Erresuma Batuaren etorkizuna

Gales: Erresuma Batuan duen tokia, eztabaidaren erdigunera

Koronabirusaren kudeaketak protagonismo handiagoa eman die Galesko Gobernuari eta haren eskumenei, eta, horren ondorioz, nazio txikiaren independentziaren auziak orain arte izan ez duen protagonismo politikoa bereganatu du.

Plaid Cymruko buruzagi Adam Pricek independentziarako egutegia azkartu du: agintera iritsiz gero, lehen legealdian egin nahi du galdeketa. BERRIA.
ander perez zala
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gales hego-ekialdean, 25 kilometro inguruko distantzia dago Cardiff hiriburuaren eta Newporten artean, autoz ordu erdiko bidaia egiteko. Biztanleriarik handiena duten hirien artean lehena eta hirugarrena dira, eta bien arteko eremua herrialdeak urteotan izan duen joera politikorik esanguratsuenaren erakusle bilakatu da: independentziaren aldekoak geroz eta gehiago dira, eta mugimendua hiritartuagoa eta gazteagoa bilakatzen ari da.

Duela gutxira arte, Erresuma Batutik ateratzearen aldekoak Gales ipar-mendebaldean zeuden bilduta gehienbat, galesera hitz egiten zutenen artean, baina 2018tik hona aldaketa bat izan da herritarren artean, sezesioaren aldekoak profil horretatik kanpo ere ugaritzen hasi baitira. Independentzia eztabaida politikoan sartu da, eta horren adibide da 2019ko udan Plaid Cymru alderdi independentistako buruzagi Adam Pricek parlamentuko saio batean Mark Drakeford Galesko lehen ministro laboristari galdeturikoa: «Are you officially indy-curious? (Ofizialki, ba al duzu interesik independentzian?). Indy-curious da azken aldian indarra hartu duen kontzeptua, gai horretaz aritzerakoan.

Pricen galdera Drakefordek aurrez egindako adierazpen baten harirakoa izan zen, Galesko gobernuburuak azaldu baitzuen Erresuma Batuaren batasunarekiko bere babesa ez zela «baldintzarik gabea». Lehen ministroak, noski, ezezkoa erantzun zion Plaid Cymruren buruzagiari, baina elkarrizketa horrek agerian utzi zuen Galesko eztabaida politikoaren erdigunera mugitu dela independentziaren auzia: inkesten arabera, azken hiruzpalau urteotan %20tik %30-35 artera igo dira aukera horren aldekoak, eta geroz eta gehiago dira, batez ere Galesko Alderdi Laboristaren oinarri elektoralean, Erresuma Batutik ateratzearen aldeko jarrera serioski aztertzen hasi direnak.

Eboluzio hori bi gertakarik azaltzen dute, Wales Governance Centreko Laura McAllisterrekBERRIAri azaldu dionez. Batetik, brexit-ak —Galesek baietz bozkatu zuen— eta horrek ekarritako ondorioak: «[EB] Europako Batasuna zen, zentzu askotan, nazioak eta Erresuma Batua elkartuta mantentzen zituen itsasgarria, eta denoi sentiarazten gintuena nazioz gaindiko proiektu baten parte ginela. Eta, noski, brexit-ak hori hondoratu egin du».

Irteeraren ostean Londresek sustaturiko Barne Merkatuaren Legea da arrazoi nagusietako bat. Erresuma Batua EBko estatu kide zelarik, eskumen edo auzi batzuk talde komunitarioaren kontrolpean utzi zituen, eta, orain, handik aterata, horietako asko autonomietara itzuli behar ziren, hala zegokielako; lege horren bitartez, baina, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Londresera bideratu ditu hainbat botere.

Bestetik, zentralizazio prozesuhorrez gain, bada COVID-19aren eragina ere bai: «Pandemiaren kudeaketak modu oso zorrotzean utzi ditu agerian Erresuma Batuko gobernuen erabakien arteko desberdintasunak. Galeskoak eta Eskoziakoak askoz ere onarpen datu hobeak izan dituzte iritzi publikoaren partetik osasunaren, konfinamenduen eta beste hainbat neurriren inguruan. Horrek nabarmen handitu du Galesko lehen ministroaren ikusgarritasuna, baita Galesko Gobernuarena ere».

Herritarren erdiak, esaterako, pandemian jakin dute Galesek Osasun Zerbitzu Nazional propioa duela, eta horrek ahalbidetu diola Drakefordi beste egutegi bat lehenestea: konfinamenduak Johnsonek agindu baino lehenago jarri ditu indarrean, eta agintari toryarenak baino gehiago iraun dute.

Finean, Cardiffek Londresek baino jarrera arretatsuagoa izan du azken urtean, eta hori islatu egin da inkestetan, iragan astean YouGov etxeak argitara ateratako baten arabera Galesko lehen ministroa baita Erresuma Batuko politikaririk ospetsuena —%57k diote «ongi» aritu dela—.

