Nick McKerrell. Zuzenbide irakaslea

«Galdeketa auzitara eramango dute SNPk planari eusten badio»

Eskozian lege eztabaida bat dago parlamentuak Erresuma Batuaren baimenik gabe independentzia erreferenduma antolatu dezakeen ala ez. McKerrellen iritziz, bi aldeek dituzte kontuan hartzeko argudioak.

BERRIA.
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren ezezkoak eta alderdiaren barnean sektore batzuk egiten ari diren presioak B plan bat osatzeko beharra sortu diote SNP Eskoziako Alderdi Nazionalari. Lehentasuna adosturiko erreferendum bat den arren, indar independentista prest dago Londresen baimenik gabeko «legezko galdeketa bat» egiteko.

Glasgowko Kaledoniar Unibertsitateko Zuzenbide irakasle Nick McKerrellek mugak ikusten dizkio bide horri: «[Parlamentuak] Eztabaida dezake horren inguruan, baita bozkatu ere, baina auzitara eramango lukete erabakitzeko lege hori onargarria ote den. Ez du inon jartzen ezin dutenik egin, baina, aldi berean, objekzioak aurkez ditzakete».

SNPren bide orriak aurreikusten du 30 Sekziorik gabeko erreferendum bat antolatzea.

Egun, Johnsonen gobernuak dio ez dakit zenbat urtetan ez dela beste independentzia erreferendumik egin behar, eta, hortaz, 30 Sekzioaren ideia blokeatuta dago.

Badirudi Eskoziako Gobernuak esan duela lege bat onarraraziko duela, 30 Sekziorik gabekoa. Horrek esan nahi du ez litzatekeela erreferendum ofizial bat bezalakoa izango, Eskoziako Parlamentuaren ekintza batean oinarrituko litzatekeelako. Nolabait esatearren, lege zirriborro bat izango litzateke, galdeketa bat nahi dutela dioena.

Zailtasun batzuk daude horrekin. Hasteko, parlamentutik pasatu behar da, eta ganberak mugak ditu eztabaidatu eta bozkatu ditzakeen gaietan; batzuetan, gertatu izan da ez uztea proposaturiko lege testu batzuk eztabaidatzen. Adibidez, arma nuklearren inguruan: hori Westminsterren esku dago, Erresuma Batuaren defentsa politikaren esku, alegia. Eskoziako Parlamentuak eztabaidatu ahalko luke arma horien inguruan [Eskozia mendebaldean daude], baina ez liokete utziko lege bat onartzen.

Lege eztabaida bat dago.

Beti egon da irekita lege eztabaida hori: nahitaezkoa ote den 2014koaren eredu bera erabiltzea. Hemen, legeek ez diote debekatuta dagoenik independentziari buruzko galdeketa bat egitea; auzi zabalagoak aipatzen dituzte: konstituzioa eta batasuna.

Erreferendumaren kasuan, inork ez du inoiz ebatzi horretaz, baina Londresek dio ez dela ezer aldatu, eta 2012ko ereduak egun ere balio duela [Edinburgoko Hitzarmena]. Eskoziako Gobernuak legezko argudio berri bat behar du bere kabuz egiteko: hori da ideiarik garrantzitsuena, eta badirudi norabide horretan mugitzen ari dela.

Bada kontuan hartzeko beste pauso bat: Eskoziako Parlamentuak onartzen duen lege orok erregetzaren baimena behar du, [Elizabeth II.a] erregina estatuburua delako. Normalki, tramite bat da, baina uste bada parlamentuak bere eskumenen artean ez dagoen zerbait onartu duela, orduan Erresuma Batuko Gobernuak auzitara eraman dezake erregetzaren baimen hori jaso aurretik.

Hortaz, SNPren planak aurrera jarraitzen badu, galdeketa auzitara eramango dute?

Bai, SNPk bere planari eusten badio, auzitara eramango dute, Auzitegi Gorenera. Eta Erresuma Batuko Gobernuak egiten ez badu, norbanako batek egingo du, hemengo sistemak bide ematen duelako horretarako. Noski, auzialdi bat izango lukete.

SNP 2017tik ari da bigarren erreferendum eske, eta aurtengo maiatzean egitekoak diren parlamenturako bozetan, hori antolatzeko agintea eskatuko dute.

Auzitegi Gorenera eramango balute, SNPk ba al du irabazteko aukerarik?

