2024ko Galiziako Parlamenturako bozak

Galiziako subiranismoa birformulatzeko

Behin «ziklo politiko bat itxita», Anovak BNGrekin harremanak normalizatzea erabaki du. Bi indarrek «lankidetza prozesu bat» hasi dute, eta helburutzat finkatu dute Xunta herrialdearen «interesen zerbitzura jartzea».

(ID_13586006) ESPAÑA ELECCIONES GALICIA BNG
Ezkerretik eskuinera: Anovako Xose Manuel Beiras, BNGren Xuntarako presidentegai Ana Ponton eta BNGren Galiziako Parlamentuko diputatu ohi Camilo Nogueira, joan den ostiraleko ekitaldi batean, Santiagon. XOAN REY / EFE
ander perez zala
Berriemaile berezia - Santiago
2024ko otsailaren 14a
05:15
Entzun

Galdera entzutean, irribarre egin du Martiño Noriegak. Irribarre urduri bat, modu batera esatearren. «Nola azaldu hau guztia ur handitan sartu gabe».

BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak eta Anovak —Galiziako ezkerreko beste alderdi subiranistak— «lankidetza prozesu bat» hastea sinatu zuten joan den urtarrilaren 14an, datorren igandeko Galiziako Parlamenturako hauteskundeak aitzakiatzat hartuta. Denetik esan da gertakari hori deskribatzerakoan, baina, betiere, antzeko ideia baten inguruan arituta: Galiziako ezkerreko subiranismoa «berriz elkartu» dela, «berriz adiskidetu» dela, edo Anovakoak «etxera itzuli» direla, kasurako.

Etenaldi labur bat egin ondoren eman du erantzuna Noriegak. Ongi pentsatu du zer esan bi alderdien arteko gerturatzeaz. «Ez… Sinplifikazio bat egin da… Uste dut Anovak iragan hamarkadan egin zuen gogoeta ekarpen oso garrantzitsu bat izan zela ezkerrarentzat. Lehen aldiz, Galiziako subiranismoaren segmentu sinboliko batek espazioak bilatu zituen herri batasunaren eraikuntzarako. Gai izan zen ezker subiranistaren eta ezker federalaren arteko mugak desegiteko, eta gehiengo sozialen espazio bat osatu zuen. Eta horrek berekin ekarri zuen jende asko boto dualera erakartzea; hau da, hauteskunde batzuetan BNGren alde egitea, eta beste batzuetan ezker federala babestea».

Datorren igandeko bozetarako, azken ideia horrekin lotuta dago, Noriegaren ustez, haren alderdiak izan duen zeharkako beste lorpena, eta aurten BNGko Ana Pontonek inoiz baino aukera gehiago izatea Galiziako Xuntako lehen presidente subiranista —eta emakumezkoa— bilakatzeko. Anovaren bozeramailea da Noriega, joan den urtetik, eta uste du boto duala normalizatzeagatik egingo dutela aurten BNGren alde duela lau urte baino boto emaile gehiagok. Inkesten arabera, ordezkaritza handituko baitu, eta, hortaz, inoizko emaitzarik hoberenak lortuko baititu.

«Merezi izan du ibilbide hau guztia egin izana. Zer egoeratan gaude orain? BNGk aldaketarako nahia ordezka dezake, ezkerreko boto emaileena eta progresistena; batzuk subiranistak izango dira, eta beste batzuk ez. Baina alderdi horren alde egingo dute. Eta aro berri bat irekitzeko aukera dago; hori ez da gutxiestekoa», argudiatu du Anovaren bozeramaileak haren alderdiaren ibilbidearen ondorioez.

(ID_17077592255195) Martiño Noriega
Anovaren bozeramaile Martiño Noriega, herenegun, Santiagon, elkarrizketaren ondoren. ANDER PEREZ ZALA

Modu batera edo bestera, Galiziako ezkerreko subiranismoa elkartuta dago berriz ere, eta bada asmorik zauriak «orbaintzeko». Hori bada albistea. Baina inork ez du ahaztu 2010eko hamarkadaren hasieran gertaturikoa. Eremu politiko horren zatiketak arrazoi asko izan zituen arren, pare bat gertakari izan ziren mugarri. Batetik, 2009ko Galiziako Parlamenturako hauteskundeak: 2005etik urte horretara arte PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistarekin gobernatu ostean, BNGk aulki bat galdu zuen, eta, horren ondorioz, agintean egon zen aliantzak gehiengo osoa galdu zuen. PPG Galiziako Alderdi Popularreko Alberto Nuñez Feijooren hamahiru urteko agintaldiaren abiapuntua izan zen.

