Katalunia

Galdeketa bat zehazteko akordio bat proposatu du Aragonesek

Generalitateko buruak ezinbestekotzat jo du eremu sozial guztien ekarpenak jasotzea. JxCren ustez, prozesuaren batasuna eta zuzendaritza estrategikoa behar dira

Pere Aragones Kataluniako presidentea, atzo, politika orokorreko eztabaidan, Kataluniako Parlamentuan. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi, Berriemaile berezia
Bartzelona
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Kataluniak bere etorkizuna noiz eta nola erabaki dezakeen zehazten hasi behar dugu». Pere Aragones Kataluniako presidenteak gatazka politikoaren sakoneko korapiloa askatzeko negoziazioa prestatzera deitu ditu alderdi politikoak eta gizartea bera. Argitasun akordio bat adostu nahi du, gizartearen «aniztasuna» aintzat hartuta, autodeterminazioaren aldeko «adostasun zabala» bilduko duena. «Akordio hori indar guztiarekin defendatuko dut [Espainiako] estatuaren aurrean». Kataluniako politika orokorreko eztabaidan egin zituen atzo adierazpen horiek Generalitateko buruak.

Aragonesen esanetan, beharrezkoa da aintzat hartzea 2017ko urriaren 1eko erreferendumak utzitako «ikasgaiak», eta adierazi zuen argitasun akordio batek duela bost urteko erreferendumaren mugak gaindituko dituela. «Mundu guztia parte sentituko den erreferendum eraginkor bat» egin ahal izateko akordioa litzateke, haren esanetan, eta oraingo «blokeo politikoa» gainditzeko tresna egokia litzatekeela gaineratu zuen.

Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak abian dituzten negoziazioetan «errepresioa amaitzeko neurriak» aztertzen ari direla azaldu zuen Aragonesek. Errepresioa bukaraztea da gatazka konponbidean jartzeko «lehen urratsa», negoziazioa «politikara itzultzeko», eta elkarrizketak «aukera berdintasunean» egin daitezen. Madrilek konpromisoa hartua du urtea amaitu baino lehen gatazka politikoaren «desjudizializazioa» bultzatzeko, eremu horretan neurriak hartzeko.

Aragonesek ohartarazi zuen amnistia lortzeko bidean urrats bat izango dela hori, baina gatazka konpontzeko «sakoneko gatazka politikoari heldu» behar zaiola, eta Kataluniak zehazten hasi behar duela negoziazio politikoari nola aurre egin. Presidentearen iritziz, gizartearen gehiengo zabal baten babesa lukeen argitasun akordio bat izango da estatuarekin negoziatzeko erremintarik indartsuena.

Larunbatean bost urte beteko dira U-1eko erreferenduma egin zutenetik Katalunian, eta alderdi eta eragile independentistak elkarrekin mobilizatuko dira autodeterminazioaren alde. Aragonesek adierazi zuen U-1a estatuarekin adostutako erreferendum eraginkor batek soilik ordezka dezakeela, eta independentismoak orain arte egin duen bideari «uko egin gabe» negoziatuko duela Espainiako Gobernuarekin.

Argitasun akordioa nazioarteko eragileek ontzat joko duten proposamena ere badela gaineratu zuen. «Orain arte itxita eduki dituen ateak irekiko ditu».

Politika orokorreko eztabaida ERCren eta JxCren arteko ika-mikek baldintzatuta egiten ari dira aurten. Bi alderdi independentista nagusien arteko desadostasunek kolokan jarri dute Generalitateko koalizio gobernuaren etorkizuna. JxCk gobernu akordioa ez betetzea leporatzen dio ERCri, eta hiru eskari egin dizkio bien arteko krisia gainditzeko: prozesu independentista bultzatzeko zuzendaritza estrategiko bat eratzea, Espainiako Gorteetan bi alderdiek fronte bakarra osatzea, eta Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren edukia amnistiara eta autodeterminaziora mugatzea. JxCk uztaileko ponentzian onartu zuen gobernu akordioaren betetzea aztertu ondoren, militanteei galdetuko die alderdiak koalizio gobernuan jarraitu behar duen ala ez.

ERCk ez die erantzun koaliziokidearen eskariei, eta adierazi du ez duela «ultimatumik» onartuko. JxCri egotzi dio alderdi barruko zatiketa gobernura hedatzea, eta hura desegonkortzea. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak sortutako alderdian, bi sektore nagusi daude. Batetik, Laura Borras parlamentuko presidente kargugabetu eta JxCko presidenteak gidatzen duena, ERCk JxCren eskariei muzin eginez gero gobernutik ateratzearen aldeko jarrera argia babesten duena; eta, bestetik, Jordi Turull JxCko idazkari nagusiarena, ERCri exijentziak egin bai, baina koalizio gobernua apurtzeko aukera gustuko ez duena.

Oposizioa, kritiko

Aragonesek mahai gainean jarri zuen Espainiarekin negoziatzeko balizko erreferendum baten baldintzei buruzko argitasun akordio bat egitea, baina, JxCko diputatu Albert Batetek bere hitzaldian adierazi zuenez, «U-1a da bidea markatzen duena». Bateten ustez, prozesuaren batasuna eta zuzendaritza estrategikoa behar dira, eta mezu hau bidali zion ERCri: «Alderdi bat besteari bere estrategia inposatzen saiatzen bada, ez dugu aurrera egingo».

Espero zen moduan, Salvador Illa Kataluniako oposizioko buru eta PSCko liderrak errefusatu egin zuen Aragonesek erreferenduma adosteko proposatutako argitasun ituna, eta erantsi Kataluniako Gobernua «apurtutako jostailu bat» dela: «Ez du balio». Illak esan zuen «akordioak» bozkatzearen aldekoa dela, baina ez «hausturak» sortzearen aldekoa. Halaber, nabarmendu zuen ez dagoela ados «ezer konponduko ez duen» proposamenarekin.

CUPeko Eulalia Reguantek ERCren estrategia kritikatu zuen, esanez alderdi antikapitalistak ez diola ibilbiderik ikusten ekimen horri, eta ez duela «konponbide magiko eta alferrikakoetan sinesten». Reguantek nabarmendu zuenez, Moncloak ez zuen ordu erdi ere behar izan proposamena baztertzeko, eta elkarrizketa mahaitik altxatzeko eskatu zion Aragonesi: «Horrek berriro ikusarazten digu elkarrizketa mahaia alferrikakoa dela garai politiko honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.