Gainezka egin duen sistema

Urtebete da Egipton Al-Sisi presidentearen aurkako protesta jendetsuak egin zituztela; urteurren horren harira, hilabeteotan ere manifestazioak izan dira. Kexen arrazoia aspaldiko kontua da: 2011tik arrastaka daramatzaten arazo politiko, ekonomiko eta sozialak. Gaur eta bihar, Ordezkarien Ganberarako bozen beste fase bat egingo dute.

Iaz izandako manifestazio jendetsuen irudi bat, Kairon. EPA / EFE.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Protestak ez dira ohikoak izaten Egiptoko kaleetan, baina dozenaka pertsona atera dira herrialdeko hirietan irailetik hona, gobernuaren aurkako manifestazioetan parte hartzera. Zehazki, Afrika iparraldeko herrialde horretako presidente Abdel Fatah al-Sisiren dimisioa eskatzen dute.

Aurtengo irailaren 20an berriz hasitako protestek jarraitu egin dute ondorengo asteetan. Kairo ondoko Gizan izan dira nabarienak, baina Alexandrian edo Egiptoko hegoaldeko eremuetan ere ikusi ahal izan da jendea kaleetan. Hiriburuan ere irten ziren protesta egitera, Al-Basateen barrutian, Egiptoko hiriburuaren hegoaldeko eremuan eta inguruko auzoetan. Jende ugari hurbildu zen mobilizazioetara Maadi barrutian ere; enbaxadak eta atzerriko herritarren etxebizitzak dira nagusi eremu horretan. Klase ertaina eta langile klasea nagusi diren auzoetan ere irten ziren kalera, hala nola Madinat Nasren. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, afixek eta leloek Al-Sisiri dimiti dezala eskatzen diote.

Mobilizazio horiek aurreikusita zeuden, eta segurtasun neurriak hartu zituen gobernuak, gerta litekeenari aurre egiteko. Hurrengo egunetako protestetan ere segurtasun indarrek negar gasa erabili dute manifestariak banatzeko, eta Amnesty Internationalek iragan hilean salatu zuen Poliziak «legez kanpoko indarkeria» erabili zuela. Mada Masr tokiko komunikabidearen arabera, herrialdeko hainbat hiritako kafetegiak ixteko agindua eman zuten irailaren 20an, protestak hasi zirenean.

Egiptoko Gobernuak hartutako segurtasun neurri horiek ez ziren ezustekoak izan; herrialdeko agintariek arreta handia jarria zuten jada, Mohamed Ali armadako kide ohiak gobernuaren aurkako protestara deitu zuelako; hala egin zuen iragan urteko mobilizazioen urteurrena zela eta. Izan ere, joan den urteko irailaren 20ean komunikabideek «ezohiko» izendatu zituzten manifestazioak izan ziren Egipton.

Ali armadako kide ohia da, eta eraikuntza arloko enpresaria; joan den urtean Katalunian erbestean zegoela hainbat bideo zabaldu zituen. Bideo horietan salatu zuen ustelkeria oso hedatuta dagoela; ustelkeria oso hedatuta dago Egiptoko Gobernuan, armadan eta Al-Sisiren familian bertan; enpresariak berak onartu zuen ustelkeria sare horretan parte hartu zuela. Hain justu, bideo horiek izan ziren iragan urtean protestak piztu zituen txinparta: Aliren arabera, Al-Sisik bizimodu oparoa du, eta horren inguruko xehetasunak eman zituen orduan. Horrek herritarren haserrea areagotu zuen; gobernuaren datuen arabera, Egiptoko herritarren artean hirutik bat pobrezian bizi da.

Gobernuak errepresioarekin erantzun zien iragan urtean sortutako protestei ere, eta Poliziak astebetean 2.000 lagun baino gehiago atxilotu zituen. Protestetan parte hartzea leporatu zieten atxilotuei; haien artean bazeuden oposizioko alderdietako ordezkari ezagunak, unibertsitate irakasleak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta kazetariak, besteak beste.

Leslie Piquemal Kairoko Giza Eskubideen Institutuko Europako Batasuneko politiken defentsarako ordezkaria da. Piquemalek BERRIAri esandakoaren arabera, «herrialdearen batasunaren aurka» egitea egotzi zieten askori iragan urtean, baita «zigor gogorrak» dituzten beste hainbat delitu ere. Mahmud Tawfik Barne ministroak esan zuen «irmotasunez» egingo zietela aurre «herrialdea ezegonkortzeko» saiakera guztiei.

Giza eskubideen aldeko hainbat elkartek salatu zutenaren antzera, Piquemalek ere gobernuak emandako datu eta informazio falta nabarmendu du, bai iragan urtean gertatutako manifestazioetan, bai azken asteetakoan ere: «Aurtengo protestetako atxilotuak, orain arte, 400 dira. Baina inoiz ez dira zenbaki zuzenak, eta egunak pasatu ahala jakiten dugu lehenengo egunean zenbat atxilotu izan ziren, eguneraketak berandu egiten direlako; hala, kopuruak gora egiten du. Dena den, inoiz ez dago jakiterik zein den kopuru zehatza, zenbaki horiek estimazioak direlako».

