Erregaia

Gasaren salneurriagatik Errusia eta Ukraina izaten ari diren liskarrak hainbat herrialdetako gas horniduran izan du eragina

Errusiako Gobernuak gas hornidura eten die Ukraina eta Moldaviari: Errusiak igo egin du —boskoiztu— gasaren salneurria eta Ukrainako eta Moldaviako agintariek uko egin diote prezio berria ordaintzeari. Egoera horrek Europako beste hainbat herrialdetan ere arazoak eragin ditu, besteak beste, Austrian, Eslovakian, Hungarian eta Eslovenian. Herrialde horietara Errusiatik iristen da gasa, eta %30eko murrizketa somatu dute.

2006ko urtarrilaren 2a
13:16
Entzun 00:00:0000:00:00
Ukrainak gas hornidura moztea leporatzen dio Errusiari. Errusiak, aldiz, dio Ukrainak erregaia “lapurtzen” duela Europako beste herrialdeetara egiten duen bidean.

Moskuk gasaren salneurri berria ezarri du 2006rako. Hori dela eta Gazprom Errusiako gas korporazioak moztu egin zion gas hornidura Ukrainari prezio berriaren gainean akordioarik lortu ez zelako. Gazprom eta Ukrainako Naftogaz enpresak negoziatzen aritu dira hiru egunez baina Gazpromek dionez, Ukrainak “ofizialki baztertu du” Errusiak egindako azken eskaintza. Horregatik, eguneko 120 milioi metro kubo murriztu dio hornidura. Ukrainara doazen gasbideetan ezezik Europara doazen baste hirutan ere egin ditu murrizketak.

Viktor Justxenko Ukrainako presidenteak berretsi duenez, Errusiak ezarritako salneurri berria “onartezina eta oinarri ekonomikorik gabea” da. Salneurri berriak ia boskoiztu egiten du aurrekoa: mila metro kubo gasen truke 50 dolar ordaintzen zituzten lehen, orain 230 dolar eskatzen ditu Errusiak.

Gazprom enpresako bozeramaile Serguei Kruprijanovek dioenez baina arrazoia bestelako da. “Ditugun datuen arabera, kontsumitzaile europarrentzako zen gasa baimenik gabe ateratzen aritu da” Kiev, azaldu du eledunak. Hori dela eta, Ukrainari salaketa jartzeko mehatxua egin diote.

Egoera honen aurrena kezkatuta agertu da Europako Kontseilua eta asteazkenean, urtarrilak 4, gasaren koordinazioarako taldea bildu egingo da Errusia eta Ukrainaren artean sortu den krisia aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.