Duela 50 urte, liburu denda ugari zeuden Montevideoko eta Buenos Airesko kale batzuetan, eta ugariak ziren, gainera, baliabide ekonomiko gutxirekin eta gogo handiz denda batetik besterako metro eskasak egiten zituztenak, garai hura markatu zuen liburu bat irakurri ahal izateko: Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak —UEUk argitaratu berri du lana, Iñaki Alegria Loinazen itzulpenarekin eta Iban Zaldua Gonzalezen hitzaurre batekin—. Halako hainbat istorio entzuten dira Rio de la Plataren alde batera eta bestera. Ez zen berehalakoan ospetsu bihurtu, baina, zabaldu zenean, Latinoamerikako ezkerraren klasiko bilakatu zen, eta salmenta errekorrak hautsi zituen; gainera, gutxienez hogei hizkuntzatara itzuli zen, baita esperantora ere. Galeanok 31 urterekin bukatu zuen lan hori idazten, eta hiru hilabete eman zituen horretan. Kolore eta pentsaera guztietako hainbat intelektual bat datoz obrak eragin handia izan duela eta sailkaezina dela bere generoan: kazetaritza kronika baten, saiakera baten eta lekukotza literaturaren arteko zerbait da. Galeanok berak honela definitu zuen: ekonomia politikoko dibulgazio eskuliburu bat, maitasunezko eleberri baten edo pirata kontakizun baten estilokoa.
Ikur bilakatutako liburua
Galeano liburua lantzen hasi zenean lanbidez kazetaria zen, eta Errepublikako Unibertsitateko Argitalpen Sailean lan egiten zuen, Uruguain. Latinoamerikari eragiten zioten botere harreman desorekatuei buruzko kezkak piztu zion ikertzeko motibazioa. 1971n lehen edizioa atera zenetik orain arte, Latinoamerikaren zain urratuak liburua beste 60 aldiz inprimatu da Mexikon, Siglo XXI argitaletxearen eskutik. Lan horrekin hasi zuten harremana Galeanok eta Siglo XXI etxeak, Arnoldo Orfila argitaletxearen sortzailea zenean hango buru. Argitaratu eta bi urtera, Latinoamerikako diktadura batzuek lana debekatuta ere, kontinenteko libururik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, idazle latinoamerikarren lanen artean gehien saldu direnetako bat izateraino.
«Ezagutzen dut jendea erosi ezin zuena eta hilabete batez edo biz lanera oinez joan zena, garraioan aurreztutakoa liburuan gastatzeko gero. Halakoak pasatzen ziren», gogoratu du Raul Zibechi idazle eta aktibista uruguaitarrak. Eragin handia izan duten gauza guztiekin gertatzen den bezala, jende guztiak gogoratzen du noiz irakurri zuen lehen aldiz eta nola iritsi zitzaion eskuetara. «Nik atera bezain pronto irakurri nuen, asaldura politiko handiko garaia zelako, eta liburua danbateko bat izan zen, beste Latinoamerika bat azalarazi zuelako. Liburu kutun bihurtu zen askorentzat, ez soilik kontatzen zuenarengatik, baita hori kontatzeko moduarengatik ere».
Pilar Medinak, Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionaleko Historia ikasleak, 2012an irakurri zuen lehen aldiz. «14 edo 15 urte nituen, eta sentitzen dut nolabaiteko konklusio bat izan zela: sentitu nuen norbaitek hitzak jarri zizkiola, zehatz eta indartsu, nik inperialismoaren, dependentziaren eta latinoamerikarra izateak esan nahi duenaren inguruan pentsatzen nuenari. Eta 'ikasgaia gainditzeko hau irakurri behar da' pentsamendua ere hor zegoen», kontatu du, barrez.
Liburua ospetsu egiten ari zen garai hartan, estatu kolpeak izan ziren Txilen, Uruguain eta Argentinan: zentsuratu egin zuten lana, eta liburua zeukatenak «arriskutsu» izendatu zituzten. Galeanok erbestera joan behar izan zuen: lehenik Argentinara (1973), gero Kataluniara (1976), eta Uruguaira itzuli zen 1985ean. «Liburu honek jasotako iruzkinik aldekoenak ez ziren inongo kritikari prestigiotsuk eginak izan; diktadura militarretatik etorri ziren, lana debekatuta hura goraipatzen baitzuten», azaldu zuen idazleak. Demokrazia itzuli zenean, Latinoamerikako ezkerraren nahitaezko erreferentzia bihurtu zen liburua. «Eduardok gaitasun handia zuen makro-mikro arteko lotura egiteko. Gainera, liburuak harrapatu egiten zuen; irakurtzen hasi orduko, ezin zenion utzi. Urte hartan liburu eder asko argitaratu ziren, besteak beste Paulo Freireren Pedagogía del oprimido eta [Julio] Cortazarren eta [Gabriel] Garcia Marquezen eleberri batzuk».