Egoeraren seinale

Piquemalen ustez, herrialdearen egoera politiko, ekonomiko eta sozialak zerikusi handia du iragan urtean protestak piztearekin, baita azken egunotan urteurrenaren harira izan direnekin ere. Lehengo urtean Alik zabaldutako bideoak jada gainezka egitear zegoen edalontziaren azken tanta izan ziren.

Kairoko Giza Eskubideen Institutuko kidearen arabera, Egiptoko herritar asko pobrezian bizi dira, eta populazio zaurgarriak gora egin du azken urteotan: «Al-Sisik, boterera iritsi zenean, segurtasuna eta egonkortasuna agindu zituen. Helburu horiek lortu beharrean, egoerak okerrera egin du».

Ahmed Said aktibista preso egon zen 2015ean, 2011ko matxinadan hil zirenen omenez egindako manifestazio batean parte hartzea egotzita. Haren ustez, egungo protestak herritarren desadostasunaren seinale dira: «Jendeak ulertu du ezin dela inolako egonkortasunik egon Egipton indarrean dagoen erregimen zapaltzaileak boterean jarraitzen duen bitartean».

Gobernuaren erantzunak herritarren artean mesfidantza zabaldu du, Piquemalen ustez, eta agintarien narratibak ez du lagundu: «Enpatiarik ez dute izan Egiptoko herritarrekin, eta behin eta berriro esan dute denek egin behar dutela ahalegin bat, herrialdea aurrera atera dadin». Kairoko Giza Eskubideen Institutuko kideak dioenez, Egiptoko klase ertaina jada murritza zen, batez ere Europako herrialdeekin konparatuta, baina azken urteotan kopuru hori ere txikituz joan da; klase ertainekoak ziren familia asko pobrezian daude orain.

Bestalde, egoera ekonomikoa ere makala da, inflazioaren eta oinarrizko baliabideen prezioaren igoeraren ondorioz, batez ere. Munduko Bankuak emandako azken datuen arabera, %14.4ko inflazioa izan zuen Afrika iparraldeko herrialdeak 2018an; urte bat lehenagoko zenbakia bikoitza zen, %29.5, hain zuzen ere —Munduko Ekonomia Foroaren arabera, %2 inguruko inflazioa litzateke egokiena herrialde bateko ekonomiaren garapenerako—.

Berriki, beste arazo bat gaineratu zaio jada eskas zegoen populazioari: estatua hiri eta landa eremuetan legez kanpo eraikitako etxebizitzak eraisten hasi da. Etxebizitza duinak ez dira ugari, Piquemalen hitzetan: «Higiezinen sektoreak eskaintza badu, baina oso garestia da, eta herritarrek ezin diote halako gastu bati aurre egin». Middle East Eye atariaren arabera, Egiptoko Gobernuak aukera eman zien bertan bizi zirenei helegitea aurkezteko eraisteko erabakiaren aurka, baina prozedura garestiak dira diru sarrera baxuak dituzten familientzako. Egoera horrek are herritar gehiago utzi ditu kalean geratzeko arriskuan, Piquemalen arabera, herritar zaurgarrienen egoera okerrera bultzatuz.

Sistema politiko urratua

Beraz, urteetan arrastaka eramandako arazo sozial eta ekonomikoak oinarri izan dira Al-Sisiren aurkako mugimenduak indarra hartzeko. Arrazoi horien ondorioz, «Al-Sisi, alde hemendik!» entzun zen Kairoko Tahrir plazan iragan urtean, eta antzeko oihuak izan dira azken asteetako protestetan. Hain zuzen ere, plaza hori iraultzaren sinbolo bihurtu zen Egiptoko herritarrentzat, 2011ko Udaberri Arabiarreko matxinadetatik. Bederatzi urte iragan dira Hosni Mubarak agintetik bota zutenetik —hiru hamarkada zeramatzan hark boterean—.

Mubarak boteretik kendu eta ondorengo hauteskundeetan, Mohamed Mursik lortu zituen boto gehien. Hura izan zen Egipton demokratikoki aukeratutako lehen presidentea. Dena den, Piquemalek dioen moduan, Mursiren aurka ere protestak izan ziren. 2013an, Al-Sisik estatu kolpe bat eman zuen, eta Mursi boteretik kendu zuen. 2014an deitu zituzten hauteskunde orokorretan garaile atera zen Al-Sisi, botoen %97 lortuta. Handik lau urtera, 2018an, berriro ere irabazi zituen bozak; orduan ere botoen %97 izan zituen bere alde.

