Garai berriak errege zaharraren itzalpean

Bhumibol Adulyadej erregearen heriotzarekin garai berri bat abiatu da Thailandian. Semearen izendapenak polemika piztu du, eta zatiketa politikoa nabarmena da. Junta militarraren eskuetan dago boterea, eta ikusteko dago datorren urtean hauteskundeak egingo ote diren. Ez dira gutxi erronkak.

Thailandiarrak Bhumibol Adulyadej erregearen omenezko ekitaldian, abenduaren 5ean, Bangkoken. RUNGROJ YONGRIT / EFE.
Bangkok
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bangkoken erruz ikusten dira haren argazkiak. Kantoietan haren omenez zutitutako aldareak daude, eta bada oraindik soilik beltzez jantzitako herritarrik. Bhumibol Adulyadej errege miretsiaren heriotzak sakon hunkitu ditu thailandiarrak. Bhumibol Adulyadej, Rama IX.a, erregea hil zenean, urriaren 13an, munduak erregetzan denbora gehien zeraman monarka galdu zuen, eta thailandiar askok inoiz ezagutu izan duten errege bakarra. Aim da horietako bat. Hegoaldean bizi da eta erregea benetan estimatzen zuela dio:«Ia 70 milioi pertsonaren aita zen, ez bakarrik thailandiarrena, gure herrian bizi ziren guztien aita baizik. Ipar eta mendebaleko tribuek egindako hainbat proiektu babestu eta urrutiko herri asko bisitatu zituen».

Adulyadej 70 urtez izan da monarka, eta urte horietan guztiotan zeharo aldatu da Thailandia. Aimek dio erregeak herrialdea eraldatu duela: «Badakit hainbat tokitan monarkiak ez duela fama onik; hala ere, ulertu desberdintasunak. Erregeak, erreginak, printzeak eta printzesak ekintza zintzo eta onuragarri asko egin dituzte. Gizon-emakumeak dira, eta inor ez da perfektua, baina arrazoi nahikoak ditugu erakundea maitatzeko eta estimatzeko».

Adulyadejen heriotzaren ondoren, junta militarrak hilabeteko dolua ezarri zuen herritar soilentzat eta urtebetekoa funtzionarioentzat. Thailandia zuri-beltzez jantzi da: bandera nazionala masta erdira jaitsi dira, eta dolu xingola beltzak edonon zintzilikatu.

Kalean ere negarrez ikus daitezke herritarrak, eta geltokietan ereserki nazionala jotzen dutenean bidaiariak altxatu egiten dira. Isiltasuna da nagusi. Telebistak, berriz, zuri-beltzean, dolua adieraziz, behin eta berriz erregearen bizitza eta trebetasunak goraipatzen ditu.

Rose iparraldean bizi da, eta han ere hainbat herritar beltzez janzten direla dio: «Dolu ofiziala hilabetekoa izan da herritarrentzat. Hala ere, erregea maite dugu, eta uste dut urtebeteko dolua egingo dugula gehienok».

Izendapen polemikoa

Maha Vajiralongkorn da orain herrialdeko errege berria, Bhumibol Adulyadejen semea, baina polemikaz inguraturik estreinatu du koroa. Koroatze ofiziala errege ohiaren errausketaren ostean izango den arren, urtebete barru, abenduaren 1ean hartu zuen kargua errege berriak, Rama X.a.

Haren bizimodua kezka iturri da. Vajiralongkornek Erresuma Batuan eta Australian ikasi zuen, eta prestakuntza militarra jaso zuen bi herrialde horietan, baita jaioterrian ere. Zazpi seme-alaba ditu, eta hiru aldiz ezkondu da. Srirasmi Suwadee izan zen haren azken emaztea, baina 2014. urtean hautsi zuten ezkontza.

1972an izendatu zuen aitak bere ondorengo, eta orduan erabakiarekin ados azaldu ziren militarrak. Hala ere, monarkaren heriotzaren ostean, Prayut Chan-o-cha jenerala eta lehen ministroak aditzera eman du printzeak ez duela berehala koroa hartuko. Vajiralongkornek berak dolua bete nahi izan du, herritarrekin batera, eta zazpi astez errege gabe utzi du Thailandia. Hura, baina, ez da makurrena izan.