Eta, bestetik, BNGren barne dinamikek ere izan zuten zerikusia zatiketa horretan. Alderdi hori ez zen gai izan 2008ko krisi ekonomikoak eragin zituen ondorio politikoak antzemateko, eta barne korronteen arteko talkek nabarmen zaildu zuten egoera, horren harira.

Hala, 2012an, 30 urtez hainbat sentsibilitate politiko bildu zituen ezkerreko alderdi subiranistak lehen eszisioa jasan zuen: Xose Manuel Beiras buruzagi historikoarekin batera, Encontro Irmandiño korronteko hainbat kidek alderditik ateratzea erabaki zuten, zuzendaritzarekiko eta haren estrategiarekiko desadostasunengatik. Zehazki, argudiatu zuten ez zegoela baldintzarik fronte horren «birsortzea» gauzatzeko. «BNG jada ez da nazionalista guztien etxe komuna», adierazi zuen korronte horrek adierazpen batean. Horren ondoren sortu zuten Anova.

Gerora, nork bere estrategiari jarraitu zion, eta horien arrakastak eta joerak erabat kontrakoak izan dira. 2012ko Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan izan zen lehen sorpresa: AGE Galiziako Ezkerreko Alternatiba koalizioan aurkeztu zen Anova —besteak beste, EU Esquerda Unidarekin eta Equo Galiciarekin—, eta bederatzi aulki lortu zituen, BNGk baino bi gehiago.

«Merezi izan du ibilbide hau guztia egin izana. Zer egoeratan gaude orain? BNGk aldaketarako nahia ordezka dezake».

 MARTIÑO NORIEGAAnovaren bozeramailea

2016ko bozetan are handiagoa izan zen sorpresa. En Marea aliantza osatu zuten Anovak, Podemosek eta EUk, eta koalizio hori oposizioko lehen indarra bilakatu zen, hamalau eserleku lortuta. BNGri dagokionez, inkestek pare bat aulki edo ordezkaritzarik eza aurreikusten zioten, baina, azkenean, sei diputatutan geratu zen; erresistentziaren lehen garaipena izan zuen, hain justu, Ana Ponton Xuntarako presidentegai gisa lehiatu zen lehen aldian.

Eta, azkenean, 2020ko Galiziako Parlamenturako hauteskundeetan aldatu zen erabat egoera. Barne desadostasunen eta Espainiako politikaren eraginaren ondorioz, En Mareak osatzen zuen taldeak zailtasun handiak izan zituen politikoki bizirik irauteko, eta erabat egin zuen gainezka egoerak boz horietan, ordezkaritzarik gabe geratu baitzen. Kontrara, BNGk, Pontonen gidaritzapean, gorakada handia izan zuen, eta oposizioko lehen indarra bilakatu zen, hemeretzi aulkirekin —inoizko ordezkaritzarik handiena izan zen alderdi horrentzat—.

Orain, bestelakoa da egoera —«ziklo politiko baten amaiera» aipatu du Noriegak—, eta horren isla da bi indarren arteko ituna. Sumarrek koalizio bat egin eta Xuntarako presidentegai izateko eskaintza egin zion Anovaren eledunari, baina hark alderdiarekin hitz egin eta ezezkoa eman zioten ezker federalarekin berriz elkartzeari.

Testuinguru horretan, BNGrekin bat egitea «ekarpen sinboliko bat da, kolpatuta dagoen indar politiko batena», Noriegaren arabera. Eta uste du asmatu egin dutela hori egiten, erantzun «positiboak» jaso baititu asteotan.

Anovaren eledun eta mediku

Elkarrizketa eman ondoren, Noriega lanera joatekoa da; horregatik jarri du hitzordua Santiagoko Fontiñas osasun zentroaren alboan dagoen taberna batean. Anovaren eleduna lehen mailako arretako medikua ere bada, eta, ezinbestean, haren lanbidea hizketarako gai bilakatu da.

