1917ko iraultzan pentsatzean, askori Vladimir Leninen irudia datorkie burura. Atzerrian, batez ere, ideia erromantikoak; eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko zaharrenen artean, nostalgia. Moskuko Plaza Gorrian haren gorpu baltsamatua bisitatzen dute egunero milaka turistek, baina haren mausoleoa handik ateratzea nahi dute batzuek Errusian.
Hala ere, Errusian ez dago hiri bakar bat ere, Leninen plaza bat eta Leninen eskultura handi bat ez duenik. Olga, 40 urteko managerra, Simferopol hiri txikian bizi da, Krimean. Etxerako bidean, Leninen eskulturaren ondotik pasatzen da sarritan. Ez dio begiratzen, harri zati bat da, bera jaio zen egunetik hor egon den harri zati handi bat. Gizon serio baten irudia; hamaika aldiz ikusi duena, aspertzeraino. Haren aitona-amonek bai, haiek hitz egiten zuten Lenini buruz, eta beste askok bezala «aitona Lenin»esaten zioten. Baina Olgak ez du ia inoiz gauza horietan pentsatzen. Galdera telefonoz egin, eta pare bat segundoz isilik geratu da:
«—Galdera deserosoa al da?
—Ez.
—Nolakoa?
—Normala, baina hasieratik esan behar dizut ez daukadala iraultzarekiko hitz onik. Helduagoentzat, agian, gertuko gaia da; niretzat ez. Leninek ez du garrantzirik niretzat; nire familiari ez dio inolaz ere eragiten. SESBen garaian, berataz ongi hitz egitera behartzen zuten jende guztia. Lenini buruz gauza ilun asko atera dira geroago. Ez daukat harekiko interesik. Haren ideiak orain ez dira ezer niretzat».
Svetlana Moskun bizi da, eta turismo agentzia batean egiten du lan. Haren ustez, normala da politikariek gertaera hau ospatu nahi ez izana: «80 urtez egun hau ospatu dugu. Nahikoa da, hau guztia komunismoa da, eta nahikoa izan dugu komunismoarekin. Putin bere garaiarekin doa, ez da iraganean bizi, XXI. mendean bere herriarekin baizik. Ez dut uste gaur egungo Errusiako gizarteak 1917ko gertaeren eragina duenik. Gazte askok ez dute argi.
1991n Sobietar Batasuna erori zen arte, urriko iraultzaren eguna urtero ospatu zuten. Errusiar federazioa sortu zenetik, aldiz, ez.
Ezker muturreko sobietarrek, Leninen agintepean, San Petersburgo hartu zutenean, horren atzean mundu osoari egindako ekarpen bat ikusten dute sozialismo sobietarraren erromantiko askok: berdintasuna eta gizarte bidezko bat lortzeko borroka, hain zuzen ere.
Evgenik ez du bere adina esan nahi, baina 70 urte baino gehiago baditu. Musika eskola batean umeei klarinete eskolak ematen jarraitzen du, eta oraindik ez du erretiratu nahi. Bizitza osoa abesti militar sobietarretan murgilduta igaro du. «1991 baino lehen, urtero ospatzen genuen eguna; orain,ez. Gauza asko aldatu dira. Noski, orain bizitza errazagoa da, bainaSobietar Batasuneko ideiak ezin ditugu ahaztu. 1917 baino lehen, gure herria ahula zen; iraultzarekin ordea, mundua aldatu zuen; boteretsu bihurtu ginen, eta ideia politek aurrera jarraitzen lagundu ziguten».
Evgeni bezala SESBen jaiotako askorentzat, munduko beste lekuetan ere beharrezko zuten bultzada bat izan zen Leninen iraultza. Gizarte bidegabeak horrelako adibide baten zain zeudela uste dute, hain zuzen ere. Egia da 1917ko iraultza boltxebikearen haritik, bat-batean, beste askok ere eztanda egin zutela: errepublika sozialista aldakarrikatu zuten Finlandian (1918), Hungarian (1919), Eslovakian (1919), Mongolian (1921)…
Baina Leninek boterea hartzea, hurrengo urteetan iritsi zen biolentzia guztiaren hasiera isil baten moduan ikusten dute beste batzuek. Gizarte justu bat lortzeko ametsa amesgaizto bihurtu zen segituan, Iosif Stalinek boterea hartu zuenean.
Aurten 80 urte bete dira 1937an Purga Handia hasi zutenetik. Bi urte iraun zuen garai ilun horretan, Moskun 30 000 pertsona fusilatu zituzten. Vladimir Putinek iraultzaren inguruan pentsatzen duena jendaurrean gutxitan esan duen arren, garai haien alde iluna gogorarazi du, gehienbat. Tristuraren Harresia inauguratu dute urrian Moskun, Stalinen garaian jazarpen politikoa nozitu zuten biktimak gogorarazteko. Errusiako federazioko presidentearen hitzetan, «ez dago herri osoek Sobietar Batasunean bizi izan zuten errepresioa justifika dezakeen ezer. Errepresioek ez zuten inor errespetatzen, edonor, momentu batetik bestera, salaketa faltsu eta guztiz zentzugabeen atzaparretan eror zitekeen». Vladimir Medinski Errusiako Kultura ministroak ere iraultza boltxebikeak gizartea banandu zuela nabarmendu du: «Iraultza hori bidezko gizarte bat sortzeko saialdia izan zen, eta mundua aldatu zuen. Baina gure gizartea banandu zuen ere, eta oraindik, gaur egun, banantzen jarraitzen du».
Isilarazteko nahia
Garai haien alde iluna azpimarratzea, iraultza boltxebikearen urteurrena ez ospatzea justifikatzeko pauso bat da, beharbada. Lidia Moskuko ekonomialari gazteak, mesfidantzaz ikusten du botereak iraultzaz aritzeko duen gogo eskasa: «1917a iraultzaren urtea da gure buruan, eta politikariek ez dute nahi guk iraultzaren ideia hori barnean izaterik. Dena kontrolpean edukitzea da Putinentzat garrantzitsuena, eta argi dauka ez duela oposizioko inor boterera hel dadin onartuko».
Aleksei 29 urtekoa ere ez da politikariez fiatzen: «Ez dut uste urteurren hau topa eginez ospatzeko gertakizuna denik. Hala ere, gure aitona-amonentzat, garai garrantzitsuak izan ziren haiek: aldi berean pozgarriak eta beldurgarriak. Horregatik, ahaztu ezin dugun iraganaren zati bat da. Oraindik gauza asko daude argitzeko. Boteretsuek, egun, beti egin izan duten bezala, istorioaren kapitulu batzuk isilarazi, eta historia beren modura kontatu nahi dute».
Errusiako Iraultza. Gaur egungo Errusia
Garai berriak, baina nostalgia apur batekin
Kremlinak esan du Errusiako Iraultzaren mendeurrena ospatzeko motiborik ez dagoela, eta horrek komunistak haserretu ditu. 2018an presidentetzarako hauteskundeak izanik, gobernuak ez du jarrera jakin bat azaldu nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu