GAKOAK

2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Orain bi urte hasi zituzten negoziazioak Iranek eta nazioarteko potentziek. Azaroan negoziazioak luzatzea adostu zuten, etaakordioaren oinarriak hitzartzeko atzorako jarri zuten epe muga. Orduan argitu zuten aurre akordiorik lortu ezean, ezinezkoa litzatekeela ekainaren 30 baino lehenago itun osoa adostea.

Arazoaren muina.2002an argitaratu zen Iranek hemezortzi urtean ezkutuan garatutako programa nuklearra. Mendebaldeak ordutik egotzi dio arma atomikoak bereganatzen saiatzea, nahiz eta Iranek beti ukatu duen. Helburu zibiletarako programa garatzeko eskubidea aldarrikatzen du Teheranek.

Mendebaldearen eskariak. Hasiera batean, Mendebaldeak Irani exijitzen zion uranioa aberasteko prozesu osoa bertan behera uztea. Zigorrak Teheran geldiarazteko nahikoak ez zirela ikusirik, programa nuklearrari mugak jartzearekin konformatu da. Iranek akordioa hautsi eta bonba nuklearra egin nahi izatekotan, urtebeteko epea irabazi nahi du Mendebaldeak, erreakzionatu ahal izateko. Hamar urterako ituna nahi du, hurrengo bost urteetan mugak pixkanaka altxatzeko.

Iranen eskariak. Mendebaldeak ezarritako zigorrak berehalakoan kentzea nahi ditu. Gainera, ez du onartzen programa nuklearraren zati bat atzerrian garatzea, Mendebaldeak proposatu bezala. Hamar urteetako itunaren ostean nahi du mugak bertan behera berehalakoan geratzea. Harrotasun nazionaleko kontua bilakatu da Iranentzat kanpoko esku hartzerik gabe programa osoa garatzea.

Zailtasun nagusiak. Konfiantzarik eza. 1979ko iraultza islamikotik harreman diplomatikoak etenda dauzkate Iranek eta AEBek. Gainera, bi herrialdeen sektore kontserbadoreenak aurka dituzte. Horrez gainera, Washingtonen Ekialde Hurbileko aliatuek ez dute itunaren bidez errepublika islamikoaren eragina handitzerik nahi;alde batetik Golkoko monarkia sunitek, eta, bestetik, Israelek.

Genevako akordioa. Historikotzat jotzen da 2013ko azaroaren 24an 5+1 Taldeak eta Iranek sinatutako behin-behineko akordioa: itun osoa lortzeko bide orria ezarri zuten. Iranek uranioa %5etik gora aberasteko prozesuak etetea eta %20ko purutasuneko erreserbak disolbatzea onartu zuen. Trukean, Mendebaldeak zigorrenzati bat altxatu zuen, eta petrolioaren salmentagatik izoztutako funts batzuk itzuli zizkion. Hain zuzen ere, atzo jaso zuen funts horien bosgarren zatia: 490 milioi dolar — 456 milioi euro—.

Zer aldatuko litzateke ituna lortzekotan? Mendebaldera gerturatuko litzateke Iran. Eragin geopolitikoez gain —muturreko talde suniten aurka kontuan hartzeko eragilea da Teheran—, ondorio ekonomikoak begi bistakoak lirateke. Munduko petrolio erreserba handienak ditu, baina, orain arte, zigorrak tarteko,ezin izan ditu instalazioak berritu. 78 milioi biztanle ditu Iranek, Mendebaldeko enpresentzako merkatu tentagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.