Ia urtebete igaro da Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak su etena adostu zutenetik. Halere, gerra krimenek eta gizateriaren aurkako krimenek ez dute etenik. Horixe adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, atzo argitaratutako txosten batean. «Nahiz eta bake akordioaren ondorioz ez direnarma hotsak entzuten, gatazka ez da bukatu. Egoera oraindik oso larria da», ohartarazi zuen atzo Giza Eskubideen Adituen Nazioarteko Batzordeko buru Mohamed Txande Othmanek.
2020ko azaroaren 3tik honaino egindako krimenak jaso dituzte 21 orriko dokumentuan. Horien artean daude, besteak beste, torturak, bortxaketak, sexu bidezko esklabotza, hilketak eta askatasunaren aurkako beste zigor batzuk. Txostenaren arabera, Eritreako armadako militarrak daude eraso horien atzean. Bai batak, bai besteak, ordea, krimen horiekin zerikusirik izatea ukatu zuten atzo bertan.
Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren arteko bi urteko gatazkan, gobernuari borrokan laguntzeko bidali zituen militarrak hara Eritreako Gobernuak. Txostena egin duen batzordearen arabera, orain zibilen aurkako «eraso sistematikoak» egiten ari dira herrialdearen iparraldean —batez ere Tigray eskualdeko mendebaldean eta hegoaldean—. Batzordeko kide Radhika Coomaraswamyren arabera, «komunitate osoak hiltzen ari dira, inolako arrazoirik gabe». Indarkeria are bortitzagoa da herrialdeko emakumeen eta neska gazteen aurka.
Krimen horien aurrean, baina, Etiopiako Gobernuak hartu duen jarrera «konplizea» salatu dute txostenaren egileek. «Gobernuak hasieratik babestu du Eritreako armada, baita haiek egindako krimen guztiak ere». Are, su etena sinatu eta urtebetera «oraindik» Eritreako soldaduek Etiopiako lurretan jarraitzea gaitzetsi du Coomaraswamyk.
Horiek horrela, Etiopian gertatzen ari den guztiaren inguruan ikerketa «sakonagoak eta zehatzagoak» egiteko beharra azpimarratu zuen atzo NBEk. Hori egiteko konpromisoa aspaldi hartu zuen Etiopiako Gobernuak, bi aldeek su etena sinatu zutenean, baina, gaur-gaurkoz, ikerketa gutxi egin dituzte.
Gatazka amaitu zenetik ia urtebetera, gerra krimenek ez dute etenik Etiopian
Ikerketa baten egileek salatu dutenez, Eritreako armadako kideak ari dira zibilen aurkako krimenak egiten, Etiopia iparraldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu