Historian lehen aldiz eztabaidatu zuten herenegun independentziaren aldeko mozioa Galesko Parlamentuan. Plaid Cymru Galesko alderdi nazionalistako Rhun ap Iorwerth parlamentariak abiatu zuen eztabaida, mozioaren helburua azalduz: «Parlamentuari eskatzen dioguna zera da, Galesko herritarrei erabakitzeko eskubidea ematea; ez gara ari parlamentuari gaur bertan independentziaren alde egiteko eskatzen».
Plaid Cymruk proposatu zuen mozioa, koronabirusaren pandemiaren ondorioz inkestetan independentziaren aldeko jarrerak gora egin zuela ikusi ondoren. Galesko Barometro Politikoaren arabera, herritarren %25 daude independentziaren alde. Ekainean, pandemiaren kudeaketari buruzko galdeketa batean, %62k Galesko Gobernua positiboki baloratu zuten; aldiz, Erresuma Batukoa, horien erdiek, %34k.
Kudeaketa horren harira, Adam Pricek, Plaid Cymru alderdiko buruak, Galesko gobernu laboristaren krisiaren kudeaketa goraipatu zuen. Pricek adierazi zuen pandemian zehar Erresuma Batuko Parlamentuko erabakiekiko independentzia erakutsi zutela. Edonola ere, Pricek zehaztu zuen Galesko lehen ministro Mark Drakefordek egungo egoera babesten duela oraindik, «statu quo» horretatik ateratzeko asmorik gabe.
Priceren hitzetan, pandemiak ikuspegi berriak ekarri ditu: «Galesko herritarren artean independentziaren ideia gero eta nagusiagoa da; gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikusten ari dira, beste etorkizun bat, beste aukera bat. Eta aukera hori haien esku dago guztiz». Gehitu zuen brexit-ak ere ikuspuntu aldaketa hori sustatu duela.
Bozketan ezezkoa izan zen nagusi: bederatzi boto alde eta 43 kontra. Independentziari buruzko galdeketarik egitekotan, parlamentuak Erresuma Batuko Gobernuaren baimena beharko luke, 2014an Eskoziako erreferendumean gertatu zen bezala.
Galesko Parlamentuan lehen aldiz independentzia izan dute hizpide
Plaid Cymru Galesko alderdi nazionalistak proposatu du mozioa. Ezezkoa nagusitu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu