Klima aldaketa

Gas isurketak 2050erako %75 eta 95 artean gutxitzea adostu dute NBEren Kopenhageko goi bileran

Parte hartzen ari diren herrialdeek akordioaren zirriborroa egin dute gaur. EBk, 7.200 milioi euroko laguntza emanen die "garapen bidean" dauden herrialdeei, aldaketa klimatikoaren aurka egiteko.

2009ko abenduaren 11
17:42
Entzun
192 herrialdetako ordezkari aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak adosteko goi bilera egiten ari dira Kopenhagen (Danimarka), Nazio Batuen Erakundeak (NBE) deituta. Gaur, akordioaren zirriborroa sinatu dute, eta bertan negutegi efektua eragiten duten gas isurketak 2050. urterako %75 eta 95 artean gutxitzea adostu dute. Bertzalde, "garapen bidean" dauden herrialdeei 7.200 milioi euroko laguntza ematea adostu du Europako Batasunak (EB).

1990. urteko dioxido karbono (CO2) tasak 2050. urterako %75 eta 95 artean gutxitzea adostu dute Kopenhageko goi bileraren akordio zirriborroan, eta Lurraren berotzea 1,5 gradu 2 graduren artean mugatu nahi dute.

EBk goi bileran duen odezkari Anders Turessonek adierazi duenez, zirriborroan ez dute bildu neurri horiek derrigorrez betetzeko erabakia. Abenduaren 18an, goi bilera bukatutakoan adostuko duten behin betiko akordioak derrigorrezko atxikimendua izan beharko duela erran du.

Zirriborroan adostu dutenez, Kopenhagen lortutako behin betiko akordioak, edo beranduago lortutakoren batek, Kiotoko Hitzarmena ordezkatu beharko du, 2012an bukatzen baita. Hortik aitzinera, herrialde aberatsenek baliabide "gehiago eta berriak" paratu beharko dituzte klimaren aldaketaren aurka borrokatzeko. Kiotoko Hitzarmena 1997an sinatu zuten 150 herrialdetako ordezkarik, eta negutegi efektua eragiten duten gas isurketak murriztea du helburu.

=bEBk 7.200 milioi euroko laguntza 'garapen bideko' herrialdeei=b

EBk adierazi du 7.200 milioi euroko diru laguntza emanen diela "garapen bidean" dauden herrialdeei, horiek aldaketa klimatikoaren aurka egiteko baliabideak eduki ditzaten. Fredrik Reinfeldt Suediako lehen ministroak jakinarazi du neurria. 2010. eta 2012. urteen artean, herrialde horiek urtero 2.400 milioi euro jasoko dituztela zehaztu du.

Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok estatu eta gobernu buruek hartutako erabaki hori "herrialde txiroentzako hagitz inportantea" izanen dela adierazi du. "Espero genuena [Europako Batzordeak] baino gehiago da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.