Azken egunotan piztutako 109 sutek alerta egoera larrian jarri dute Galizia. 109 suteetatik 67 kontrolatzeke daude oraindik, eta gainerako 42ak kontrolpean daude. Portugalen, bestalde, bost sutek jarraitzen dute pizturik, eta beste hainbestek Katalunian.
Galiziako sute guztietatik bik, Cotobadekoak eta Soutomaiorkoak (Pontevedra), bigarren mailako alerta egoera eragin dute, hau da, inguruko biztanleen biziak arriskuan daudenez, Espainiako armada bertan dago edozein unetan ebakuazio plana abian jartzeko. Beste bost sutek, aldiz, lehenengo mailako alerta egoera eragin dute, sua etxebizitzetatik gertu dagoelako.
Coruñan eta Pontevedran eragin dute kalte gehien suteek Galizian. Izan ere, Coruñan 30 sute daude oraindik pizturik, eta Pontevedran 57. Lugo eta Ourenseko lurraldeetan, bestalde, bederatzi eta hamahiru sute daude piztuta, hurrenez hurren. Ourensen, esate baterako, Maside herrian atzo Santiago eta Ourense lotzen dituen trenbidea hainbat orduz moztu behar izan zuten garren hurbiltasunagatik. Galizian jada hiru pertsona hil dira suteen ondorioz.
Portugalen, Suhiltzaile eta Babes Zibileko Zerbitzu Nazionaletik jakinarazi dutenez, bost sutek piztuta jarraitzen dute. Valongoko herrian dago (Oportoko barrutia)Portugalgo larriena, eta 367 suhiltzaile ari dira garrak itzaltzeko lanetan, 120 ibilgailuren eta helikoptero baten laguntzarekin. Horrez gain, beste lau sutek ere kontrolik gabe jarraitzen dute Portugalen. Portugalgo Meteorologia Institutuak aditzera eman duenez, tenperatura ez da jaitsiko.
Kataluniari dagokionez, piztuta jarraitzen duten bost suteetatik lauk, Navatakoak, Palau de Santa Eulaliakoak, Capmanykoak eta Ventallokoak, kontrolik gabe jarraitzen dute oraindik. Aldiz, Cistellan pizturiko sua kontrolpean dute dagoeneko suhiltzaileek. Katalunian, guztira, bi mila hektarea lerre dira sute bolada honen ondorioz. Ingurumen sailburu Francesc Baltasarrek jakinarazi duenez, Ventalloko sutea nahita eragindakoa izan da.
NAHITA PIZTUTAKOAK. Sute gehienak nahita piztutakoak direla adierazi dute agintariek. Galiziako Landa Eremuko sailburu Alfredo Suarez Canalek esan duenez, «inongo tolerantziarik merezi ez duen jarduera kriminal baten ondorio» da erkidegoak bizi duen egoera. Jada bost pertsona atxilotu dituzte suteak pizteagatik Galizian. Atzo bi pertsona atxilotu zituzten eta horietako bat kartzelaratu zuten. Beste hiru pertsona aurreko egunetan atxilotu zituzten baina horietako bat aske utzi dute.
Galizia alerta egoeran da, 109 suteren ondorioz
Katalunian eta Portugalen piztuta jarraitzen duten bosna sute itzaltzeko lanetan ari dira suhiltzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu