Gerra Ukrainan. Komunikazioa

Gatazkaz aritzeko bi modu antagoniko

Zelenski aktorea izan da, eta ikus-entzunezkoez duen ezagutza baliatzen ari da gerraren nondik norakoak gertutasunez komunikatzeko. Putinek molde klasikori eutsi dio horretarako; are, Kremlini ez zaio axola irudi zakar bat plazaratzea.

Besteak beste, Putinen eta Zelenskiren adinek azaltzen dute komunikatzeko modua. BERRIA.
Igor Susaeta.
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Volodimir Zelenskik (1978) trajea eta gorbata armairuan gorde zituen gerra hasi eta ordu batzuetara. Errusiako armada Ukraina bonbardatzen hasi zen egunean, joan den otsailaren 24an, Ukrainako presidenteak janzkera formalarekin egin zuen eguneko lehendabiziko agerraldi publikoa. Orduz geroztik, baina, entrenamendu militarrerako elastiko edota jertse berdea soinean dituela mintzatzen zaio munduari; askotan, sare sozialen bidez. 2019an estatuburu bilakatu aurretik aktorea zen —umoregilea nagusiki—, eta ikus-entzunezkoetan pilatutako eskarmentua baliatzen ari da bere herrialdean azken bi asteetan gertatzen ari denaz jarduteko. Gerraz aritzerakoan, Vladimir Putin Errusiako presidenteari (1952) nabaritzen zaio, bestalde, Zelenski baino 26 urte zaharragoa dela, ia 23 urte daramatzala boterean, Sobietar Batasuneko espioi bat izan zela eta protokoloaren molde klasikoei eusten diela. Gatazka komunikatzeko bi modu antagoniko dira Zelenskirena eta Putinena.

Botereko elitearen eta ustelkeriaren kontrako mezu argiarekin iritsi zen Zelenski presidentetzara, hauteskundeak nabarmen irabazita. Agindutakoak aurrera eramaten oztopoak eduki ditu, ordea, eta, gainera, COVID-19ak eragindako pandemia kudeatzea tokatu zaio. Hori bukatu gabe dagoenean iritsi da gerra. Berarekin kritiko direnek egozten diote ez dagoela prestatuta nazioarteko harremanetarako; areago, Errusiaren inbasioa hasi baino lehenago, «dena ikuskizun baten gisara tratatzea» aurpegiratzen zion The Kyiv Independent hedabideko zuzendari Olga Rudenkok, The New York Times-en argitaratutako artikulu batean. «Berdin du zer hitz egiten duen, entretenigarria den bitartean».

Gerra hasi ondorengo egunean, aldiz, Ukrainako presidentea laudatu zuen Twitterreko bere kontuan: «Gidatzen duen nazioaren dina dela erakusten ari da». Iturri ofizialen informazioarekin zenbait komunikabidek egun horretan bertan kaleratu zutenez, Zelenskik bideokonferentziaz esan zien EBko Europako Batasuneko liderrei hura izan zitekeela, beharbada, bizirik ikusiko zuten azkeneko aldia. Inbasioa hasi zenean ekin zion, gainera, sare sozialak erreminta gisa erabiltzeari bere presentzia mediatikoa areagotzeko, gertutasuna adierazteko eta mezuak plazaratzeko.

Otsail amaieran The Washington Post egunkariak Etxe Zuriko iturriak aipatuz argitaratu zuenez, AEBetako Gobernuak jakinarazi zion Zelenskiri Kievetik alde egiten lagunduko ziola. Iturri horien beraien arabera, hau erantzun zien Ukrainako presidenteak: «Ez dut bidaia bat behar, munizioa baizik». Eta Zelenskik bideo bat jarri zuen Twitterren otsailaren 26an, zeinean agertzen zen, Kieven, bere gobernuko lau ministroz inguratuta, denak janzkera militarrarekin. Gerraren erdian erresistentziarako prest dagoen herritar soil gisa agertzeak mundu osoan ospea eman dio Ukrainako presidenteari.

Otsailaren 26ko bideo horretan agertzen zirenetako bat zen Oleksii Reznikov Defentsa ministroa. Hurrengo egunean birala egin zen argazki bat. Selfie horretan zeuden Reznikov eta Zelenski irribarretsu, bizkarretik heldutik. Sare sozialetan askok konparatu zuten Kremlinek duela pare bat aste publiko egindako argazki batekin. Horretan ikusten zaio Putini mahai luze baten muturrean eserita, armadako bi goi kargudun lauzpabost metrora dituela.

Aintzat hartu behar da, gainera, Errusiako Gobernuak azkeneko asteetan zabaldutako irudietan bakartuta bezala ikusten zaiola Putini, bere inguruko funtzionarioekin distantzia zainduz bezala. Adierazgarria izan zen, esaterako, joan den otsailaren 23ko Errusiako Gobernuaren Segurtasun Kontseiluaren bileran gertatutakoa. Bi dozena inguru funtzionario eta presidente bildu ziren, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken aitortzaz hitz egiteko. Presidentea mahai batean bakarrik, eta besteak parean, zenbait metrotara. Sergei Narixkin Atzerriko Inteligentzia Zerbitzuko burua ari zen hitz egiten, baina Putinek ez zuen gustuko zer ari zen entzuten. Moztu egin zion. Narixkin totelka hasi zen, eta Putinek, zakar, entzun nahi zuena esanarazi zion funtzionarioari, jendaurreanumiliatu arte ia-ia. Kremlinek zuen irudi horien kontrola, eta, ondoriozta daiteke, horrenbestez, Putinen aurpegi hori zabaldu nahi izan zuela lau haizeetara.

Irudia zainduz

Munduko liderren artean, ekitaldi publikoetatik kanpo bere irudia ezagutarazteaz gehien arduratu direnetako bat da Putin. Horregatik, azken hogei urteotan Kremlineko buruzagia agertu da bale bat harrapatzen, judoko lehia batean kontrarioa lurrera botatzen —gerriko beltza da—, 1 Formulako auto bat gidatzen, tximeleta estiloan igeri egiten, edo, besteak beste, kamisetarik gabe zaldi baten gainean; hau da, maskulinitate hegemonikoaren paradigma bihurtu da bere ekintzekin.

Komunikatzeko joko zelaia aldatu egin da azken hamarkadan, eta Ukrainako gerrak izugarrizko jarraipena du sare sozialetan. «Putin iraganeko gizon bat da. Ez daki Internet erabiltzen, eta ez daki nola funtzionatzen duen. Areago: uste du Interneta CIAk sortu zuela, eta, horregatik, mehatxu bat dela Errusiarentzat», adierazi zion Efe berri agentziari, iazko martxoan, Anton Orekh kazetari errusiarrak. Horrekin lotuta, Errusian Twitter eta Facebookerako sarbidea blokeatzea erabaki zuen Putinek, joan den ostiralean. Hain zuzen, horiez baliatzen da Zelenski. Komunikatzeko moduan ere gerra bat dute bi agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.