Galtzailearen azken saiakera

Donald Trumpen dozenaka jarraitzaile AEBetako Kapitolioan sartu dira, Joe Bidenen garaipenaren egiaztatzea blokeatzeko; saioa bertan behera utzi dute. Etxe Zuriak Guardia Nazionala mobilizatu du

Donald Trumpen milaka jarraitzaile elkartu ziren atzo Washingtonen, azaroko bozen emaitzen aurka protesta egiteko, eta Kapitolioan sartu ziren. J. LO SCALZO / EFE.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun

Donald Trumpen agintaldiak izan ditu AEB Ameriketako Estatu Batuetako historia liburuetako orrialde asko betetzeko gertakariak, bakoitza bestea baino harrigarriagoa eta aurrekaririk gabekoa izan baita. Zalantzarik ez dago Trumpek beste estilo bat, beste erretorika bat, beste gobernatzeko modu bat ekarri duela, ez soilik AEBetara, mundu osora baizik; finean, politika egiteko gidaliburu desberdin bat da, berria akaso, baina estrategietan aldaketa handirik erakutsi ez duena. Agintariaren azken hilabeteak galtzaile baten erortze etengabea izan dira, eskura dituen baliabide guztiak erabiltzearena gustokoa ez duen errealitatea aldatzeko. Hala gertatu da AEBen historian iltzatuta geratuko den irudia: Trumpen aldeko dozenaka manifestari Kapitolioan sartuta, Joe Biden presidente hautatuaren garaipenaren egiaztatzea oztopatzen, behin-behinean bada ere.

Bandera konfederatuak, negarra eragiteko gasa, protestarien eta polizien arteko talkak, presidente hautatuari buruzko saioa bertan behera eta politikarien ebakuazioak, tartean Mike Pence presidenteordearena. Bere burua munduko «lehen demokraziatzat» duen herrialdearentzat, Washingtonen atzo gertaturikoa sinestezina irudi zitekeen, baina Trumpek asteotan eta atzo bertan egindako adierazpenek ez dute zalantzarako tarterik utzi.

Hark bezala pentsatzen duten milioika herritar daude AEBetan, iragan azaroko presidentetzarako hauteskundeak «lapurtu» dizkietela uste dutenak; ez soilik kalean, atzo Bidenen aldeko emaitzak egiaztatzeko elkartu zen Kongresuan ere bai —egoitza Kapitolioan du—, errepublikanoen kongresukide eta senatari talde batek ere demokrataren garaipena boikoteatzeko ahaleginak egin baitzituen, haien kasuan baliabide legalak erabilita.

Bien bitartean, kanpoan, Trumpek mitin jendetsu bat egin zuen, gerora etorriko zenaren sua pizteko: «Ez dugu lapurreta hau onartuko, gelditu egingo dugu», adierazi zuen iragan azaroko presidentetzarako bozen emaitzei erreferentzia eginez. Entzun eta obeditu; haren jarraitzaileek poliziei aurre egin, eta Senatuan izan ziren, baita Ordezkarien Ganberan ere, Penceren eta Nancy Pelosi behe ganberako presidentearen eserlekuetan eta bulegoetan. Haien mezua sinplea da: «Trumpek irabazi ditu hauteskundeak!», entzun zen hainbatetan.

Pelosik berak Guardia Nazionala bidaltzeko eskatu zuen, tiroak ere entzun baitziren Kapitolio barruan, eta Etxe Zuriak baiezkoarekin erantzun zion; AEBetako hedabideen arabera, emakume bat larri dago bularrean tiro bat jaso zuelako. Alderdi Errepublikanoaren Washingtongo egoitzan, gainera, bonba bat aurkitu zuten, baina lehertu aurretik eraman zuten handik.

Kaosaren estrategia betean, Trumpen Twitter sare sozialeko kontuak «era baketsuan mantentzeko» eskatu zien agintariaren jarraitzaileei, haiek «legearen eta ordenaren» aldekoak direlako; hori bai, oraingoz ez da publiko egin Trumpek ala bere lantaldeko batek txiokatu zuen mezu hori. Zalantza horren erdian, Biden izan zen adierazpen publikoa egin zuen lehena, eta ohartarazi zuen «demokrazia aurrekaririk gabeko eraso baten aurrean» zegoela, «sedizio» itxurakoa: «Honek guztiak gelditu egin behar du».

Horren ostean, orduan bai, Trumpek bideo bat igo zuen Twitterrera, haren jarraitzaileei etxera joateko eskatzeko; hori bai, bere diskurtsoari eutsi zion, bozak «lapurtu» zizkietela esanda.

Pence eta McConnell, kontra

Pencek eta Mitch McConnell errepublikanoen Senatuko buruzagiak, beste hainbat goi kargudunen artean, distantzia markatu zuten AEBetako presidentearekin, eta oso kritiko agertu ziren gertaturikoarekin eta haren adierazpenekin.

Hala, agerian geratu zen, beste behin ere, Trumpen eta Alderdi Errepublikanoaren arteko zatiketa. Baita ere, agian, alderdiaren eta herritar askoren artekoa.

Gustoko ez duen sistema bati eraso egitea; irudi hori utzi dute Trumpen agintaldiko azken egunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.