Ezkutuko Latinoamerika
«Liburuak maiz ikusten ez den Latinoamerika bat erakusten zuen, behekoena, pobreena, eta haien egoera argi eta garbi lotzen zuen egiturazkoa denarekin, inperialismoarekin, zapalkuntzarekin, oligarkiarekin eta lurren banaketarekin», azaldu du Zibechik. Obra horrek badu oraindik indarra, planteatzen dituen gauzak hortxe daudelako orain ere. «Inoiz baino gaurkotasun handiagoa du. Liburuan salatzen dena gaur egun ere salatu liteke Rosarion (Argentina), narkoak nagusi diren auzoetan, edo Mexiko Hirian. Garai hartako Latinoamerikako errealitate sozialari begiratuta, oso gutxirekin bizi ginen arlo materialari dagokionez, baina bagenuen zerbait desagertu egin zaiguna: itxaropena».
Galeanok gai hauek izan zituen hizpide liburuan, besteak beste: mendekotasuna; eskualdearen analisia, kapitalismo mundialaren harremanen barruko kasu espezifiko bat zen aldetik; eta gizarte borrokak, nagusiki antiinperialistak. Era berean, Galeanok iragan koloniala deskribatzen du, eta azaltzen du nola iragan kolonial horrek eragin dituen, nolabait, gaur egungo dinamika batzuk; besteak beste, primarizazioa, zorpetzea eta berdintasunik eza. Horrez gain, NDFn eta Munduko Bankuan jartzen du arreta: biek garrantzi handia izan zuten Latinoamerikaren zorpetze historian. «Gaur egun esan dezakegu, AEBen inperialismoaren mende egoteaz gainera, Txinako eta meatzaritzako kapitalaren, salgaien eta sojaren mende ere bagaudela. Korapilatsuago bihurtu da; Argentinan pools de siembra deitzen dituzten laborantza esplotazioak ez dira Rockefeller jaunaren inbertsioak: pentsio funtsak dira, haietako asko inbertitzaile anonimodunek eta ehunka mila kapital txikik osatuak, baina fenomenoa bera da. Kapitalismoa aldatu egin da azken 50 urteetan; gure herrialdeetan, ordea, gure mundua eta gure gizarteak berriz kolonizatzean datza estraktibismoa», iritzi dio Zibechik.
Medina bat dator Zibechirekin: «Mendekotasunak beste itxura bat hartu du gaur egun. Itxura berri hori, gainera, lausogarria da. Izan ere, badirudi ez dela hain zama handia herrialde baten baliabideak espoliatzea baldin eta zor bat kobratzeko bada. Horrek guztiak lotura du Latinoamerikako herrialdeek munduko sisteman duten tokiarekin ere».
Historia ofizialetik at
Batez ere 70eko hamarkadan lanak izandako garrantziari eta militantzian izan zuen eraginari buruz galdetuta, Zibechik argi eta garbi esan du: «Izugarrizko garrantzia izan zuen. Gure belaunaldietakoek asko irakurtzen genuen, bai literatura, bai politika». Zibechi Eduardoz ari da hizketan (eta ez Galeanoz), konfiantza handiz, elkar ezagutzen zuten eta. Galeanok Brecha astekariaren erredakziora bisita egin zuen batean hasi zen bien arteko harremana. «Ostiralero joaten zen astekaria jasotzera, autobusez, ez baitzuen inoiz autorik eduki», gogoratu du Zibechik.