Autonomiaren belaunaldia

Bada adierazgarria Galesko herritarren iritziaren eboluzioa: 1997ko autonomiari buruzko erreferendumean, 7.000 boto eskaseko aldeari esker irabazi zuen baiezkoak, eta, egun, batez ere 2020ko martxotik hona gertaturikoak eraginda, autogobernu gehiagoren beharraren jarrera da nagusi. Eta, paraleloki, independentziaren auzia konbentzional bilakatu da. Ron Davies Erresuma Batuaren Galeserako ministroak 1997an esandakoa bete da, eskumenak eman eta parlamentua sortzea «gertakari baino, prozesu» gisara deskribatu baitzuen.

Egungo joeren errudun nagusiak gazteak dira, 1999an indarrean sartu zen autonomia besterik ezagutu ez dutenak. Horietako asko ere badira adinagatik orain arte beren ordezkari politikoak aukeratzeko aukerarik izan ez dutenak —edo hori soilik behin egin ahal izan dutenak—, eta datorren ostegunean estreinakoz botoa emango dutenak, Galesko Parlamentuko diputatuak aukeratzeko.

Aurten, gainera, 16 eta 17 urtekoek lehen aldiz izango dute hori egiteko eskubidea; 700.000 inguru dira, eta koronabirusaren pandemiak politikarekiko interesa handitu die. «Gorakadarik handiena, zalantzarik gabe, gazteen artean izan da, eta hori esanguratsua da, [independentziarekiko] oposizio handiena zaharrenen artean baitago. Horrek erakusten du joerak egin duen bidea», McAllisterren arabera.

16 eta 24 urteko herritarrak hartuta, Erresuma Batutik ateratzearen aldekoak %60 lirateke, azken inkesten arabera; eta horien artean dago, hain justu, kontserbadoreekiko arbuiatzerik handiena, EBren aldeko jarrera sutsuena eta Cardiffek zein Londresek pandemia kudeatzeko moduari begirako kritikarik handienak. Eta ez da kasualitatea: milaka gazteri testuinguru ezin bereziagoan egokitu zaie botoa emateko lehen aldia, brexit-aren ostean eta pandemia betean.

Hain justu, aukera horretaz jakitun da Plaid Cymru, eta independentziari begirako estrategia azkartzea erabaki du. Lehen, 2030erako nahi zuen erreferenduma, baina asteotako kanpainan adierazi du, agintera iritsiz gero, lehen legealdian sustaraziko lukeela balizko galdeketa hori; hau da, 2026ko maiatzaren aurretik. Alderdiekin loturarik ez duen Yes Cymru mugimenduak izan duen gorakada ere kapitalizatu nahian dabil Priceren indar politikoa —2.000 kidetik 20.000ra pasatu da—, urteotako joeraren beste erakusle bat delakoan.

Unionisten aldetik, Wales Governance Centreko kidearen iritziz, Galesko Alderdi Laboristan dago independentziarako gakoa. Haren oinarri elektorala zatitzen ari da auzi konstituzionalaren inguruan —inkesta batzuen arabera, erdiak luke interesa—, eta horrek «beste ikuspegi bat» ematen dio balizko aukerei begira: «Eremua erdira mugitzen du, non beste hainbat aukera dauden, biko aukera klasikoa baino, independentzia edo statu quo-a».

Laboristak eta Plaid Cymru

Laboristak izan dira Galesko indar nagusia II. Mundu Gerraz geroztik, dela Erresuma Batuko Komunen Ganberara diputatu kopururik handiena bidalita, dela 1999tik hona Galesko Parlamentuan ordezkaritza handiena jasota.

Galesko haranetan eta gune industrialetan ditu sustrai historikoak, eta askotan jo dute alderdi nazionalista biguntzat; aurtengo hauteskundeetan, baina, badirudi ez duela gehiengo osorik eskuratuko eta, berriz ere, koalizio bat osatu beharko duela gobernatzen jarraitzeko.

Horretarako, ez da ezer ziurrik, baina laboristek eta Plaid Cymruk 2007-2011 legealdian osaturikoa errepikatzea da arrakastarako aukerarik handiena duen formula, edo, gutxienez, alderdi independentistak kanpotik babesa ematea Drakefordi.

Horregatik, arreta bigarren postuan dago, inkestek Galesko Alderdi Kontserbadorearen eta Plaid Cymruren arteko lehia aurreikusi baitute, gehienetan toryak aurretik jarrita; horrek agerian utzi du Priceren indar politikoa ez dela gai izaten ari independentisten arteko gorakada kapitalizatzeko, eta, hein batean bada ere, baieztatu egin du laboristen oinarri elektoralean daudela azken urteotan interesa erakutsi dutenak.

«Ez dago zalantzarik independentziaren auzia hor egongo dela. Agian ez da herritar guztien artean izango, baina horren ondorioak datozen hauteskundeetan eta hurrengoetan ere nabarituko dira», uste du McAllisterrek.

Gales, gainera, Eskozian gertatzen denari begira egongo da, askotan hango politikaren arrastoan joan baita autonomiaren eta independentziaren auzietan, eta zalantzarik ez dagoelako gauza bera gertatuko dela eskoziarrek Erresuma Batutik ateratzearen alde bozkatzen badute.

Datua hor dago: Galesko sezesioaren aldeko babesa Eskozian lehen erreferendumaren kanpainaren aurretik zegoenaren berbera da, eta, azken urteotako esperientziak erakutsi duenez, galestarren iritzia azkar molda daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.