Bien alde egin ahalko nuke. SNPk baditu bere aldeko argudioak, hori bai, baina honen kontra egiten ariko litzateke: iraganean 30 Sekzioa adostu zutela. Zaila da orain esatea hori ez zela beharrezkoa, orain ez dutela behar.

Nazioarteko harremanekin ere zerikusia du. Nazioarteak esango luke justua litzatekeela beste galdeketa bat egitea, horretarako argudio eta kasu sendo bat dagoela usteko balu; batez ere, Erresuma Batuko Gobernuak bere blokeoan jarraituko balu.

Halere, Kataluniako esperientziak erakutsi du horrek ez duela zertan funtzionatu, nazioarteak batzuetan ezin duelako zure alde egin.

Teorian, Eskoziako Parlamentuak egin al ditzake erreferendum bati buruzko legeak?

Parlamentuak eztabaida dezake horren inguruan, baita bozkatu ere, baina ziurrenik auzitara eramango lukete erabakitzeko lege hori onargarria ote den. Ez du inon jartzen ezin dutenik egin, baina, aldi berean, objekzioak aurkez ditzakete.

Lehengo adibidea hartuta: Eskoziako Parlamentuak arma nuklearrak debekatzearen alde bozkatuko balu, ez litzateke onargarria izango, Westminsterrera mugatuta dagoen auzi bat delako.

Gauza bera gertatuko litzateke Eskoziako Parlamentuak loteslea ez den kontsulta moduko erreferendum bat onartuko balu?

Bai. Kontua ez da erreferendum bat dela, baizik eta parlamentuak ba ote duen eskumenik independentziaz erreferendum bat egiteko. Berez, gobernatzen duen agintea denez, Eskoziako Gobernuak zuzenean antola dezake galdeketa bat, baina ziurrenik modu berean amaituko litzateke.

Kontsulta moduko hori Quebecekoen antzekoa litzateke, ez-loteslea. Horiek legezkoak izan ziren.

Egia da Quebecekoa adibide ona dela. Oker ez banago, antzeko eztabaida bat izan zuten Kanadan, erreferenduma antolatzeko eskumenen inguruan. Quebecekoarekin gertatu zen beste ideia da emaitza oso parekoa izan zela, eta uste dut hemen ere antzeko zerbait gertatuko litzatekeela. Nik uste dut horregatik ari dela Londres ezezkoa ematen.

Johnsonentzat, errazagoa litzateke kontsulta moduko bati baiezkoa ematea?

Konplikatua litzateke. Baiezkoa emango balio, herritarrek lotesle gisara hartuko lukete. Kontua da Eskoziako Parlamentuak ba al duen eskumenik hori egiteko. Kanadako Konstituzioan txertatuta dago Quebecek kontsulta moduko erreferendumak egin ditzakeela, baina Eskozian anbiguoagoa da.

Erresuma Batuan ez dagoenez idatzizko konstituziorik, erreferendumen auzia beti izan da zaila. Brexit-aren erreferendumean, kontsulta modukoa edo loteslea zen, horrek ez zuen garrantzirik, Londresek esan baitzuen emaitza errespetatuko zuela.

Boikoterako deia egin dute Eskoziako toryek. Galdeketa egitea legezkoa dela ebatziko balute, jarrera horri eutsiko liokete?

Auzitegi Gorenak esaten badu legezkoa dela, uste dut kontserbadoreek ere onartuko luketela ebazpen hori. Erresuma Batuko Gobernuak bere jarrera aldatu beharko luke; beste kontu bat da nola kudeatuko lukeen hori.

Ekintzaile independentista batek auzitara eraman du jada eskumenen kontua. Eskoziako Saio Auzitegiak iragan astean entzun zituen argudioak, eta laster espero da ebazpena. Ezezkoa ematen badu, horrek SNPren jarrera ahuldu lezake?

Bai, baina ez dut uste hori ebatziko duenik. Saio Auzitegiak esango du auzia teorikoegia dela, ez dutelako lege jakinik parean. Legea anbiguoa denez, auzitegiari ez zaio gustatzen hipotesiak egitea; jakin nahi du zehazki zer eskatzen diozun. Oraingoa galdera abstraktu bat da.

Hemen interesgarria da ez zutela auzitara eraman zerbait gertatzen ari delako, baizik eta herritar talde batek dirua bildu zuelako hori auzitara eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.