1978an, Galeanok idatzi zuen liburuaren helburua «jendearekin hitz egitea» zela, «historia ofizialak, garaileek kontatutako historiak, ezkutatzen dituen edo gezurrezkoak diren gertaera batzuen berri ematea». Denbora pasatu ahala, Galeanori askotan egin zizkioten kontsultak lan horren edukiaren inguruan. Jaime Labastidak, Siglo XXI argitaletxeko zuzendariak, liburua eguneratzea proposatu zion, eta Galeanok erantzun zion ez zeukala denbora nahikorik. Gainera, aitortu zuen harro zegoela lan hori idatzi izanaz, eta esan zuen horrek argi uzten zuela, dudarik gabe, idaztea ez dela alferreko pasio bat, baizik eta idazten segitzeko bizigarri bat dela.
2009an, Ameriketako Bosgarren Goi Bileran, Venezuelako presidente ohi Hugo Chavezek liburu horren ale bat oparitu zion AEBetako presidente Barack Obamari. 2014an, Galeano Brasilen zegoela, Brasiliako Bigarren Liburu Bienalean parte hartzen, aitortu zuen ez lukeela berriz irakurriko. «Nire ustez, ezker tradizionalaren prosa hori ezin aspergarriagoa da. Ez nuke jasango fisikoki. Ospitalean sartu beharko nindukete».
Askok baliatu zuten Galeanoren aitortza Latinoamerikako ezkerraren klasiko hori ezerezteko, baina beste batzuek bazekiten zenbateraino zen garrantzitsua liburua Galeanorentzat, eta ulertu zuten portaera oso humanoa zela, berezkoa 31 urte zituenetik estiloa erabat aldatu zuen norbaitengan. «Hizkera hermetikoa ez da beti sakontasunaren prezio ezinbestekoa. Batzuetan, komunikatzeko gaitasun falta ezkutatzen da bertute intelektualtzat jotzen den horren atzean», esan zuen Galeanok Siete años después testuan, erbestetik.
Testuingurua aldatu da
«Borroka iraultzaileei dagokienez, gauza asko aldatu dira, alde askotatik, baina borroka eta erresistentzia kontzeptuak ez dira aldatu. Gaur egun, borrokaren parte batek gobernu aurrerakoiak sortzean jartzen du arretarik handiena, eta beste batzuek autonomiarantz jotzen dute gehiago; askotariko jarrerak daude arlo horretan. Beste zerbait ere aldatu da Latinoamerikan; bi mugimendu handi agertu dira: feminismoarena eta herri autoktonoena. Baina, pixka bat arakatuta, sakoneko ideia berbera da oraindik», ondorioztatu du Zibechik.
50. urteurrena ospatzeko, Siglo XXI argitaletxeak edizio berezi bat atera du, formatu handiagoan, oharrak idazteko tarteekin eta Tute umorista grafiko argentinarraren binetekin. Apirilaren 13an sei urte bete ziren idazle uruguaitarra hil zenetik, eta, liburuaren argitalpenarekin batera, argitaletxeak hainbat bideo zabaldu zituen hilabete osoan: kulturako hainbat erreferente azaltzen ziren lanaren parte batzuk irakurtzen.
«Beste batzuen ideiak eta neure esperientziak zabaltzeko idatzi nuen Zain urratuak, eta ideia eta esperientzia horiek agian pixka bat lagunduko dute, neurri errealista batean, betidanik jarraitzen diguten galderak argitzen: Latinoamerika umiliaziora eta pobreziara kondenatua al dago? Nork kondenatua? Zoritxarra ez al da izango historiaren emaitza, gizakiak eragina eta, hortaz, gizakiak desegin dezakeena? […] Uste dut ez dela harrokeria pozik egotea ikusita, urteak pasatuta ere, Zain urratuak ez dela liburu mutua izan», idatzi zuen lanaren hitzaurrean 1978an. Kontatu zuen, horrez gain, jaso zuen erantzunik bizigarriena kalean benetan gertatutako zerbait izan zela: esaterako, «behin neska bat liburu hori irakurtzen ari zitzaion bere ondoan eserita zihoanari, eta, azkenean, zutitu eta bidaiari guztiei irakurri zien ozen, autobusa Bogotako kaleetan zebilela».
'Latinoamerikaren zain urratuak'
GARAITUEN HISTORIA
'Latinoamerikaren zain urratuak' lanak 50 urte bete ditu. Tarte horretan, hogei hizkuntzatara itzuli dute Eduardo Galeanoren liburua, eta ezkerraren erreferente bilakatu da. Txileko, Uruguaiko eta Argentinako diktadurek debekatu egin zuten, eta «arriskutsu» izendatu zituzten liburua zeukatenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu