Errublotan ordaintzen ez dutela argudiatuta, Gazprom Errusiako konpainia publikoak gas hornidura eten zien atzo Poloniari eta Bulgariari. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen ustez, «xantaia bat» da Errusiaren erabakia, baina atzo nabarmendu zuen EB Europako Batasuna agertoki horretarako prest dagoela, eta talde komunitarioko kideek elkartasunez jokatuko dutela kaltetutako herrialdeekin: «Polonia eta Bulgaria haien auzokideen eskutik ari dira gasa jasotzen», adierazi zuen Von der Leyenek, eta Poloniak baieztatu. Errusiak esan du gas hornidurak etengo dizkiela beste herrialde batzuei ere, ez badute errublotan ordaintzen. Bide batez, hartutako erabakia xantaia bat dela ukatu egin zuen atzo Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.
Errusiako gas naturala errublotan, ez eurotan ez dolarretan, ordaindu beharra martxoan ezarri zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, «adiskide ez diren herrialdeentzat». Horrekin, nolabait Europaren gasarekiko menpekotasuna baliatuz, errubloaren balioari eutsi nahi dio, Errusiako dibisa ahulduta dagoelako Mendebaldearen zigor ekonomikoen ondorioz. Horrez gain, Gazprombankek zigorretatik kanpo jarraitzea ere segurtatuko luke Putinek.
EBk berak eta talde komunitarioko zenbait herrialdek hasieratik egin zioten uko oraindik ere Errusiatik inportatzen duten gasa eta petrolioa errublotan ordaintzeari; besteak beste, zigor ekonomikoei izkin egiteko modu horrek indarrean dauden kontratuen baldintzak hausten zituelako. Gasa koordinatzeko taldea deitutakoa —klubeko 27 estatuetako buruzagiek, arautzaileek eta sektoreko konpainien zein kontsumitzaileen ordezkariek osatzen dute— Bruselan bildu zen atzo, eta Von der Leyenek zehaztu zuen, ondorengo agerraldian, arlo horretan Errusiarekin egindako kontratuen %97k adierazten dutela, «esplizituki», ordainketak dolarretan edo eurotan egin behar direla. Ohartarazi zuen, gainera, errublotan ordaintzen duten konpainiak Kremlini ezarritako zigorrak urratzen ariko liratekeela, eta Bruselak auzitara eramango lituzkeela. Hain zuzen, Bloomberg agentziak Gazpromen gertuko iturriak aipatuz kaleratutako informazio baten arabera, Errusiari gasa erosten dioten Europako hamar enpresak kontu berezi batzuk ireki dituzte ordainketak errublotan egiteko.
ACER Energia Arautzaileen Lankidetzarako EBko Agentziaren datuek diotenez —azkenekoak 2020koak dira—, Europako hamalau herrialdetan kontsumitzen den gasaren erdia baino apur bat gehiago Errusiatik inportatzen dute: Bosnia eta Herzegovinaren, Ipar Mazedoniaren eta Moldaviaren menpekotasuna %100ekoa da; Finlandiarena eta Letoniarena %90 ingurukoa da; eta Estonia, Bulgaria eta Eslovakiarena, %70en bueltakoa. Kroaziaren (%68), Txekiaren (%66) eta Austriaren (%64) menpekotasuna ere handia da.
Begi guztiak Alemaniari begira daude. EBko potentzia nagusiak adierazi izan du ezin diola egun batetik bestera uko egin Errusiatik inportatzen dituen petrolioari eta gasari. Kontsumitzen zuen gasaren %55 handik zetorren Ukrainako inbasioa hasi zenean, eta Berlin esaten ari da portzentaje hori %40ra murriztu duela azken bi hilabeteotan.
EBk Errusiako ikatza enbargatuko du, eta gasa eta petrolioa ditu jomugan. Berlin, ordea, ez da neurri horren aldekoa. Alemaniako Ekonomia eta Klima ministro Robert Habeckek lasaitasun mezu bat plazaratu zuen atzo, eta hornidurari dagokionez herrialdeko egoera «egonkorra» dela azaldu.
Gerra Ukrainan
Gas hornidura moztuz «xantaia» egitea leporatu dio EBk Errusiari
Von der Leyenek esan du Bruselak elkartasunez jokatuko duela eta «auzokideak» Bulgariari eta Poloniari gasa ematen hasi direla. Errublotan ordaintzen ez dutenei jarioa etengo diela berretsi du Moskuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu