Venezuelan uztailaren 28an egin zituzten presidentetzarako bozak, eta, ordutik, galdera bat erantzun nahian dabil nazioartea: CNE Venezuelako Hauteskunde Batzordeak emandako emaitzak fidagarriak ote diren —horien arabera, Nicolas Madurok botoen %51 bildu zituen—, edo, oposizioak salatu gisa, chavismoak «iruzur» egin ote duen. Pablo Stefanoni Argentinako kazetari eta Latinoamerikako politikako adituaren ustez, «sinesgarritasun eskasa» dute CNEren emaitzek: «[Venezuelako Gobernuak] Ez ditu argitara ateratzen hauteskundeetako aktak, eta hori ezinbestekoa da edozein bozetan; ustezko aktak Justizia Auzitegi Gorenera bidali ditu, Maduroren menpe dagoen organismo batera». Gilberto Aranda Bustamante Txileko Unibertsitateko irakasle eta adituak iritzi dio aintzat hartzekoa dela oposizioa zer den: «Azalekoegia da ezkerraren eta eskuinaren arteko bereizketa, baina PUD Plataforma Unitario Demokratikoa osatzen duten alderdiek sozialdemokraziatik baino gehiago dute eskuinetik eta eskuin muturretik».
Hauteskunde kanpainan, eta horren ondorenean, Venezuelako Gobernuak birritan jo du oposizioa mugimendu faxistatzat. Arandaren aburuz, chavismoak bere aurka egiten duen orori leporatzen dio «faxista» izatea, baina aitortzen du esan litekeela Maria Corina Machado PUDeko liderra «ultraeskuindarra» dela; batez ere, 2019an egin zituen adierazpen batzuk aintzat hartuta. Atea ireki zion AEB Ameriketako Estatu Batuen inbasio bati, «atzerriko indarrek» Maduro gobernutik kanporatu zezaten. Azken urteetan, gero eta jarraitzaile gehiago bildu dituela esan du Txileko adituak: «Jendeari ez zaizkio erdibideko jarrerak eta negoziazioak gustatzen, eta hura [Machado] oso irmoa izan da beti; ozen eman du bere iritzia, eta negoziazioaren oso aurkakoa da».
Machado Asablea Nazionaleko diputatua izan zen 2011. eta 2014. urteen artean, eta 2012an sortu zuen Vente Venezuela alderdia, baina joan den urtera arte muzin egin dio hauteskundeetan parte hartzeari. Stefanoniren arabera, hauteskunde hauetan «buruzagi populista» baten moduan jokatu du. PUDen botoen %92 eskuratu zituen, baina, aurtengo urtarrilean hamabost urtez kargu publiko bat edukitzeko inhabilitazioa ezarri ziotenez —Juan Guaidoren ustelkeria kasuetan parte hartu izana egotzita—, ezin izan zen oposizioaren hautagai izan.
«Machado oso irmoa izan da beti; ozen eman du bere iritzia, eta negoziazioaren oso aurkakoa da»
GILBERTO ARANDATxileko Unibertsitateko irakaslea
Hain zuzen ere, Machadoren aurkako neurria bozek «sistema demokratiko baten zenbait parametro» bete ez zituzten erakusletzat jotzen du Stefanonik: «Oposizioak hautagai bat aurkeztu zuen, baina aurretik bi hautagai inhabilitatu ondoren: Machado lehenbizi, eta Corina Yoris ondoren». Azkenean, Edmundo Gonzalez Urrutiak hartu zion lekukoa. Arandak azaldu duenez, Gonzalez Urrutiak ez dauka ibilbiderik politikan, eta horregatik egin zuen hauteskundeetako kanpaina Machadorekin batera: «Edmundo Gonzalez Urrutiak bere gain hartu zuen hautagaitzaren pisua, jakinda oposizioaren lidergoa Maria Corina Machadok duela».
Bozen ondoren, PUDeko presidentegaiak hilabete inguru eman zuen klandestinitatean, eta, joan den irailaren 3an, hura atxilotzeko agindua eman zuen Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak, «funtzioak usurpatzea» eta «agiri publikoak faltsutzea» egotzita. Hala, Caracastik alde egin zuen iragan astean, eta Espainian erbesteratu da, asilo politikoaren zain. Haren iritsierak hautsak harrotu ditu Espainiako politikan ere, Alderdi Popularrak abagunea probestu baitu Gonzalez Urrutia Venezuelako presidente gisa aitortzeko eztabaida Diputatuen Kongresura eramateko, eta iragan asteazkeneko bozketan baiezkoa gailendu zen; alde bozkatu zuten PPk, Voxek, Coalicion Canariak, UPNk eta EAJk.
«Ezkerra agintean dagoen Latinoamerikako zenbait herrialdek zalantzan jarri dituzte hauteskundeen emaitzak; Brasilek eta Txilek, esaterako»
PABLO STEFANONIKazetaria
Horren harira, Stefanonik gogora ekarri du 2019an Guaidorekin gertatutakoa. Haren ustez, urte hartan Guaido Venezuelako presidente gisa aitortu zuten herrialdeek —hala nola AEBek, Espainiak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak— ez dute gauza bera egingo Gonzalezekin, Guaidoren esperientziak «huts» egin baitzuen. Nolanahi ere, Madurok nazioartean duen babesa «inoiz baino txikiagoa» dela adierazi du: «Ezkerra agintean dagoen Latinoamerikako zenbait herrialdek zalantzan jarri dituzte hauteskundeen emaitzak; Brasilek eta Txilek, esaterako».
Urtarrileko epemuga
Maduro datorren urtarrilaren 10ean da hirugarrenez presidente kargua hartzekoa, eta ez dago argi oposizioak nola jokatuko duen. «Azken bi hamarkadetan, oposizioa gutxienez bi aldiz saiatu da estatu kolpe bat ematen: 2002koak hiru egun iraun zuen, eta 2019ko Juan Guaidoren saiakera alferrikakoa izan zen», gogorarazi du Arandak. Beste saiakera bat egon litekeen galdetuta, ezezkoan dago: «Estatu kolpe batek arrakasta izateko, ezinbestekoa da adar militarraren babesa izatea, eta Venezuelako armadaren zati handi bat, guztia ez esatearren, Maduroren aldekoa da».
Iragan uztailaren 28aren ondoren, oposizioak protestak antolatu zituen herrialdean, baita nazioartean ere. Stefanoniren esanetan, protesta horien helburua zen «atzerriko gobernuak estutzea» eta «venezuelarrak mobilizatzea». Egunek aurrera egin ahala, baina, mobilizazio horiek «indarra galtzen» ari direla iritzi dio Arandak. Hori bai, aipatu du aldaketa esanguratsu bat nozitu duela oposizioaren jarraitzaileen artean: «2015. urtera arte, klase ertaineko eta goi klaseko jendeak osatzen zuen, nagusiki, oposizioaren oinarria; gaur egun, behe eta langile klaseko zenbait sektoreren babesa ere badauka».