Ia urtebete igaro da Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak su etena adostu zutenetik. Halere, gerra krimenek eta gizateriaren aurkako krimenek ez dute etenik. Horixe adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak, gaur argitaratutako txosten batean. «Nahiz eta bake akordioaren ondorioz ez diren arma hotsak entzuten, gatazka ez da bukatu. Egoera oraindik oso larria da», ohartarazi du Etiopiarako Giza Eskubideen Adituen Nazioarteko Batzordeko buru Mohamed Chande Othmanek.
2020ko azaroaren 3tik egindako krimenak jaso dituzte 21 orriko dokumentuan. Horien artean daude, besteak beste, torturak, bortxaketak, sexu bidezko esklabotza, hilketak eta askatasunaren aurkako beste zigor batzuk. Txostenaren arabera, Eritreako armadako militarrak eta Amhara miliziako kideak daude eraso horien atzean. Bai batak, bai besteak, ordea, krimen horiekin zerikusirik izatea ukatu dute gaur bertan.
Etiopiako Gobernuaren eta TPLFren arteko bi urteko gatazkan, gobernuari borrokan laguntzeko bidali zituen militarrak hara Eritreako Gobernuak. Txostena egin duen batzordearen arabera, orain zibilen aurkako «eraso sistematikoak» egiten ari dira iparraldean —batez ere Tigray eskualdeko mendebaldean eta hegoaldean—. Batzordeko kide Radhika Coomaraswamyren arabera, «komunitate osoak hiltzen ari dira, inolako arrazoirik gabe». Indarkeria are bortitzagoa da herrialdeko emakumeen eta neska gazteen aurka.
Krimen horiek ikusita Etiopiako Gobernuak hartu duen jarrera «konplizea» salatu dute txosteneko egileek. «Gobernuak hasieratik babestu du Eritreako armada, baita hark egindako krimen guztiak ere». Are, su etena sinatu eta urtebetera «oraindik» Eritreako soldaduek Etiopiako lurretan jarraitzea gaitzetsi dute.
Horiek hala, Etiopian gertatzen ari den guztiaren inguruan ikerketa «sakonagoak eta zehatzagoak» egiteko beharra azpimarratu du NBEk. Hori egiteko konpromisoa aspaldi hartu zuen Etiopiako Gobernuak, su etena sinatu zutenean, baina, gaur-gaurkoz, ikerketa gutxi egin dituzte.