Galiziako kostaldera iritsitako milaka plastiko bolak biltzeko antolatzen hasi dira herritarrak

Abenduaren 8an zama galdu zuen itsasontzi batek Portugalgo itsasoan, eta plastikozko bolatxoak iristen ari dira Galiziako kostaldera. Xunta ez dela neurriak hartzen ari salatu dute talde ekologistek. Ingurumen Fiskaltzak ikertu egingo du zer gertatu den.

Plastikozko bolatxoak, Murosko hondartzan. LAVANDEIRA JR / EFE
mikel p ansa
2024ko urtarrilaren 8a
10:52
Entzun

Abenduaren 8an, orain dela hilabete, itsasontzi batek zamaren zati bat galdu zuen Atlantikoan nabigatzen ari zela: uretara erori zitzaion kontainer bat, Viana do Castelo parean —kostaldetik 80 bat kilometrora—, Portugalgo iparraldean. Galiziako muga ez da handik urruti, eta itsas korronteek azkar zabaldu zituzten uretara jausitako plastikozko bolatxoak. Abenduaren 13an, lehen bolatxoak agertu ziren Ribeiran (Galizia), eta hilabeteko epean, Galiziako kostalde gehienean zabaldu dira bolatxo horiek, Asturiasko (Espainia) kostaldean ere ikusi dituzte, eta azken berria da Espainiako Ingurumen auzietarako Fiskaltzak ikerketa bat egingo duela.

Itsasontziaren armadoreak emandako datuen arabera, itsasora eroritako kontainerrak plastikozko bolatxoen mila zaku zituen, eta, zaku bakoitzak 25 kilo zituenez, 25.000 kilo inguru plastiko izan litezke itsasora jausitakoak. Hondartzetan eta itsasbazterretan pilatuta agertzen hasi dira plastikozko bolatxo horiek, eta Galizian herritar batzuk beren kasa hasi dira antolatzen itsasbazterrak garbitzeko, Xuntak ez duela ekimenik kexu. Prestige-ren hondamena ekarri du gogora gertakariak Galizian, Nunca mais (berriro inoiz ez) orduko leloa ostera ere zabaldu da sare sozialetan, eta aurki egitekoak diren hauteskundeetako giroa berotu du.

Euskal Herrira ez dira iritsi plastiko zatiak oraindik, baina Oihane Cabezas AZTIko ikerlaria elkarrizketatu dute Euskadi Irratian eta hark aipatu du oso litekeena dela, itsas korronteak aintzat hartuta, plastiko bolatxo horiek euskal kostaldera ere iristea. Halaxe iritsi ziren Prestige-ko fuel orbanak, izan ere. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak adierazi du neurriak hartuko dituztela, «hartu balitezke», kostaldera iritsiko balira, ez baitago argi plastiko bolatxo horiek biltzeko zer baliabide eraginkor dauden.

Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroa telefonoz aritu zen atzo Alfonso Ruedarekin (PP), Xuntako presidentearekin. Larrialdi maila lehen graduan jarrita dauka Xuntak, eta lasai egoteko esana die herritarrei; Riberak Ruedari eskatu dio larrialdi maila bigarren gradura igotzeko, hartara Espainiako Gobernuak bere baliabideak jarri ahalko dituelako itsasbazterrak garbitzen laguntzeko. Xuntak adierazi du urtarrilaren 3 eta 4ra arte ez zuela jaso gertakariaren berri. Espainiako Gobernuak, baina, ziurtatu du abenduaren 20tik gutxienez arazoari jarraipena egiten ari zaiola. Bi administrazioak teman ari dira, baina Xuntak, oraingoz baztertu egin du larrialdiaren gradua igotzea.

Plastikozko lehengaia

Baina zer dira plastikozko bolatxo horiek? Polietilenoarekin, polipropilenoarekin, poliestirenoarekin edo bestelako plastiko konposatuekin egiten dituzte, lehengai gisa erabiltzeko; bolatxo forman garraiatzen dituzte, eta plastikozko produktu ugari sortzeko erabiltzen ditu industriak: urtu, eta forma ematen zaie. Nolabait ere, plastikozko produktuak sortzeko lehengai gisako bat dira, beraz. Plastiko guztiek bezala, petrolioan dute jatorria, eta, beraz, kutsagarriak dira, eta erregai fosiltzat hartzen dira. Dentsitatearen eta materialaren arabera, uraren gainean geldi daitezke, edo urperatu.

Portugalgo kostaldeko hondamena ez da kasu bakana. Urtero material horren 230.000 tona inguru isurtzen dira itsasora, eta itsasoetako kutsaduraren arrazoi nagusietako bat dira. Hamarkadak behar dituzte desegiteko, eta arrainei ere kalte egin diezaiekete. Kostaldera iristen direnean, berriz, biltzeko zailtasun handiak sortzen dituzte, oso txikiak baitira —bost bat milimetroko diametroa izan ohi dute—, eta kontuz ibili ezean hondarretan barrena sar bailitezke.

