Garaipena, baina ez erabatekoa

Rafael Correak herri kontsultara deitu zituen hilaren 12an ekuadortarrak, Justiziaren eta prentsa askatasunaren alorrean besteak beste erreformak egiteko. Oposizioko alderdiek gogorarazi diote ozta-ozta irabazi duela.

Quito
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Andrea Apolo quitoar neska gazte bat da, nazioarteko erakunde batentzat lan egiten duena, eta bozkatzera joan da. Norbere «herritar betebeharra» ez betetzeagatik, 34 dolarrekoa da zigorra. «Ez nago batere ados erreferendumarekin. Zera egin beharko luke une batez presidenteak, patxada hartu eta herritarrei entzun. Eta ez jendea manipulatu, ez irakurtzeko eskatuta, besterik gabe, harengan uste osoa izateko»; hala azaldu dio BERRIAri, kontsultako hamar galderei erantzutera bozkalekura jo aurretik.

Guztiz bestelakoak dira neska gazte horren iritzia eta Ruben Gallegosena. Gallegos familiarekin joan zen bozkatzera. «Harro nago Ekuadorko herriaz, eta, oraingo honetan, bere izaera demokratikoa erakusten ari da. Pozik nago aintzat hartu gaituztelako», azaldu du.

Herritarren banaketaren isla dira iritzi horiek. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak jakinarazi duenez, zenbatu dituzte nazio osoko agirien %74,56, eta, oraingoz, baiezkoa da garaile kontsultako lehen hamar galderetan. Erreferenduma egin eta hurrengo egunean Rafael Correak garaipena «erabatekoa» izan zela adierazi zuen, baina oposizioak «trikimailu mediatikoa» zela leporatu zion. Hainbat akta ere egin behar izan dituzte iruzurra egin delakoan, eta tirabira handiak sortu ditu politikarien artean. Gobernuaren aldekoen eta oposizioaren artean liskarrak ere piztu ziren kontsultaren egunean.

Trantsiziorako Epailetza Kontseilua eta Baliabideak Erregulatzeko Kontseilua eratzeari buruzkoak dira 4. eta 9. galderak; horietan ezezkoa zen gailen duela egun batzuk arte, baina baiezkoaren aldeko botoak ugaltzen ari dira. Azken egunotan, besteak beste, Pichincha eta Ibarra probintzietako emaitzak zenbatu dituzte; populazio dentsitate handikoak izaki, baiezkoa gailendu da erreferendumeko bi galderarik polemikoenetan, prentsari eta Justiziari buruzkoetan. Hain justu, emaitzak oraindik ofizialak ez badira ere, Correaren gobernua hasia da lehen justizia erreformak egiten. Presidenteak jakinarazi zuenez, Erregistro Zibileko zuzendari nazional Paulo Rodriguez izango da Hiruko Batzordearen Botere Betearazleko ordezkaria; batzorde horrek bultzatuko du Justizia Sistema berregituratzea.

Argi utzi zuen, beraz, bi bakarrik falta zirela Botere Betearazleko eta Legegileko ordezkariek eta Gardentasun Zereginerako eta Kontrol Sozialerakoak osatuko duten hiru kideko batzordetik.

Areagotzen ari da ofizialismoaren eta oposizioaren aldeko diskurtsoen arteko tirabira. Alianza Paiseko kideek baiezkoa berretsi dute; oposizioak nabarmendu egin du, berriz, hamar ekuardortarretik seik ez dutela gaur egungo gobernu sistema aldezten.

Agintea hartu zuenetik, hirugarrengoz deitu du plebsizitura gaur egungo presidenteak. Erreforma judizial handiaren bidez, Botere Betearazleak hobeto kontrolatuko du sistema; prentsa begiratzeko organo bat ere sortu ahal izango du, eta, horren bidez, ezbairik gabe, adierazpen askatasuna kontrolatuko du Ekuadorko Estatuan. Bestalde, zezen ikuskizunei buruzko galderak ere eman du zer esanik. Hemendik aurrera, zezena ez da zezen-plazan hilko.

Kritikak Correari

Oposizioko Alianza Pais alderdia osatzen du, besteak beste, Montecristi Vive, por la Democracia y la Paz izeneko taldeak. Gaur egun biltzarkide direnek eta garai batean biltzarkide izandakoek osatzen dute talde hori; presidentearen kontra aritzen dira gaizki esaka, baina lehen bat etorri ohi ziren Correaren iritziekin. Horiek, bada, prentsaurreko batean bildu ziren, emaitzen inguruko iritzia azaltzeko. Alberto Acosta, Asamblea por Montecristiko presidente izandakoak honako hau adierazi zuen: «Pozik gaude emaitzekin, eta herritarren nahia errespetatuko dugu. Goliat izan da garaile. Baina berriro diogu, gure ustez, herri kontsulta batera deitzeko modu bakarra dago: herritarrek berek egitea galderak, eta ez alderantziz. Presidenteari gogorarazi nahi diogu ez duela lortu 2008. urtean bezalako emaitza historikorik; orduan, %80k bozkatu zuten gaur egungo konstituzioaren alde. Beldur gara presidenteak ez ote duen neurrigabe sartuko eskua justizian. Baina hala erabaki badu Ekuadorko herriak, hitzematen dugu lagunduko diogula justizia eraldatzen. Dena den, ez du 9 eta 1 irabazi, iragarri bezala, baizik eta 2 eta 1; hortaz, entzun egin beharko dio Ekuadorko herriari». Halaxe adierazi zien Costak.

Betty Amoresek, berriz, oposizioko kideak, hauxe esan zuen: «Gure ustez, kritikarako aukerarik izan ezean, ez dago herri eztadabaidarik; herri eztabaidarik izan ezean, ez dago demokraziarik; eta demokraziarik ezean, ez dago iraultzarik. Gogoan izan ezazu, presidente, ez duzu irabazi kontrarioari gol pila bat sartuta»; halaxe ohartarazi zuen kameren aurrean. Esan ere egin zion gero, ironiaz, kamerari: «Ez dakit utziko dizuten esan dizudana ematen». Gobernuak komunikabideak kontrolatzen dituela-eta, gero eta ugariagoak dira kritikak.

Correak, berriz, bere burua zoriondu zuen, kontsultan lortutako emaitzengatik; sendotu egin da, ezbairik gabe. 2013ko apirilean izango dira hurrengo hauteskundeak. Kontsulta izan baino lehen iragarri zuen presidenteak, ez zela hurrengo hauteskundeetan aurkeztuko. Emandako argudioa: ez zuela agintean betikotu nahi eta bazuela garaia «familiakoekin batean egoteko».

Ekuadorren politika zeharo polarizatuta dago, eta dena bihurtu ohi da herri azterketa. Presidenteak gainditu egin zuen maiatzaren 7ko testa, baina kritikak ere areagotu egin dira. Egoera aldatu egin da, CONAIE Ekuadorko Elkarte Indigenen Konfederazioaren ustez; haren laguntzari esker egin zuen aurrera agintean Correaren gobernuak. Savia Maldonado Otavalokoa da, kultura indigena gehien garatu duen herri batekoa, eta hauxe dio: «Garai batean hainbat eskubide eman zizkigun presidenteak; baina, orain, murriztu egin nahi dizkigu. Komunitate askotan, oraindik ere, ez dugu edateko urik; eta, hori, adibide bat baino ez da».

Kontsulta horretan proposatutako erreformak onartu dituztela argi dago. «Herritarren iraultzarako» azken azterketa, berriz, 2013an izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.