau iluna argitu zuen, eta demokrazia berreskuratzeko bidea urratu», adierazi du Argentinako Gobernuak, ohar baten bidez. Hiru eguneko dolu nazionalera deitu du, «gau iluna argitu zuenaren» omenez.

Maiatzeko Plazako Amen Elkarteak eman zuen De Bonafiniren heriotzaren berri, amaren batek bizia galtzean hark erabiltzen zituen hitz berberekin: «Etxez aldatu da».

Junta Militarraren diktaduran (1976-1983) bi seme desagertu zitzaizkion —Jorge Omar, 1977ko otsailaren 8an, eta Raul Alfredo, abenduaren 6an; haren errain Maria Elena, Jorgeren emaztea, hurrengo urtean desagertu zen—. Beste hainbat ama eta etxekoandre De Bonafiniren egoera berean zeuden —guztira 30.000 lagun desagerrarazi zituzten diktaduran—, eta bakoitza bere aldetik aritu zen seme-alaben bila, harik eta ostegun batean —1977ko apirilaren 30ean— elkarrekin borrokatzea erabaki zuten arte.

Buenos Airesko Maiatzeko Plazan elkartzen hasi ziren —plaza horren ondoan dago Casa Rosada eraikina, Argentinako presidentearen egoitza—, seme-alabak etxean bizirik nahi zituztela aldarrikatzeko. Poliziak ukatu egiten zien manifestariei plazan bertan plantatzea; ondorioz, Maiatzeko Piramidearen bueltan ibiltzen ziren. Emakumeen asteroko ibiliak giza eskubideen aldeko eta diktaduraren aurkako sinbolo bihurtu ziren. Ilea zapi batekin estalita ibiltzen ziren, «guztiaren gainetik ama zirela adierazteko», azaldu izan zutenez. Ostegunero joaten zen De Bonafini plazara. «Oinez irakatsi zenigun; orain zure pausoei jarraituko diegu guk», adierazi du desagertuen amen elkarteak.

1979an sortu zuten Maiatzeko Plazako Amen Elkartea, eta De Bonafini izan zen elkarteko presidentea sorreratik. 1983an demokrazia berreskuratu zutenean, elkartea bitan banatu zen. Hainbat kidek Madres Linea Fundadora elkartea sortu zuten; estatuari pentsioak eskatzeari eman zioten garrantzia, beren seme-alabak itzuliko ez zirelakoan. De Bonafinik Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko buru izaten jarraitu zuen, eta beren seme-alabak etxera bizirik itzultzearen alde borrokan jarraitu zuten elkarteko kideek.

Latinoamerikako mugimendu ezkertiarren aldeko jarrera erakutsi izan zuen. Hugo Chavez Venezuelako presidente zenarekin eta Fidel Castro Kubakoarekin elkartu zen behin baino gehiagotan. 2000. urtean Espainiako Estatuari «terrorista» deitu zion, «ETAko kideak torturatzeagatik», eta elkartasuna ere adierazi zien presoen senideei. Cristina Fernandez Argentinako presidente ohi eta egungo presidenteordearen defendatzailea ere izan zen.

«Sinboloa»

«Giza eskubideen aldeko borrokaren mundu osoko sinboloa»: horrela deskribatu du Kirschnerrek Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko burua, sare sozialetan zabaldutako mezuan. «Borrokalari nekaezina» izan zen De Bonafini, Alberto Fernandez Argentinako presidentearentzat. Semeak eta erraina etxean izan gabe hil da De Bonafini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.