Talde ekologistek-eta salatu dutenez, plastikozko bolatxo horiek ez dira sailkatzen merkantzia arriskutsuen artean. Hala sailkatuko balira, garraiatzerakoan segurtasun neurri zorrotzagoak hartu beharko lirateke.

(ID_13474628) ESPAÑA MAR CONTAMINACIÓN
Herritarrak, plastikozko bolatxoak banaka biltzen, O Groveko hondartzan, asteburu honetan. SALVADOR SAS / EFE

Herritarren mobilizazioa

Galizian, Noia Limpa elkartea eta beste zenbait herritar taldek eta talde ekologistak jo dute alerta, eta herritarrak antolatzen hasi dira itsasbazterrak garbitzeko; horretan aritu dira joan den asteburuan dozenaka boluntario. Kexu dira Galiziako Gobernuarekin, ez duelako garaiz erreakzionatu, eta ez dituelako baliabideak jarri kutsadurari aurre egiteko eta kostaldeak garbitzeko. Salatu dutenez, garbiketa lanak egiten ari diren herritarrei laguntzeko ere ez dute baliabiderik jartzen.

Xuntaren eraikinetako baten aurrean, Compostelan, hondartzetan bildutako plastiko bolatxo horien zaku batzuk utzi dituzte, txartel batean zehaztuta Queirugako hondartzan bildu dituztela 25 kilo, eta 50 orduko lan boluntarioa behar izan dela horretarako.

Hilabete barru dira egitekoak hauteskundeak Galizian, eta Rueda Xuntako presidenteak kritikatu egin ditu bere gobernuaren aurkako salaketak, gaur goizean, Madrilen. Esan du inork ez diela informazio zehatzik eman, eta ziurtatu du baliabideak jarriko dituztela «hondartzetara iritsiko den guztia biltzeko, behar diren baliabideak jarriko ditugu; eta lagundu nahi duenak lagundu dezala, eta ez duenak nahi, jarraitu dezala kanpaina egiten, baina ez dezala trabarik egin».

Nòs Diario egunkarian, Maria Lago Murosko alkateak salatu du hilabeteko epean ez duela ezer egin Xuntak: «Hilabete pasatu da, eta ez da ekintza planik martxan jarri, ez ezer egin». Lagok azaldu du udalek ez dutela baliabiderik halako krisi bati aurre egiteko, eta administrazioaren utzikeria deitoratu du.

Xaquin Rubido Nunca Mais plataformako bozeramaileak ohartarazi du plastikozko bolatxoen krisia «porrot baten» seinale dela: «Erakusten du gure kostaldea babesteko protokoloek ez dutela funtzionatzen. Azkenean, Prestige-rekin gertatu zen bezala, udalerriak eta herritarrak ari dira aurre egiten arazoari, eta, bitartean, administrazioa desagertu egin da».

BNG alderdia Espainiako Gobernuari eta Xuntari mintzatu zitzaien joan den astean, hondartzak garbitzeko baliabideak jar ditzaten lehenbailehen. Galiziako Ekologistak Martxan taldeak, berriz, jakinarazi du salaketa bat aurkeztuko duela Noiako auzitegian; itsasontziaren jabea den Herbehereetako enpresari ingurumenaren kontrako delitu bat leporatuko dio. Bestalde, adierazi dute plastiko isuriak kalte egin diola Natura 2000 sareko eremu bati gutxienez.

Plastikozko bolatxoak Galiziako kostaldean
Noia Limpa elkarteak osatu du mapa hau, erakusteko orain arte Galiziako zein lekutan agertu diren plastikozko bolatxoak.

Liberiako banderapean

Toconao izeneko itsasontziak izan zuen ezbeharra. Antza denez, Algecirastik (Espainia) abiatu zen abenduaren 5ean, Rotterdamgo (Herbehereak) portura bidean. Sei kontainer galdu zituen itsasoan, armadoreak berak aitortu zuenez, eta horietako batean zihoazen plastikozko bolatxoak. Hondartzetara plastikozko bolatxoen zaku oso batzuk ere iritsi dira; Bedeko Europe izeneko enpresa baten izena daramate, Poloniako enpresa batena.

Nòs Diario-k aditzera eman duenez, Liberiako bandera erabiltzen du Toconao-k. Komenentziazko bandera esaten zaie halako herrialdeek emandako banderei; itsasontziei kontrol neurri arinagoak eta abantaila ekonomikoak ematen dizkiete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.