Azken egunetako erasoak «gerra deklaraziotzat» hartu ditu Hezbollahko buruak

Israelek Hezbollahren posizioak banbardatu ditu Libanon, Nasrallahren hitzaldiaren ostean. NBEk Israeli eskatu dio amai dezala Gazaren «legez kanpoko okupazioa», eta urtebeteko epea eman dio horretarako; ebazpena ez da loteslea.

Libanoko herritarrak Hassan Nasrallah Hezbollahko liderraren agerraldia jarraitzen, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Libanoko herritarrak Hassan Nasrallah Hezbollahko liderraren agerraldia jarraitzen, Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Arantxa Elizegi Egileor - Aitor Garmendia Etxeberria
2024ko irailaren 19a
21:00
Entzun

«Gerra ekintza bat izan da, Libanoko herriari eginiko gerra deklarazio bat». Horrela definitu ditu azken egunetako erasoak Hezbollah talde xiitako lider Hassan Nasrallahk. Gaur arratsaldean eman dute bere adierazpena, eta, une berean, Israelgo armadako hegazkinak ibili dira Beirut inguruan. Atzo gauean hitz egin zuen Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek, eta ohartarazpen hau egin zuen: «Beste fase batean sartu da gerra. Hainbat hilabetez Gazan Hamasen aurka borrokatu ostean, grabitate zentroa iparraldera mugitu da, baliabideak eta indarrak desbideratuta». Israelek ez du orain arte hitzik egin Hezbollahren aurkako azken bi egunetako erasoez —gutxienez hamabi pertsona hil ziren herenegun talde armatuko kideen bilagailuak leherrarazita; atzo, berriz, walkie-talkieak zartarazi zituzten, eta 25 dira, oraingoz, hildakoak—, baina Gallantek zoriondu egin ditu herrialdeko informazio zerbitzuak erdietsitako «lorpen handiengatik», xehetasun gehiagorik eman gabe.

Israelgo armadaren hegazkinek dozenaka eraso egin dituzte Libanon azken orduetan. Reuters berri agentzia britaniarrari Libanoko iturri ofizialek adierazi diotenez, iragan urrian Gazako oldarraldia areagotu zenetik, Israelek Libanon egindako «aire eraso bortitzenak» izan dira. Israelgo armadak bere Telegrameko kanalean jakinarazi duenez, Hezbollaheren ehun bat jaurtigailu eta bestelako azpiegitura suntsitu dituzte. Gehitu dutenez, jaurtigailu horiek prest zeuden Israelen aurka «berehala» erabiltzeko. Libanoko Berri Agentzia Nazionalak, guztira, 52 eraso baino gehiago zenbatu ditu azken orduetan herrialdearen hegoaldean.

Era berean, talde xiitak Israel iparraldea erasotzen jarraitu du. Nasrallahk adierazi du Israelek «lerro gorri guztiak» igaro dituela azken egunetako erasoekin. Jakinarazi du 4.000 gailu baino gehiago lehertu zituztela, eta esan du une beran 4.000 lagun hiltzea zela Israelen asmoa. Hori «ekintza terrorista» izendatu du, eta «erantzun justua» emango diotela baieztatu du. Horregatik, hitzeman du Hezbollahk «Gazako erresistentzia babesten» jarraituko duela eta ez dietela utziko Israelgo «legez kanpoko kolonoei» iparraldera itzultzen. Gaur bertan zenbait eraso egin dituzte eta Isralego armadak jakinarazi duenez, bi militar hil dira Hezbollahren eraso batean.

Izan ere, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erasoez geroztik egindako lehen agerraldian iragarri du euren helburua dela Israel iparraldean bizi diren kolonoak «etxeko segurtasunera itzuli ahal izatea» bermatzea. Segundo gutxi batzuk iraun du goizaldean egindako agerraldiak, baina nahikoa Tel Aviven asmoak argi uzteko. Izan ere, Reuters agentziaren arabera, azken orduetan Libanoko mugara mugitu da Israelgo armadaren 98. dibisioa, lehen Gaza iparraldean zegoena.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek gaitzetsi egin ditu erasoak, eta indarkeria geldiarazteko eskatu die bai Israeli eta bai talde armatu xiitari. Erakundea bihar da biltzekoa, itxuraz, Israelgo informazio zerbitzuen esku hartzearen bitartez egindako erasoez hitz egiteko. Dena den, Guterresek berak nabarmendu du operazioak Libanoren aurkako eraso «zabalago baten aurrekaria» izan litezkeela: «Argi dago tresna horiek denak leherraraztearen asmoa dela kolpe prebentibo bat eragitea operazio militar handiago bat hasi aurretik».

