Ukraina. Gobernuaren aurkako protestak

Gaina hartu diote protestek

Salbuespen egoera ezartzea baztertu du Ukrainiako Gobernuak, eta oposizioarekin akordioa lortzen saiatuko da gaurAzarov lehen ministroak esan du balizko estatu kolpe bati buruzko informazioa dutela

jokin sagarzazu
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Kaleko protestek gaina hartu dioten arren, akordiorako proposamena egin dio Ukrainako Gobernuak oposizioari, eta salbuespen egoera ezartzea baztertu du. Gaur bilduko dira gobernua, haren aliatuak eta oposizioa, baina zaila dirudi adostasunak. Oposizioak, gainera, iragarri du zentsura mozioa aurkeztuko duela Viktor Janukovitx presidentearen dimisioa eskatzeko; hala ere, parlamentuaren osaketa dela eta, egitasmoak ez du aurrera egiteko aukera handirik izango. Hori hala, Vladimir Riba parlamentuko presidenteak adierazi du une honetan lehentasuna duela gobernuaren eta oposizioaren artean «adostasuna» lortzeak, eta parlamentuak presidenteari proposatzea krisia gainditzeko «irtenbide zibilizatu bat».

Europako Batasunarekin elkartzeko akordioa baztertu ondoren, Janukovitxen eta haren gobernuaren aurkako protestak ugaritu egin dira azken egunetan. Igandean, 150.000tik gora pertsona irten ziren Ukrainako hiriburuko kaleetara eta herrialdeko beste hiri batzuetan, eta istilu ugari izan ziren. Manifestari batzuek Kieveko udaletxeari eta Ukrainako presidentearen egoitzari eraso egin zioten, indarrez eta malko gasak eta kezko granadak erabilita, besteak beste. Polizia gogor oldartu zitzaien eta 300 pertsona inguru artatu behar izan zituzten. Egoeraren larria ikusita, berri agentziek zabaldu zuten salbuespen egoera ezartzea aztertzen ari zela gobernua, baina aukera hori gaur gaurkoz baztertu egin dutela adierazi zuen atzo Vitali Lukianenkok, Ministroen Kontseiluko bozeramaileak. Salbuespen egoera ezarriko ez duten arren, Ukrainako Barne Ministerioak erabaki du gobernuaren eraikinetan militarren presentzia handitzea.

Janukovitxek, berriz, lasaitasun mezua zabaldu du, eta «legea betetzera» eta «jarrera baketsua» mantentzera deitu ditu manifestariak eta poliziak. Ukrainako telebista batzuetan zabaldutako elkarrizketa batean, Janukovitxek aitortu du poliziek «gehiegizko indarra» erabili zutela larunbat gauean Independentzia plazan bilduta zeuden herritarren aurka —Kieveko polizia burua kargutik kendu zuten atzo—. Presidenteak, baina, uste du «zerbaitek» probokatu egin zituela poliziak, eta oposizioari eskatu dio «probokatzaileak» bilatzen laguntzeko—oposizioaren arabera, gobernuaren aldekoek piztu zituzten istilu horietako batzuk—.

Gogorrago mintzatu da Nikolai Azarov lehen ministroa. Hark uste du «kontrola galdu» dutela eta «indar zehatz jakin batzuek» gidatzen dituztela protestak. EBko, AEBetako eta Kanadako enbaxadoreekin bildu zen atzo eta esan zuen gobernuak balizko estatu kolpe bati buruzko informazioa duela. «Estatu kolpe baten zantzu guztiak ditu honek». Lehen ministroak, halaber, laguntza eskatu die enbaxadoreei, oposizioko buruengan eragin dezaten. Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere aipatu du aukera hori. Ukrainan gertatzen ari denak oposizioak dioen «iraultzaren» itxurarik ez duela esan du, etauste du protesten benetako helburua dela «gobernu zilegi bat ezegonkortzea».

Atzo, greba orokorrera deitu zuten oposizioko alderdiek, eta protestak errepikatu ziren, Kiev hiriburuan bereziki, baina aurreko egunetan baino intentsitate gutxiagorekin. Nolanahi ere, 1.000 manifestari inguruk Ukrainako Gobernuaren eraikin nagusiaren sarbidea oztopatu zuten, besteak beste, edukiontziak jarrita. Langileek beste leku batzuetatik sartu behar izan zuten. Gobernuaren arabera, greba orokorrak jarraipen eskasa izan du, zerbitzu publikoetan, bereziki.

Atzo, halaber, parlamentuko Kontziliaziorako Batzordea bildu zen eta han izan zen Sergei Arbuzov lehen ministrordea. Gobernuak «egoera zaila» bizi duela aitortu du, baina azpimarratu du konponbidearen alde lanean jarraituko dutela. Oposizioko Batkivstxina alderdiko eledun Arseni Jatseniuk, berriz, irmoago mintzatu da, eta gobernuaren dimisioa eskatu du. Zentsura mozioa parlamentuaren gaurko saioren gai zerrendan lehenengo puntua izatea galdegin du. «Diputatuek ez badute babesten Ministroen Batzordearen kargugabetzea, horrek esan nahiko du gertatutakoa babesten dutela».

Bitartean, manifestariek Kieveko hainbat puntutan jarraitu zuten bilduta, bereziki, Independentziaren plazan. Duela bederatzi urte, plaza hori Iraultza Laranjaren erdigunea izan zen, eta orduan bezala, Janukovitxen aurkakoak eta EBrekin batzearen aldekoak bildu dira bertan. Viktor Juxenko izan zen boterea eskuratu zuen mugimendu horren bultzatzailea, Julia Timoxenkorekin batera. 2005ean desegin zen gobernu hori, eta 2010ean itzuli zen Janukovitx agintera.

Brusela eta Moskuren artean

Janukovitx sektore errusiazaleagoaren ordezkaritzat jo izan da, EBn sartzeko prozesuari tiraka ari den arren. Azaroaren 21ean haren gobernuak bertan behera utzi zuen EBrekin sinatzekotan zen elkartze akordioa. Ustelkeriagatik, zazpi urteko zigorra betetzen ari den Timoxenkoren auzian ez zuten adostasunik lortu parlamentuan —EBren baldintzetako bat da hori—, eta ordu gutxira jakinarazi zuen Europari buruzko erabakia. Azken asteetan eztabaidaren erdian sartu da Putin ere. Hark ohartarazi du EBrekin akordioa egitekotan, Moskuk ere bere merkataritza harremanak berraztertuko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.