Garry Conille izendatu dute Haitiko lehen ministro

Presidentetzarako Kontseiluko zazpi kideetatik seik eman dute Conilleren aldeko botoa. 2011tik 2012ra bitartean ere izan zen gobernuburu.

Garry Conille Haitiko lehen ministro berria, artxiboko irudi batean, 2011ko ekitaldi batean. JEAN JACQUES AUGUSTIN / EFE
Garry Conille Haitiko lehen ministro berria, artxiboko irudi batean, 2011ko ekitaldi batean. JEAN JACQUES AUGUSTIN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 29a
12:30
Entzun

Herrialdean hedaturik zegoen indarkeria ikusirik —eta bandek haren burua eskatu zutelako, besteak beste, bakea berrezartzeko—, Haitiko lehen ministro Ariel Henryk dimisioa eman zuen iragan apiril bukaeran. Hartatik, Presidentetzarako Kontseilua gobernuburu berri baten bila aritu da, helburutzat harturik trantsizioari bide ematea. Aurrena, Fritz Belizaire izan zen, Henryk dimisioa eman eta hurrengo astean, baina gutxi iraun zuen karguan; bi egun, hain zuzen. Ia hilabete baten buruan, ordea, Euskal Herrian gaurko ordu txikiak zirenean, lehen ministro berria izendatu dute: Garry Conille. Presidentetzarako Kontseilua osatzen duten zazpi kideetatik seik eman dute haren aldeko botoa.

Conillek ondo ezagutzen du lehen ministroaren egitekoa; izan ere, 2011tik 2012ra bitartean postu horretan egon zen, Michel Martelly presidente zenean (2011-2016). Hala ere, zapore gaziarekin bukatu zuen zazpi hilabeteko legealdia, Martellyrekin zituen gatazkek kargua uztera behartu baitzuten. Politikan lehen ministro kargutik at kargu garrantzitsurik izan ez duen arren, NBE Nazio Batuen Erakundean ibilbide luzea egin du. 1999an hasi zen erakunde horretan, Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak Haitin duen bulegoan. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsean egin du, batez ere, azken 25 urteetako ibilbidea.

NBEren agentzia hartako Burundiko eta Jamaikako koordinatzailea izan zen, eta iazko urtarriletik Latinoamerikako eta Karibeko eskualdeko zuzendaria izan da. Gainera, 2010eko apirilean 200.000 lagun hil ondoren Haitiko lurrikararen eraginez, Conillek NBEren mandatari berezi gisa jardun zuen berreraikitze lanak koordinatzen.

Ekonomia ministro zen Michel Patrick Boisverten lekukoa hartuko du Conillek, Henryren dimisioaren ostean hura ibili baita behin-behinean lehen ministro karguan. Conilleren kargua ere ez da behin betikoa, hauteskundeak egin arte egongo baita postu horretan, gauzak ondo bidean. Presidentetzarako Kontseiluak 2026ko otsailaren 7an egin nahi ditu presidentetzarako bozak. Kontseiluko presidente —eta, de facto, Haitiko presidente—Edgard Leblancek Conilleren izendapena iragarri du X sare sozialaren bitartez: «Presidentetzarako Kontseiluan eztabaidatu eta kargurako hautagaiak elkarrizketatu ostean, Garry Conille doktorea aukeratu dugu trantsizio gobernua gidatzeko».

Haitin indarkeria aspalditik dago zabaldurik. 2021eko uztailaren 7an, esaterako, sikario talde batek Jovenel Moise Haitiko presidente ohia hil zuen, tiroz. Hartatik, Haitin ez da izan hautatutako presidenterik. Aurtengo otsailean, ordea, Henryk botereari eusteko zuen nahia zela eta, besteak beste, indarkeria handitu egin zen. Herrialdeko bandek Viv Ansanm —euskaraz, Batera Bizi— koalizioa eratzea erabaki zuten. Iragan martxoaren 4an larrialdi egoera ezarri zuten herrialdean, Jimmy Cherizier Barbecue —Poliziako agente ohia da— buru duen banden koalizioa sortzen ari den triskantza zela medio. Banden arteko liskarren eta haiek Poliziarekin dituzten gatazken ondorioz, haitiar askok ihes egin duten euren etxetik. NBEren azken datuen arabera, 360.000 barne desplazatu daude Haitin.

Nazioarteko misioa

Presidentetzarako Kontseiluak kontuan izan du Conille NBEn hamaika estaturekin elkarlanean aritu izana. Izan ere, Kenyak gidaturiko nazioarteko misio armatu bat helduko da Haitira, Port-au-Prince banden aurkako operazioetan laguntzeko. Aurreko larunbatean Kenyako presidente William Rutok Erresuma Batuko BBC telebista kateari adierazi zion «hiru aste barru» helduko direla Kenyako poliziak Haitira —haiek gidatuko dituzte banden aurkako ekintzak—.

Rutok esan zuen jada talde bat duela Haitin «egoera bertatik bertara aztertzen». Operazioa, hala ere, kolokan egon liteke. Izan ere, nahiz eta Kenyako presidentearen nahia izan segurtasun indarrak «luze gabe» Haitin egotea, Kenyako justizia ez dago ados. Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo du poliziak Haitin hedatzea. Gobernuak gora jo du epaiaren aurka, eta datozen egunetan berrikusiko dute.

360.000

Zenbat barne desplazatu dauden Haitin. Nazio Batuen Erakundearen azken datuen arabera, 360.000 lagun inguruk euren  etxetik ihes egin behar izan dute herrialde barrura, banden indarkeria dela eta. Gehienak Port-au-Prince hiriburukoak dira.

Misio horren harira, bart HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak NBEren Segurtasun Kontseiluari eskatu dio parte hartuko duten herrialdeek neurriak hartu ditzatela giza eskubideak bermatzeko. Izan ere, HRWen aburuz, operazioko kideek oraindik ez dizkiote jakinarazi NBEri «misioaren arauak»: «Segurtasun Kontseiluak oraindik ez du jaso liskarren arauei, giza eskubideen arloko behar bezalako arretari eta kontuak emateko mekanismoei buruz eskatutako informazioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.