Protestak herrialde arabiarretan

Gaddafiri erasotzeko beharrezko neurriak babestu ditu NBEk

Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak aldeko hamar boto jaso ditu; Txina, Errusia, Alemania, Brasil eta India abstenitu diraMediterraneoan zibilen eta militarren kontrako erasoak iragarri ditu Gaddafik

Kristina Berasain Tristan.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren erregimenak erresistentziaren azken gotorlekuak erabat setiatu dituenean etorri da nazioartearen erantzuna. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Libiako herritarrak babesteko eta erregimenari kontra egiteko «beharrezko neurriak» jasotzen dituen ebazpena onartu du, tartean, aire eremua debekatzearena, baina, beti ere, okupazio indarrak bidali gabe. Libano, Frantzia, Erresuma Batuak sustatutako dokumentuak traba bat baino gehiago aurkitu ditu bidean, ezen azken ordura arte ez zegoen argi estatu kideek testua babestuko zuten edo ez.

Azkenean ebazpenak aldeko hamar boto jaso zituen, bost abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez. Txina, Errusia, Alemania, Brasil eta India dira abstenitu direnak.

Washingtonek arratsaldean jakinarazi zuen ebazpenari sostengua emango ziola eta orain aire eremua debekatzetik «haratago» ere joateko prest zegoela hori, honez gero, zibilak babesteko nahikoa izango ez delakoan. Susan Rice enbaxadoreakzehaztu zuen urrats gehiago emateko prest agertu zen, lurrez, airez eta itsasoz esku hartzeko aukerari erreferentzia eginez. Ekintza militarra ez aipatzeko diplomaziak aurkitu duen eufemismoa da «beharrezko neurriak» hartzearena.

Armen bahimendua gogortzea era jasotzen du testuak.

Erabakia, hala ere, berandu etorri da askorentzat, izan ere, erregimenari aurrera egiteko bermea eman dio orain arte nazioarteak. Bezperan hamar orduz luzatu ziren negoziazioak, goizaldera arte, eta iturri diplomatikoek zehaztu zutenez «paragrafoz paragrafo» aztertu zuten zirriborroa. Atzo goizean ateak itxita ekin zieten berriz elkarrizketei eta arratsaldean ordubeteko atzerapenarekin heldu zieten.

Beto eskubidea kezka

Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten bost kide iraunkorren artean biren jarrera zen kezka handiena, ezen biek neurriaren kontra agertu izan ziren aurretik; Txina eta Errusia. Azken honek emendakin bat ezarri zion ebazpenari debekua soilik baldintza batekin ezartzea eskatuz; aurretik aldeei su-etenerako deia egitea. Gaddafik berak asmo hori erakutsi zuen diplomazialariek artean ebazpenaren edukia negoziatzen ari zirela. Defentsa Ministerioak iragarri zuen igandetik aurrera operazio militarrak etengo zituela eta armak entregatzen dituzten errebeldeei amnistia eskainiko zietela. Brasil, India eta Hegoafrika abstenituko zirela zabaldu zen. Alemania eta Turkia,berriz, oso eszeptiko agertu dira egunotan.

Segurtasun Kontseiluaren bozketa gerturatzen ari zela diktadoreak itsas eta aire erasoak egiteko mehatxua egin zion nazioarteari; «Mediterraneoan arrisku handiak begitandu daitezke eta ez soilik epe motzean, baizik eta epe luzean ere; zibilak eta militarrak izango dira kontraerasoaren jomuga».

NBEko Itunaren 51. artikuluak dio ezein estatuk ezin duela beste bati erasotu ez bada defentsa propioan, beraz, nazioarteko legedia urratzea zekarrela argudiatuta ebazpenaren aurrean kezka ugari agertu dituzte egunotan diplomazialariek. Arau hori urratuta ere zibilak babestearren aire eremua debekatzeko erabakiak hartu izan dira aurretik ere; Irak eta Bosniako gerretan premiazko neurri horren alde egin zuten hainbat herrialdek zibilak babesteko eraginkorra izan ez bazen ere. Horretaz gain, baina, neurria nork gauzatu beharko lukeen izan da egunotan eztabaidatu den auzietako bat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.