M23 Martxoak 23 gerrillak Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hiria hartu zuen atzo, eta, horren ondoren, mezu bat helarazi diete, ñabardurak gorabehera, matxinoei eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuari: gatazka ez dadila areagotu. Hori esan dute, besteak bestek, Afrikako Batasunak, EB Europako Batasunak, AEBek eta Afrika Ekialdeko Komunitateak. Auziari buruzko bilera bat egingo du elkarte horrek datozen orduetan, eta Kenyako presidente William Rutok baieztatu du Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Ruandako presidenteek,Felix Tshisekedik eta Paul Kagamek, horretan parte hartuko dutela —mugakideak dira bi herrialdeak, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak Ruandari egozten dio milizianoei laguntzea—.
Afrika Ekialdeko Komunitatearen presidente ere bada Ruto orain, eta, esan duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoarentzat ez ezik, eskualdearentzat berarentzat ere «auzi existentzial bat» da gertatzen ari dena. «Beraz, modu kolektibo batean erantzun behar dugu», gaineratu du Nairobin (Kenya), agerraldi batean.
Izan ere, Jens Laerke OCHA NBEren Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoko bozeramaileak adierazi du gorpu asko daudela kalean, eta matxinoen, armadako kideen eta gobernuaren aldeko milizien arteko borrokak «gogorrak» direla. BBC Erresuma Batuko telebistaren esanetan, gutxienez hamazazpi dira hildakoak, eta 400 inguru zaurituak. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen Afrikarako buru Patrick Youssefek agerraldi batean esan du artilleria astuna erabiltzen ari direla leku jendetsuetan.
Reuters berri agentziaren arabera, borrokak aireportuaren inguruan ari dira gertatzen, batez ere. Hainbat hedabidek bertako iturriak aipatuz jaso dutenez, armadak eta Monusco NBE Nazio Batuen Erakundearen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren tropek aireportuaren kontrolari eutsi diote goizean. Orduak pasa ahala, ordea, kontrol hori galtzen joan dira; eta Reutersek argitaratutakoaren aburuz, matxinoek aireportua bereganatu dute. Errepide nagusiak, bestalde, blokeatuta daude, eta Interneterako sarbidea ia etenda dago guztiz, NBEk jakinarazi duenez.
Eta, azken egunetan gertatutakoaren ondorioz, handitu egin da desplazatuen kopurua. 1998an matxino taldeen eta armadaren arteko borrokak hasi zirenetik, herrialdearen ekialdean 6,2 milioi pertsonak desplazatu behar izan dute Kongoko Errepublika Demokratikoaren barruan. Datu hori plazaratu zuen NBEk iaz. Goman, esaterako, milioi bat inguru desplazatu zeuden aurreko asteburura arte. Izan ere, atzo milaka pertsonak alde egin zuten handik. Sare sozialetan hori erakusten zuten bideoak jarri zituzten. Batzuek Ruandara jo zuten, eta beste batzuek, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko beste leku batzuetara.
Azken asteetan gaiztotu egin da egoera, eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi zuen urtarrilaren 17an urteko lehen bi asteetan 237.000 desplazatu eragin zituela gatazkak.
Gauzak horrela, Kongoko Errepublika Demokratikoko herritar andana kalera irten dira M23ren aurka protesta egiteko. Hainbat hiritan izan dira manifestazioak, baina jendetsuenak herrialdeko hiriburuan izan dira, Kinshasan —2.500 kilometro inguru daude hiriburuaren eta Gomaren artean—. Manifestariek Mendebaldeari zein Afrikako beste herrialde batzuei leporatu diete M23 babestea. Hori dela eta, zenbait enbaxadaren aurka egin dute eraso; Frantziakoaren, AEBetakoaren, Kenyakoaren eta Ugandakoaren aurka, esaterako. Hala ere, Ruandako enbaxada izan da kalte gehien pairatu dituena.
Kinshasako kaleetan Poliziaren eta protestan ari ziren herritarren arteko liskarrak egon dira, azken horiek suteak eragin eta barrikadak egin baitituzte. Liskar horien ondorioz, Kinshasako gobernadoreak manifestazioak debekatu ditu.
Negoziazioak
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok ohar batean adierazi du Kongoko Errepublika Demokratikoaren subiranotasuna defendatzen duela, eta aldeei eskatu die aurrerapausoak emateko Joao Lourenço Angolako presidenteak gatazka konponbidean jartzeko proposatutako bidean.
Lourençok hauspotuta, joan den uztailaren 30ean M23 gerrillaren eta Kongoko armadaren arteko borrokak bukatzeko su eten bat sinatu zuten Kongok eta Ruandak. Abuztuaren 4an sartu zen indarrean, baina bi aldeek menia urratu izan dute. Tshisekedi eta Kagame abenduaren 15ean ziren batzartzekoak, Angolako presidenteak deituta. Baina bilera bertan behera utzi zuten azkenean; Kongoren arabera, Ruandak hala nahi izan zuelako. Ruandak nahi zuen M23koek eta Kongoko armadak berak negoziazioetan parte hartzea. Kongok, ordea uko egin zion horri, M23 «talde terrorista bat» dela argudiatuta. Bide batez, Ruandak leporatzen diola Kongori FDLR Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak hutuen gerrillarekin lankidetzan aritzea —M23n tutsiak dira gehienak—.
Eta aintzat hartu behar da bai batzuek bai besteek kontrolpean hartu nahi duten eremuan, Kongoren ekialdean, teknologiak garatzeko mineral asko ustiatzen dituztela, hala nola tantaloa eta eztainua.
ADF miliziak Hamar lagun hil ditu
ADF Indar Demokratiko Aliatuak miliziak gutxienez hamar pertsona hil zituen herenegun Ituri eskualdean, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ipar-ekialdean. Zenbat hedabidek tokiko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, EI Estatu Islamikoari lotutako gerrilla horrek zibilak izan zituen jomugan. Ugandako mugan dago eremu hori, eta, hain zuzen, milizia hori Ugandan sortu zen, 1990eko hamarkadan. Kongoko eremu horretan urrea ateratzeko meategiak daude.