Gobernuak BBC Thai ikertuko duela adierazi zuen hil hasieran, komunikabideak thailandiarrez argitaratutako errege berriaren profilak lese-majeste legea hautsi izanaren akusaziopean. Horren harira, Jarupat Boonpattararaks Pai aktibista atxilotu zuen Poliziak Facebook bitartez profil hori partekatzeagatik. 400.000 bahteko (10.656 euro) zigorra eta egun bateko presoaldiaren ostean epaitegiak libre utzi zuen gaztea. Pai bezala, beste 3.000 erabiltzaileek partekatu zuten albistea.

Parlamentuak atzo onartutako lege aldaketak, baina, zigorrak areagotuko ditu. Interneteko edukiak kontrolatzeko batzorde bat eratuko dute monarkia difamatzea saihesteko. Herritarrek, adierazpen askatasunaren kontra dagoela argudiatuta, neurri horren kontrako 300.000 sinadura aurkeztu zituzten bezperan.

Thailandiako Zigor Kodearen 112. artikuluak gogor zigortzen ditu monarkiaren kontrako edozein difamazio, irain eta mehatxu. Herritarrek Rama X.aren xelebrekeriak, baina, ondo ezagutzen zituen BBCren albistearen aurretik ere. Aireko armadako mariskal izendatu zuen bere txakurra, eta amodio afera ugari izan ditu. Hainbat komunikabidek diotenez amak, Sirikit erreginak, prentsaurreko batean esan zuen bere semea limurtzaile bat zela.

Herritarren gehiengoak aita miresten zuten; errege berriak, alta, ez du gizarte osoaren babesa. Askok uste dute Srindhon printzesa kargua betetzeko pertsona egokiagoa litzatekeela anaia baino. Srindhonen bizitzaren gaineko liburu asko argitaratu dira, eta bere erretratuak herrialde osoan daude ikusgai, Bangkokeko tren geltoki nagusian adibidez. Bhumibol Adulyadejek berak eta monarkiaren inguruko botereek ere printzesa nahiago omen zuten, baina Thailandiako Konstituzioak ez du emakumezkorik onartzen horrelako karguetan.

Aitaren ospea

Errege aldaketarekin, garai berri baten atarian da Thailandia. Bhumibol Adulyadej 1927an jaio zen, Massachusettsen, Ameriketako Estatu Batuetan, eta Suitzan bizi izan zen urte askotan. Autoak, jazz musika eta argazkilaritza ziren haren zaletasunak. Hainbat intelektual eta komunikabidek bon vivant bezala deskribatu izan duten arren, herritar askok haren trebetasuna miresten dute.

Aim da horietako bat: «Gizon handien adibide ezin hobea da erregea. 70 urteetan egunero lan egin du guregatik, baita beharrezkoa ez zenean ere. Esparru askotan jenioa da: hizkuntzan, zientzian, artean...» Aimeren iritziz, thailandiarrek ez dute orain arteko erregea bere karguarengatik bakarrik maite: «Lan asko egin du, eta arduraz jokatu du, baina erregea izango ez balitz ere, gure bihotzak irabaziko zituela badakit».

Prajadhipok erregeak, Bhumibolen osabak, 1935. urtean abdikatu eta Ingalaterrara atzerriratu ostean, erregearen anaia nagusia, Ananda Mahidol, bihurtu zen Thailandiako errege 1946.urtea arte. Urte horretako uztailaren 9an tiroz hilik aurkitu zuten logelan. Garai horretan, Rama IX.a izango zenak 19 urte zituen, eta, tronura berehala igo beharrean, ikasketak amaitzeko asmoarekin bueltatu zen Suitzara. 1950.urteko maiatzaren 5ean izendatu zuten ofizialki Thailandiako errege.

Aurreneko urteetan bere ospea eta izen ona hobetzeko lan egin zuen errege berriak: irratian jazza joaz, komunikabideen aurrean familiarekin agertuaz, hainbat proiektu babestuz, eta 1956an, budismoaren 2.500. urteurrenean, monasterio budista batean monje sartuaz.

Gainera, militarren erabateko fideltasuna izan omen du; zenbaiten ustez, buruzagiei ezarritako kontrol zorrotzaren ondorioz. Urte hauetan estatu kolpe ugari izan dira herrialdean, eta demokratikoki hautatutako agintariak aldarazi dituzten arren, monarkiarekiko morrontza adierazi izan dute beti militarrek.

Bi puntu hauengatik eta lese-majeste legearen ondorioz, hainbat komunikabideren arabera, biztanleriaren zati handi batek politikaren gainetik dagoen izaki zerutartzat hartu omen du Adulyadej. Hala ere, gazte thailandiar asko kexu dira mendebaldean inozotzat jo dituztelako, eta errespetua galdu omen dietelako behin baino gehiagotan, Ipar Korearekin parekatuz adibidez.