Galiziako osasun publikoaren zerbitzuek okerrera egin dute nabarmen, eta Noriega entzutea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Datu adierazgarri bat eman du: elkarrizketaren ostean, berez zazpi ordukoa duen lanaldian, 40 eta 50 pertsona artean artatu beharko ditu. «Pentsa, batzuetan lehenago joaten naiz lanera, gauzak prestatzeko eta aurreratzeko».

Osasun publikoaren egoera da Galiziako herritarren kezka nagusia, kanpainan egindako inkesten arabera, eta horren erakusle da hilaren 4an manifestazio jendetsua egin zutela Santiagon, SOS Sanidade Publica plataformak deituta —hauteskundeen eguna jakin aurretik erabaki zuten protestarako egun hori—. Ezkerreko alderdietako buruzagi guztiak izan ziren horretan, eta, besteak beste, «kalitatezko» zerbitzua eskatu zuten.

(ID_13565745) GAL SANIDAD PROTESTA
SOS Sanidade Publicak deituriko manifestazioaren amaiera, Santiagon, hilaren 4an. XOAN REY / EFE

Hainbat datuk eta gertakarik baieztatzen dute manifestariek salaturikoa. PPG 2009an boterera itzuli zenetik hona, lehen mailako arretako tokian tokiko kontsulten %33 itxi dituzte, gehienbat Galizia barnealdean. Eta Pazientearen Defendatzaileak iaz egindako ebaluazioaren arabera, Galiziako lehen mailako arreta «gainezka» dago.

Badira kasu gehiago, ordea. Operazio baterako itxaron zerrendak, esaterako, %21 handitu dira azken hamar urteetan, gobernuak argitaratutako datuen arabera, eta, Galiziako Estatistika Institutuaren 2022ko datuek diotenez, udalerrien %64,2k, hau da, 201 udalerrik, ez dute pediatria zerbitzurik.

Beste adibidea Noriegak berak eman du, pixka bat agerikoa zaion etsipen puntu batekin: «Aurreko hamarkadan sustaturiko politiken» ondorioz, lantaldea zahartzen ari da, eta ez dago nahikoa pertsona horiek ordezkatzeko. «Erretiroa hartzen duten medikuak gehiago dira hezibide hori jasotzen dutenak baino. Gainera, [Xuntakoei] iruditu zitzaien osasun zerbitzua ez zela garrantzitsua, eta erretiroa hartzen zuten medikuen hutsuneak betetzeari utzi zioten. Mediku bat falta denean, nekez jartzen dute ordezko bat. Eta, noski, lankideon artean banatzen dugu zama gehigarri hori. Honekin guztiarekin nork irabazi du? Zerbitzu pribatuak eta aseguru etxe pribatuek».

%64,2

Galiziako zenbat udalerrik ez duten pediatria zerbitzurik. Galiziako Estatistika Institutuaren 2022ko datuen arabera, udalerrien %64,2k ez dute pediatria zerbitzurik; hau da, 201 herrik.

BNGk eta Anovak sinaturiko akordioan, besteak beste, zera jaso dute: «Premiazkoa da, hortaz, Galiziako Gobernua gure interes nazionalen eta klase interesen zerbitzura jartzea». Osasun publikoaren egoera hobetzea da interes horietako bat, Noriegaren arabera, baina ohartarazpen bat egin du, horrekin zerikusia duena: balizko gobernu berriak «egiturazko aldaketei» egin beharko diela aurre. «Eta aldaketa ez da automatikoa izango; inbertsioa handitu dezakezu, eta mediku gehiago jarri, baina aldaketa ez da hurrengo hilabetean nabarituko, ezta hurrengo urtean ere».

Finean, itxaropenez mintzatzen ari da lehen mailako arretako medikua. «Hori nola kudeatu behar da? Jendeak azkar nahi baititu aldaketak. Agian lau urtean nabaritu ahalko dira aldaketak, eta zortzi urtean horiek egonkortu… Baina hori oso baikor izanda. Eta hautagaietako inork ez du aitortzen hori. Gobernu aldaketa izugarria litzateke, baina hemen denok dakigu nola kudeatu diren itxaropenak aldaketa etapa motzetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.