Israel eta talde armatu xiitaren arteko gatazka ez da berria. Gazaren aurkako erasoaldia hasi zenetik, gogortu egin dira borrokak. Baina herenegungoa bezalako operaziorik ez da orain artean ikusi. Libanoko informazio iturrien arabera, Hezbollahk komunikaziorako baliatzen zituen 2.800 bilagailu zartarazi zituzten aldi berean. 4.000 izan zirela esan du talde xiitako buruak.

Ez dago oraindik argi bilatzaile horiek nork eta non egin zituzten. Baina The New York Times egunkariak Israelgo iturriak aipatuz zabaldutako informazioaren arabera, Hungariako BAC enpresak zuen gailu horiek ekoizteko kontratua. Horiek, AEBetako egunkariaren arabera, Taiwango enpresa batentzat ziren, Gold Apollorentzat. Ordea, kazetak zabaldu duenez, Israelgo informazio zerbitzuak arduratu ziren egiaz gailuak egiteaz, eta Hungariako konpainia baliatu zuten beren lana ezkutatzeko.

Atzo, antzeko eraso bat egin zuten, baina walkie-talkieak eta zenbait sakelako telefono leherraraziz. Talde armatuak Israelgo informazio zerbitzuei egotzi dizkie erasoak. Izarkomeko Asier Garaialdek egunkari honi azaldu zionez, litekeena da Tel Avivek lehergai gramo batzuk sartu izana gailuetan, horiek zartarazteko. Arriskua saiheste aldera, Libanoko Gobernuak debekatu egin ditu pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak hegazkinetan.

NBEren ebazpena

Palestinako buruzagiek historikotzat jo duten ebazpena onartu du bart NBEk. Bertan, eskatu dio Tel Avivi amai dezala «legez kanpoko okupazioa», eta urtebeteko epea eman dio horretarako. Eskariaren alde bozkatu dute 124 estatutako ordezkariek, eta aurka hamalauk; 43 abstenitu egin dira —aurka bozkatu dutenen artean daude Argentina eta AEBak—. Ordea, eskaria ez da loteslea.

Bien bitartean, erasoaldiaren urteurrenerako egun gutxi batzuk falta diren honetan, Netanyahuren gobernuak Gaza bonbardatzen jarraitzen du etengabe. Azken orduetan Rafah mendebaldea izan dute jomuga, zehazki Al-Mawasi eremua. Gazako beste hainbat tokitatik ihesi joandako ehunka desplazatu daude bertan aterpe hartuta. Gaza hiriaren hego-ekialdea ere bonbardatu dute, eta tiroketak izan dira Khan Yunis ekialdean.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoarenak dira azken hilabeteetan Israelek bonbardatutako eraikinetako asko. Hala salatu du erakundeko idazkari nagusi Phlippe Lazzarinik: «Gure langile gehiegi hil dira gure eraikinen aurkako bonbardaketetan. Desinformazio eta informazio oker asko zabaldu da, besteak beste, gure langileen hilketak zuritzeko asmoz, esanez Hamas edo antzeko talde armatuetako kideak direla. Salaketa publiko izugarriok ez dituzte frogatu, eta arriskutsuak dira».

Gutxienez beste hiru hildako Zisjordanian

Gaur gutxienez hiru palestinar hil ditu Israelgo armadak sarekada batean Zisjordanian, Jenin hirian. Hori jakinarazi du Palestinako Wafa albiste agentziak. Kaleratu duen informazioaren arabera, hiru soldadu etxe bat miatzera sartu dira, eta ondoren hiru gorpu atera dituzte teilatutik. Irail hasieran, Zisjordaniaren aurkako aspaldiko erasoaldirik bortitzena hasi zuen Israelek, eta ordutik 30 pertsona baino gehiago hil ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.