Historia korapilatsua

Rama IX.a erregea hil zenetik bi hilabete pasatu ostean, Bangkok Post egunkariko webguneak koloreak berreskuratu ditu, eta thailandiarrak aurrera begira daude jadanik. Aimek uste du datozen urteak ez direla samurrak izango: «Ez da erraza izango, ez. Iritzi ezberdin asko dago Thailandian, eta gatazkak alde batean zein bestean. Gaur egun, gobernu militarra daukagu, eta horrek estatu barruan bakea mantentzen laguntzen du, baina demokrazia bueltatuko digute etorkizunean, eta, egoeraren arabera, demokraziak alde positiboak eta negatiboak ditu. Agian ez da gure herrialdeak behar duen irtenbide bakarra; ikusiko dugu zer gertatzen den».

1932. urtean absolutismoa desagertu zenetik, armadak hemeretzi estatu kolpe saio egin ditu, horietatik hamabi arrakastatsuak. Urte horietan guztietan, hogei konstituzio idatzi dira, eta 29 lehen ministro izendatu, horien artean baita militarrak ere, adibidez egun boterean dagoen Prayut Chan-o-cha jenerala.

Egoera nahasi honen barruan, Bhumibol Adulyadej zen askorentzat batasun ikur bakarra, eta monarkaren hitzek legeek baino pisu handiagoa zuten. 1992. urteko manifestazio odoltsuen ostean, erregeak lehen ministroa eta oposizioko burua adiskidetzera behartu zituen, baita belaunikarazi ere telebista publikoan emandako bilera batean.

1991n estatu kolpe baten bitartez demokratikoki hautatutako Chatchai Choonhavanen gobernua kendu zuten militarrek. Hurrengo urteko maiatzean Suchinda Kraprayoon jeneralak boterea hartu zuenean, kalera atera ziren manifestariak buruzagiaren izendapena gaitzesteko. Partaideen kontra tiro egin, eta segurtasun indarrek 52 manifestari hil zituzten. Irailean, Chuan Leekpai aukeratu zuten lehen ministro, 2001. urtera arte. Orduan hartuko zuen Thaksin Shinawatra telekomunikazio handikiak lekukoa. Haren populartasuna azkar hedatu zen klase baxuaren eta demokrazia aldarrikatzen zuten herritar askoren artean. Bost urte geroago, Shinawatra ustelkeriagatik akusatu, eta, estatu kolpe baten bitartez, boteretik atera zuten militarrek. Lehen ministroa erbesteratu egin zen. Thailandian tentsioak eztanda egin zuen.

Alkandora gorri eta horiak

Herritarrak bi bandotan banatu ziren: batetik, alkandora gorriak, Shinawatraren edota demokraziaren defendatzaileak; eta, bestetik, alkandora horiak. Erregezaleek eta erdi mailako klaseak monarkiaren kolorea aukeratu, eta Thaksinen atxiloketa eskatu zuten. Desadostasunak laster heldu ziren kalera, gorriak eta horiak, armadak eta poliziak bata bestearen kontra indarkeria erabili zuten larrialdi egoera ezarri arren. 90 pertsona baino gehiago hil ziren liskarretan.

2011ko hauteskundeen ostean, Yingluck Shinawatra, Thaksinen arreba gaztea, lehen ministro bihurtu zen. Hainbat kritikok esan zuten bere nebaren txotxongiloa zela eta jauntxokeriaz gobernatu zuela. Beste behin ere istiluak kalera salto egin zuten armadarekin batera. Militarrak Bhumibol erregearekin elkartu ostean Prayut Chan-o-cha jenerala izendatu zuten lehen ministro.

Aurtengo abuztuan, %55eko partaidetza eta %61,4ko baiezko botoekin, konstituzio berria onartu zuten thailandiarrek. Lege nagusiaren proposamena junta militarrak hautatutako 21 partaideek idatzi zuten, eta 1997 eta 2007an idatzitako konstituzioa baino kontserbadoreagoa dela uste dute nazioarteko erakundeek eta herrialdeko alderdi garrantzitsuenek. Militarren boterea sendotzen duela ere badiote.

Orain erronkaz beteta dago Thailandia. Errege berriak konstituzioa onartu beharra dauka, eta agintariek adierazi dute hauteskunde orokorrak egingo dituztela 2017an. Hala ere, ez dute baztertzen 2018ra arte atzeratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.