Piquemalen ustez, baliteke 2014ko hauteskundeetan irabazi izana. Halere, duela bi urteko hauteskundeak «ez ziren ez askeak ezta bidezkoak izan». Alde batetik, abstentzioa izan zen nagusi: botoa ematera deituta zeuden herritarren %60 inguruk ez zuten eman. Bestetik, Al-Sisik ez zuen inolako oposiziorik izan.

Izan ere, erregimenaren aurka egin zezaketen oposizioko politikariak atxilotu egin zituzten, edo hautagaitza baliogabetu zieten. «Hauteskundeen aurreko egunean aurkeztu zuten aurkari bakarra [Mussa Mustafa Mussa izeneko gizona], erakutsi ahal izateko nolabaiteko oposiziorik bazuela; dena den, aukeratutako gizona Al-Sisiren gertukoa zen», argitu du Piquemalek. Mussak sare sozialetan presidentearen aldeko jarrera erakusten zuela ere zehazten du: «Ez zen benetako oposizioa, eta jendeak ez zuen seriotzat hartu».

Protesten ondorioak

Sahar Aziz Rutgers Segurtasun, Arraza eta Eskubideen Zentroko zuzendariaren arabera, Egiptoko herritarrak ez dira normalean protesta egitera ateratzen, eta urteetan zehar izandako jarrerak erakutsi du egonkortasuna nahiago dutela «kaosa» baino: «Horregatik, kaleetara ateratzen badira, benetan arrazoi eta oinarri sakonak dituztela esan nahi du».

Hain zuzen, «arraro» edo «ezohiko» hitzak erabili dituzte maiz komunikabideek asteotako protestak eta iragan urtekoak deskribatzeko. Izan ere, manifestazioak debekatuta daude Egipton, 2013ko estatu kolpetik; Anaia Musulmanen aurka egiteko tresna modura defendatu zuen erabakia gobernuak, Piquemalen arabera.

Manifestazioetan parte hartzen dutenen aurka era askotara egiten dute Piquemalek, azaltzen duenez; esaterako, Anaia Musulmanekin zerikusia dutela egotziz, eta, ondorioz, atxilotuz. «Akusazio asmatuak direla argi geratzen da askotan, ageria baita manifestarien ideologia islamaren guztiz bestelakoa dela», zehaztu du. Oposizioko hainbat kide atxilotu dituzte debeku hori ezarri zutenetik, eta «askotan atxilotuei buruzko informaziorik ez dute ematen, edo protestari eta aktibistak indarrez desagerrarazten dituzte». Torturen biktima izan direnak ere badaudela nabarmendu du Piquemalek.

Bestalde, politikan parte hartzeko bete beharreko ezaugarri batzuk daude, Kairoko Giza Eskubideen Institutuko kidearen arabera: «Egipton, ez baduzu lanik, seme-alabei hezkuntza ordaintzeko modurik edo osasun asegururik, ezin zara oposizioko alderdi politiko bateko kide bihurtu; ez benetako oposizio baten parte behintzat».

Horrenbestez, Piquemalen ustetan, sistematik kanpo gobernuaren aurkako mugimenduaren parte izatea erabakitzen duenarentzat ondorioak latzak izan daitezke. Jendeak ez du izan ideiak adierazteko modu seguru eta librerik, eta ezin izan diote gobernuari eskatu arazo horiek guztiak kontuan har ditzan: «Populazioaren beldurrak eta sistema politiko itxi batek ez diote utzi gizarteari aurrera egiten eta garatzen».

Aurkakoa isilarazita

Gauzak horrela, Al-Sisik bere aurkako ideiak eta mugimenduak isilaraztea lortu du nolabait, eta eragotzi egin du jende gehiago ateratzea protesta egitera, Piquemalen ustez.

Horrez gain, 2019an Egiptoko Parlamentuak Konstituzioaren erreforma bat onartu zuen; Al-Sisiren agintaldia 2022an amaitzekoa da berez, baina erreforma horrek 2030era arte agintean jarraitzeko aukera ematen dio, baita botere judizialaren gaineko ahalmen handiagoa ere.

«Esfortzu handia egin du [Al-Sisik] inolako aurkaririk izan ez dezan, ez sistematik kanpo, ezta haren barnean ere, bereziki arlo militarrari asko erreparatuz», argitu du Piquemalek, eta, portaera hori kontuan hartuta, dimisioa aurkezteko intentziorik ez duela dirudi.

Testuinguru horretan ari dira Egipton Ordezkarien Ganberarako hauteskundeak egiten. Gaur eta bihar dute boz horien beste fase bat herrialdearen eremu batzuetan, eta datorren asteetan berdin egingo dute beste batzuetan. Plana espero bezala beteko balitz, emaitzak abenduaren 14an jakinaraziko dituzte; hala eta guztiz ere, ez dago zalantzarik Al-Sisi babesten duen baina harekin loturarik ez duen Nazioaren Etorkizuna alderdiak lortuko duela garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.