Gas hodi batek aldentzen ditu

Angela Merkel eta Joe Biden Etxe Zurian bildu dira. Errusia eta Alemania lotuko dituen Nord Stream 2 azpiegituraren ingurukoa da bien arteko desadostasun nagusietako bat

Angela Merkel eta Joe Biden, Etxe Zurian, atzo. DOUG MILLS / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Alemaniako kantziler kargua utzi aurretik azkenekoz izan da Angela Merkel AEBetan. George W. Bush, Barack Obama, Donald Trump eta, orain, Joe Biden: lau dira Merkelekin bildu diren Etxe Zuriko maizterrak. Trumpekin izaniko harreman kaxkarraren ostean, harreman ona berreskuratu nahi dute bi aldeek. Hala adierazi du Bidenek berak ere, Alemania «lehentasunezko bazkide» gisa definitu baitu. Besteak beste, Errusiarekiko harremanak eta Nord Stream 2 gas hodiaren ingurukoak aztertzekoak ziren edizio hau ixtean egiten ari ziren bileran.

Elkarrizketaren helburuaNATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko bi kideen arteko «kooperazioa indartzea» zen, Etxe Zuriko Prentsa idazkari Jen Psakiren esanetan. Badira, baina, konponbide zaila duten desadostasunak bien artean. Horietako bat Errusiarekiko harremana da. Herrialde hartatik iritsitako zibererasoak eta Moskuk Europa ekialdeko herrialdeetan duen presentzia tratatu nahi zituen Etxe Zuriak. Izan ere, harekin harreman ekonomikoak minimoetan mantentzearen eta zigorrekin jarraitzearen aldekoa da hura. Alemaniak, berriz, Frantziarekin batera, EB Europako Batasunaren eta Moskuren arteko harremanak hobetzearen aldeko apustua egin du, eta AEBei eskatu die Nord Stream 2 gas hodian lanean ari diren enpresen aurkako zigorrak behin betiko ezabatzeko.

Psakiren esanetan, Bidenek «tratu txartzat» jo du Baltikoa zeharkatuz Errusiatik Alemaniarako bidea egingo duen azpiegituraren eraikuntza, 10.000 milioi euro inguruko kostua izango duena. Bide beretik, AEBetako Estatu Departamentuak maiatzean ondorioztatu zuen Nord Stream 2 AG enpresa, hodia eraikitzeko ardura duena, eta haren zuzendari exekutibo Matthias Warning, Errusiako presidente Vladimir Putinen gertukotzat jo dutena, «zigortzeko moduko jarduerak» egiten ari zirela. Halere, Antony Blinken Estatu idazkariak bertan behera utzi zituen zigor horiek, behin-behinean,AEBen «interes nazionalen» eta Alemaniarekiko harremanen mesedetan.

Hodiaren inguruko eztabaidak, baina, ez dira berriak. Trumpek egin zuen lehen mehatxua, eta azpiegituran lanean ari zirenen aurkako zigorrak iragarri zituen. Erabaki haren ostean, hainbat enpresak uko egin zioten proiektuarekin aurrera jarraitzeari, eta nabarmen atzeratu ziren hura amaitzeko epeak. Halere, lanak ez ziren eten, eta Putinek gertu ikusten du martxan jartzeko eguna: «Alemaniatik iritsi dira hodiak, eta Errusian horiek altxatzen eta soldatzen ari dira. Halere, instalazioa bera amaituta dago».

AEBen jarreraren atzean bi arrazoi nagusi daude: batetik, uste dute Europak Errusiako gasarekiko duen dependentzia areagotzea eragingo lukeela, Moskuri presio egiteko aukera emanda; bestetik, uste dute AEBek merkatu hori bereganatu nahi dutela, EBko estatu kideei gasa salduta. Halere, ez da hodiaren aurka agertu den bakarra. Merkel eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenski aste hasieran elkartu ziren, eta Zelenskik bere desadostasuna adierazi zion Alemaniako kantzilerrari.

Zelenskik argudiatu zuen gas hodi berria eraikiz gero kolpe latza izango dela Ukrainako segurtasun energetikoarentzat eta ekonomiarentzat. Moskuk uko egingo balio Ukrainatik igarotzen diren hodiak erabiltzeari, Kievek 2.000 milioi euro irabazteari utziko lioke. Gainera, Errusiako gasaren dependentzia handia du herrialde hark ere, eta, azaldu duenez, hamar edo hamabost urte beharko lituzkete energia sistema propio bat eratzeko. Merkelek, halere, lasaitasuna transmititu nahi izan zion, eta adierazi 2024ra arte mantenduko dutela Ukraina «korridore herrialde» gisa.

Pandemia ez da amaitu

Gas hodiaren ingurukoa ez da Washingtonek eta Berlinek bat egiten ez duten afera bakarra.COVID-19ari aurre egiteko txertoen patenteen inguruan ere ez dute adostasunik lortu orain arte. Etxe Zuria horiek behin-behinean askatzearen alde agertu da, baina Berlin ez da iritzi berekoa.

Horiek hala, Amnesty Internationalek eta beste hainbat erakundek Bideni eskatu zioten Merkeli presio egiteko: «Bilera ez da ontzat joko Alemaniak ez badu sinatzen [patenteak] askatzeari eta pandemia lehenbailehen amaitzeari lehentasuna emango dion akordio bat». Psakik, gaiaz galdetuta, adierazi zuen Bidenek «proposamen sendo bat» egingo zuela, baina gehitu hori gaitzari aurre egiteko tresnetako bat soilik dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.