Irlandako gaelikoaren aldeko ekintzaileek «historikotzat» jo dute erabakia: hizkuntza hori Ipar Irlandan ofiziala bilakatzeko lege proiektu bat aurkeztu du gaur Erresuma Batuko Gobernuak. Aspalditik esperotako proposamena zen, eta, Londresek azaldu duenez, helburutzat du «aitortza eta babesa» ematea «irlandar hizkuntzari». Eskozierarentzat ere neurriak aurreikusten ditu, dokumentua onartuz gero hizkuntza hori «gutxiengo nazional» gisa aitortuko bailukete Ipar Irlandan.
Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak eman du albistearen berri, eta, lege proiektua Lorden Ganberan aurkeztu aurretik, adierazi du pauso hori «mugarri bat» izango dela Ipar Irlandarentzat. «[Lege proiektua] Orekatua da, alderdi politikoek negoziatu modura, Ipar Irlandan denek etekina atera diezaioten. [...] New Decade, New Approach [gobernabide itunean] adosturikoa emateaz gain, errespetuaren eta tolerantziaren printzipioak bermatzen jarraitzea ahalbidetuko du, Ostiral Santuko Akordioak jasotzen duen modura», esan du Lewisek.
Lege proiektuan, hiru erakunde publiko sortzea aurreikusten da; tartean, Identitatearen eta Adierazpen Kulturalaren Bulegoa. Hala, bi komisario aukeratuko lituzkete, bata gaelikoarentzat, eta bestea eskozierarentzat, eta horiek arduratuko lirateke hizkuntza eta kultura horiek sustatzeaz; horrekin batera, Londresek proposatu du 4,7 milioi euro ematea An Ciste Infheistiochta Gaeilgeri, Irlandar Hizkuntzaren Inbertsio Funtsari.
Conradh na Gaeilge gaelikoa sustatzeko elkarteak pozez eta «arretaz» hartu du Erresuma Batuko Gobernuaren proposamena. Haientzat gaurkoa «egun historikoa eta emozioz betea» bilakatu den arren, esan dute ez direla «inozoak», jakitun baitaude gaur aurkeztu dutena «bidaia legegilearen hasiera» besterik ez dela: «Eta, noski, Erresuma Batuko Gobernuarekin izan dugun esperientzia mingarriak erakutsi digu ezin dugula ezer egintzat eman».
An Dream Dearg elkartea ere pozik agertu da Lewisek jakinarazitakoarekin, eta, horko kide Ciaran MacGiolla Bheinek ITV telebista kateari adierazi dionez, gaelikoak lehen aldiz «estatus ofiziala izatea sekulako lorpena» da.
Michelle O'Neill Sinn Feinen presidenteorde eta Ipar Irlandako lehen ministro bilakatzeko hautagaiarentzat ere «historikoa» da lege proiektu hori aurkeztea, eta «komunitate linguistiko irlandarrari» eskertu dio aurrerapausoa, horren «erresistentziak eta dedikazioak» ahalbidetu duelakoan «mugarri» hori.
Ostiral Santuko Akordiotik honako bidea
Irlandako gaelikoak duela 24 urte jaso zuen lehen aitorpena Ipar Irlandan, Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenean; orduan, adostu zuten hizkuntza garatzeko eta berpizteko neurriak beharrezkoak zirela, eta Erresuma Batuak ere bat egin zuen behar horrekin.
Gerora, 2001ean, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatu eta berretsi zuen Londresek, eta, beste bost urteren ostean, hizkuntza babesteko lege baten beharra aitortu zuten Saint Andrewsko Akordioan; Ipar Irlandan autonomia berrezarri zuten urtea izan zen.
2011ko erroldaren arabera —aurten eguneratuko dute—, Ipar Irlandan 184.898 herritarrek dute hizkuntzaren «ezagutzaren bat» —biztanleriaren %10,65 dira—, horietako 104.943 (%6,05) dira hitz egiteko gai, eta 4.130 bat herritarrentzat (%0,2) da etxeko hizkuntza.
Iragan larunbatean, 17.000 bat lagun Belfasteko kaleetara atera ziren, hizkuntzaren alde egitera.